
Nafarroako kirol-klubak herritarrek elkartzeko zuten borondatetik sortu zirelako bereizten dira, eta horietako askok 75 urte baino gehiagoko historia dute. Haietako hainbatek AEDONA Nafarroako Kirol eta Aisialdi Entitateen Elkartea sortu zuten 2006an, elkarlanean ibiltzeko, kudeaketa hobetzeko, beren interesak ordezkatzeko eta Nafarroan kirola eta aisialdia sustatzeko.
Iruñekoa den eta 33 urte dituen Adriana Redín Notivoli erakundearen gerentea da 2023ko abendutik. Berak azaldu duen bezala, “elkartea kluben arteko lankidetza indartzeko sortu zen, kirola, kultura eta aisialdia sustatzeko ahaleginak koordinatzeko aukera emanez, baita erosketa zentralaren bidez oinarrizko ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko ere”. Gainera, “AEDONAk kluben interesak ordezkatzen eta defendatzen ditu erakunde publiko eta pribatuen aurrean, haien jasangarritasuna eta hazkundea ziurtatuz”.
Klub kopurua, denborarekin goraka
Honako bederatzi klubek sortu zuten AEDONA: A. D. San Juan, C. D. Amaya, Club Natación Pamplona, Institución Oberena, U. D. C. Rochapea KKE, S. D. C. Echavacoiz, U. D. C. Txantrea KKE, S. C. D. R. Anaitasuna eta Club Tenis Pamplona. Geroago, beste hiru klub gehitu ziren, ordezkaritza 12ra zabalduz: Club de Campo Señorío de Zuasti, S. D. R. Arenas (Tutera) eta C. D. Larraina. Gaur egun, AEDONAk 70.000 bazkide ditu, hau da, Iruñeko eta inguruko biztanleen %35. Tuteran, aldiz, biztanleriaren %13 biltzen du.
AEDONAren lehen helburua da “gizarte osoarentzat, eta bereziki erakundeko bazkideentzat, era guztietako kirol, kultura, gizarte, jolas eta aisialdi jarduerak sustatzea”. Horretarako, hitzaldiak, solasaldiak, ikastaroak eta zabalkunde eta prestakuntzarako edozein jarduera edo programa antolatzen dira, teknikariei, profesionalei, laguntzaileei, zuzendariei, bazkideei edo, oro har, jendeari zuzendutakoak.
Adriana Redín: “Elkartea kluben arteko lankidetza indartzeko sortu zen, kirola, kultura eta aisialdia sustatzeko ahaleginak koordinatzeko aukera emanez, baita erosketa zentralaren bidez oinarrizko ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko ere”
Era berean, “erakunde kideen helburu komunetan elkarri laguntzea eta elkarlanean aritzea" ere bilatzen dute, klub bakoitzaren "desberdintasunak eta barne-antolaketa errespetatuta". Bestalde, erosketa-zentralaren bidez koordinatzen da erakunde kideentzat interes partekatukoak diren zerbitzu eta ondasunen eskuraketa eta erosketa: "gasaren, elektrizitatearen, garbiketako produktuen eta produktu kimikoen kontratuen negoziazioak AEDONAtik egiten ditugun lizitazioak dira, eta, hain zuzen ere, kluben emaitza-kontuetan aurrezpen handia dakarte”.
Gainera, “AEDONAn integratutako kirol- eta jolas-erakundeen baterako eskubide eta interesen defentsan, herri-administrazioetako ordezkariekin harremana koordinatzen da”. Azkenik, “erakundeen eta beren kideen arteko harremanak sustatzea bilatzen da, baita erakundeak osatzen dituzten guztien kulturarekin, kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduera guztiak ere”.
Jasangarritasunean oinarritu den bilakaera
"Urteetan AEDONA funtsezko eragile bilakatu da Nafarroako kirol esparruan erabakiak hartzeko”, ziurtatu du Redínek. “Elkarteak eragin eta ordezkaritza handiagoa eduki du, bere kluben interesak defendatuta eta komunitatean kirola eta aisialdia bultzatuta”, gehitu du.
