Nair Center, Nafarroak izango duen adimen artifizialerako ikerketa zentro berria

Adimen artifizialaren oinarrizko ikerketan eta ikerketa aplikatuan oinarrituta egongo da eta enpresen beharren araberako hiru lan lerro nagusi izango ditu: neurozientzia konputazionala, adimen artifizial disruptiboa eta ikerketa basiko aplikatua

Nair Centerren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Nafarroako Gobernua Nair Centerren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroak erreferentziazko lurraldea izan nahi du adimen artifizialari dagokionean. Hala, adimen artifizialeko ikerketa zentro bat izango du, Nair Center izenekoa, zortzi urteko epean arlo horretako Europako erreferentzia zentroen artean kokatzea asmo duena.

Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa digitaleko kontseilariak zentro berri hau Nafarroako Gobernuak adimen artifizialaren alde egindako apustuaren parte dela azpimarratu du. Helburua algoritmoak ikertzea eta adimen artifizialean oinarritutako soluzio teknologikoak eskaintzea dela adierazi du, maila lokalean zein globalean. Era berean, kontseilariak proiektu hori behar bezala garatzeko lankidetza publiko-pribatua balioetsi du, baita arlo horretan talentua erakartzeko beharra ere, Nafarroa adimen artifizialaren arloko kalitatezko zentro gisa sendotzeko.

Bestalde, Nair zentroko arduradunak, Gorka Garciak, zentroak Nafarroako entitate eta enpresetako ezagutza arloak osatu eta indartuko dituela jakinarazi du. “Zenbait erakunderekin lankidetza hitzarmenak egiten ari gara, eta hainbat proiektu deialditan ere bazkide gisa parte hartzen ari gara”, azaldu du.

Ikerketa ildo nagusiak

Nafarroako adimen artifizialeko ikerketa zentroak (Nair Center) arlo espezifikoak ikertuko ditu, nazioartean izen handia duten nahiz gazteagoak diren ikertzaileek osatutako taldeen bidez. Ildo horretan, Humberto Bustince zentroko zuzendari zientifikoak hiru ikerketa arlo handi nabarmendu ditu, eta arlo horietan lanean dihardu.

Lehenengo lerroa neurozientzia konputazionalera bideratzen da. Helburua, adimen artifiziala erabiltzeko gai diren prozesuak garatzea da, nerbio sistemaren garapena, egitura, fisiologia eta trebetasun kognitiboak arautzen dituzten printzipioak ulertzeko. Ezagutza horien bidez, teknika eta prozedura artifizialak aplikatu nahi dira.

Bigarren ikerketa arloak adimen artifizial disruptiboa du ardatz. Bere helburua, paradigma zientifiko eta ekonomikoen aldaketak eragiteko potentzial handia duten arazo espezifikoei aurre egitea da. Adibidez, nutriziorako edo erradioterapia egokitzailerako proteina pertsonalizatuen diseinua lantzen da.

Azkenik, hirugarren ildoa aplikatutako oinarrizko ikerketari dagokio. Adimen artifizialeko teknika eta metodologian esku hartzen duten prozesuetan informazioaren fusioa hobetzeko eta eraginkorrago egiteko metodo berriak garatzea du helburu. Gainera, arlo honek makinei modu autonomoan ikasteko aukera ematen dieten teknikak ere aztertzen ditu, bai eta eskuragarri dauden informaziotik eta datuetatik abiatuta hainbat arazotarako konponbideak garatzekoa ere, ikaskuntza sakoneko teknikak erabiliz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK