CIC Nanogunek dorre kuantiko berria inauguratu zuen atzo Donostian. Hardware kuantikoko laborategi berri bat izango da bertan, zeinak silizioan oinarritutako txip kuantikoak garatzeko azpiegitura berezia izango duen. Quantum Motion Britainia Handiko konpainiarekin lankidetzan eratu dute espazioa. Halaber, enpresa horrek Donostian sortu duen filialaren egoitza ere bertan izango da.
Atzoko irekiera ekitaldian izan ziren Imanol Pradales lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jon Insausti Donostiako alkatea eta Jose M. Pitarke Nanoguneko zuzendaria, besteak beste.
Dorreak 1.500 metro koadro ditu guztira, eta zazpi solairutan banatuta dago. Hardware kuantikoa erdieroaleekin egiteko teknologia garatuko dute bertan. Instalazio berrietako elementuen artean, bi diluzio-hozkailu izango dira, eta 10 milikelvin inguruko tenperatura izan ahalko du. “Hozkailu horiei esker, ordenagailu kuantikoak garatuko ditugu, zeinek erdieroaleen teknologia industrialarekin fabrikatutako gure txipak erabiliko baitituzte. Zehazki, silizioan oinarritutako prozesadore kuantikoak garatuko ditugu, teknologia horrek aukera ematen baitu teknologia eskala handian integratzeko, eta, hala, gizartean eragin positiboa izango duten algoritmo kuantikoak gauzatzeko behar den kalkulu-potentzia lortzeko”, azaldu zuen Fernando González-Zalba Ikerbasque ikertzaileak.
James Palles‑Dimmock Quantum Motioneko zuzendari nagusia ere izan zen atzoko ekitaldian. Bere hitzetan, “Europan hedatu izanak erakusten du konpromiso irmoa dugula lankidetza eta aliantza globalekin”.
Era berean, Pradalesek adierazi zuenez, dorre Kuantiko berriari esker, teknologia kuantikoen garapeneko nodo garrantzitsu gisa finkatuko da EAE. “nanoGUNEk nanozientzian duen posizionamenduak aukera ematen digu aurrerapauso erraldoi bat emateko ‘Made in Euskadi’ teknologia duten konputagailu kuantikoen garapenean. Etorkizunerako zubia da”.