2021ean, AEDONAk azterketa sozioekonomiko bat enkargatu zuen, Nafarroako gizartean izan zuen eragina ebaluatzeko, eta hainbat ondorio atera zituen. "Ikerketa honi esker, klubek komunitatearen ongizatean eta garapenean duten garrantzia kuantifikatu ahal izan da", dio Redínek.
Alde batetik, AEDONAko klubek ekonomia zirkularreko eredu baten arabera funtzionatzen dute, eta irabazien %100 beren instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko berrinbertitzen dute. Gainera, kluben aurrekontu osoa 34 milioi euro ingurukoa da, eta batez ere honako hauek finantzatzen dute: bazkideen kuotak (%69,1), ordainpeko kirol- eta kultura-jarduerak (%19,1), beste sarrera batzuk (%10,6) eta diru-laguntzak (%1,2).
AEDONAko klubek ekonomia zirkularreko eredu baten arabera funtzionatzen dute, eta irabazien %100 beren instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko berrinbertitzen dute
Ondorioz, “eragin ekonomiko osoa Nafarroan 41.320.176,11 eurokoa da urtean". AEDONAk erkidegoan inbertitzen duen euro bakoitzeko, “1,26 euroko itzulkina sortzen du Nafarroarentzat, inbertsioaren itzulkin sozialaren azterketaren arabera (SROI). Eta AEDONAren barruan kirola egiteak urtean 1.300.000 euroko aurrezpen sanitarioa dakar Nafarroarentzat”, gehitu du gerenteak. Eta eragin ekonomikoaz gain, “AEDONA kluben jarduerak osasunari, enpleguari eta gizarte-kohesioari laguntzen dio Nafarroan”.
Azken urteotako erronkak
Redínek azaldu duen bezala, “errealitate bat dago Iruñeko sare sozialean: hiriko kirol eskaintza oso eskasa izango litzateke AEDONA klubik gabe”. Haien instalazioetan Nafarroako kirol-jarduera orokorraren "ehuneko handi bat" egiten da, eta, horren ondorioz, klubek "bazkide-kopuru egonkor bat mantendu dute" urte hauetan zehar, nahiz eta egia den erronka batzuei aurre egin behar dietela.
Erronka horietako nagusiena da Low Cost kirol ereduekiko lehia. Era berean, klub batzuek 100 urte bete dituzte jada, beraz, instalazioak modernizatzeko eta zerbitzuak digitalizatzeko beharra dago, horrek ekar ditzakeen inbertsioekin
Erronka horietako nagusiena da Low Cost kirol ereduekiko lehia. Era berean, klub batzuek 100 urte bete dituzte jada, beraz, instalazioak modernizatzeko eta zerbitzuak digitalizatzeko beharra dago, horrek ekar ditzakeen inbertsioekin. Horrez gain, haien klub eredua “familiarra" da. "Gaur egun populazioaren piramidea alderantzizkatu egin denez jaiotze tasa baxuaren ondorioz, gizarte zahartuago batekin geratzen ari gara eta familiak ez dira hain ugariak”.
Erakunde publikoekiko harremana
AEDONAk "lankidetza estua" du Nafarroako Gobernuarekin, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuarekin, eta elkarrekin lan egiten dute komunitateko kirol-ekosistema garatzeko eta indartzeko. Arestian aipatu bezala, "elkartea funtsezko eragile bilakatu da Nafarroako kirol esparruan erabakiak hartzeko, eta aktiboki parte hartu du eredu jasangarri eta inklusiboa sustatzen duten kirol politiken plangintzan eta diseinuan”.
Eginkizun hori “erakunde estrategikoetan duen presentzian islatzen da", hala nola Nafarroako Kirolaren Kontseiluan edo Nafarroako Kirol Mezenasgoaren Batzordean. Gainera, “duela gutxi Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Plan Estrategikoan (PEDFN) parte hartu du, eta bere ikuspegia eta esperientzia eskaini ditu Nafarroako gizartearen beharretara egokitutako kirol-eredu bat bermatzeko”.
Adriana Redín: "AEDONAk lan egiten du ziurtatzeko kluben eta bazkideen interesak kontuan hartzen direla Foru Komunitateko kirol-politikak planifikatzean eta garatzean”.
Erakunde publikoekiko harreman horri esker, "AEDONAk lan egiten du ziurtatzeko kluben eta bazkideen interesak kontuan hartzen direla Foru Komunitateko kirol-politikak planifikatzean eta garatzean”.
Izen-emateak eta klub-kultura, estuki lotuta
Redínen ustez, klub kulturak bizi-bizirik jarraitzen du Nafarroan. Kirol klub bati lotzea “fenomeno bakarra da komunitatean, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den pertenentzia zentzu indartsuarekin”.
Kirol arlotik, haien sekzioek goi mailako lehiaketetan parte hartzen dute, Iruñea ordezkatuz Espainian zein nazioartean. Horrek, hiriaren izena bere mugetatik haratago eramatea ez ezik, “gure hiriaren nortasunaren parte diren esfortzu, osasun eta komunitate balioak sustatzea ere ahalbidetzen digu”.
Adriana Redín: "Klubetan pertsonak elkarrekin konektatzen dira eta elkarrekin bizi dira, bakoitza bere nortasun eta esentziarekin, baina balio komunek elkartuta
“Ez gara kirol guneak bakarrik, kultur guneak ere bagara”, ziurtatu du gerenteak. Sanferminetan, esaterako, Anaitasuna eta Oberenako peñek aktiboki parte hartzen dute, kluben eta bertako kulturaren arteko lotura indartuz. Alegia, "klubetan pertsonak elkarrekin konektatzen dira eta elkarrekin bizi dira, bakoitza bere nortasun eta esentziarekin, baina balio komunek elkartuta".
Kirol eta gizarte-dimentsioen elkarbizitza
AEDONA klubek kirol jarduera eta bizitza soziala uztartzen dituzte. Kirola ardatz nagusi bada ere, “bazkide askok topaleku gisa baloratzen dituzte klubak, ekitaldiak, familia bazkariak eta jolas jarduerak eginez”.
Klubek adin guztientzako ekintzak antolatzen dituzte. Alde horretatik, familia eta haurrentzako jarduerak, ludotekak edo udalekuak uztartzea errazten dute. Adinekoei begira, zahartze osasuntsu baterako jarduera espezifikoak eskaintzeaz gain, topagune ere bihurtu dira, eta haietako asko elkartu egiten dira elkarrekin hitz egiteko, kartetan jolasteko eta ingurune hurbil eta familiar batean sozializatzeko.
Espezializazioa eta pertsonalizazioa, berrikuntza nagusiak
Gaur egun, “kirol-sektorea gero eta espezializazio-prozesu handiagoan dago, eta AEDONA klubek pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako kirol-aukera zabala eskaini nahi dute”. Helburua “ez da eskaintza dibertsifikatzea bakarrik; pertsonalizatzea ere bada, kolektibo askotarikoetarako jarduera espezifikoak eskainita”.
Horrek “adineko pertsonentzako programa espezializatuak barne hartzen ditu, baita emakumearen bizitzako etapa zehatzetara egokitutako proposamenak ere, hala nola haurdunaldira edo menopausiara”. Bazkide bakoitzak bere egoera eta beharren araberako kirol eskaintza bat aurkitzea da asmoa, "ikuspegi indibidualizatuagoa eta eskuragarriagoa bermatuta".
Amaia Redín: “Helburua ez da eskaintza dibertsifikatzea bakarrik; pertsonalizatzea ere bada, kolektibo askotarikoetarako jarduera espezifikoak eskainita”
Gainera, “erantzukizun sozialaren esparruan, klubak gero eta inklusiboagoak eta herritar guztientzat eskuragarriagoak izan daitezen lanean ari gara”. Hori guztia ingurumenarekiko konpromisoa ahaztu gabe, klub guztientzako sentsibilizazio-kanpaina bateratuak bultzatuz.