NaviLens, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat diseinatutako QR kodeak

Geroz eta NaviLens kode gehiago ezartzen ari dira gure ingurunean. Irisgarritasun tresna iraultzailea da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

QR kodeak irudi batean informazioa gordetzeko modu bat dira, eta gailu elektroniko batek irakur dezake, telefono mugikor batek, esaterako. Pandemiaren urteetan, kode horiek oso ezagunak egin ziren ingurune guztietan. Hala ere, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat, kode horiek oztopo dira, ezin baitituzte behar bezala enfokatu, ez eta non dauden jakin ere. Horregatik, Murtziako Neosistec izeneko enpresa batek alternatiba bat garatu du: Navilens kodeak.

Navilens kodeak kolore-kodeak dira, eta ikusmen artifizialeko eta errealitate areagotuko sisteman oinarritzen dira. Hiru kolorez osatuta daude: horia, urdina eta magenta. Hainbat patroietan konbinatzen dira mugikorren kameren bidez eskaneatzeko erraza den kode bakar bat sortzeko. Kode horiek hainbat abantaila dituzte ohiko QR kodeen aldean. Navilens kodeen ezaugarri nabarmenetako bat irakurtzeko erraztasuna da; izan ere, mugikorrak 15 metroko distantziara antzeman ditzake, 160 graduko ikusmen-angeluarekin, eta, horri esker, erabiltzaileak ez du kodea bilatu behar edo harengana gehiegi hurbildu behar.

Navilens kodeak kolore-kodeak dira, eta ikusmen artifizialeko eta errealitate areagotuko sisteman oinarritzen dira

Gainera, kode horiek informazio ugari gorde dezakete; bakoitzak 32 biteko identifikatzaile bakarra du, hodeiko datu-base bati lotzen zaiona, eta bertan gordetzen da erabiltzaileari jakinarazi nahi zaion edukia. Azkenik, Navilens kodeak erabiltzailearen lehentasunen eta beharren arabera pertsonalizatu daitezke, irakurtzen dituen aplikazioak hizkuntza, letraren tamaina, kontrastea, soinua edo bibrazioa doitzeko aukera ematen baitu, esperientzia erosoagoa eta eskuragarriagoa eskaintzeko.

Kasu praktikoak

Navilens kodeak gizarteratzeko eta irisgarritasunerako tresna bihurtu dira ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat, informazioa eta inguruko zerbitzuak eskuratzeko aukera ematen baitiete. Adibidez, kode horiek kontsumo-produktu batzuetan instalatu dira, hala nola, Kellogg's, Ariel, Pantene edo Coca-Colaren produktuetan, erabiltzaileak haien ezaugarriak, jarraibideak edo iraungitze-data ezagutu ahal izan ditzan.

Azken hilabeteetan, askok horrelako kode bat ikusiko zuten espazio publikoetan. Garraio publikoan ere ezarri dira, hala nola, Gasteizko eta Bilboko tranbian, MetroBilbaon edo Euskal Trenbide Sarean (ETS), erabiltzaileak ordutegia, ibilbidea, helmuga edo bagoi kopurua jakin ahal izan dezan. Gero eta erakunde, museo, ospitale eta establezimendu gehiago ari dira teknologia hori erabiltzen, gure iOS edo Android gailuan aplikazioa deskargatzeko.

Kode horiek kontsumo-produktu batzuetan instalatu dira, hala nola, Kellogg's, Ariel, Pantene edo Coca-Colaren produktuetan, erabiltzaileak haien ezaugarriak, jarraibideak edo iraungitze-data ezagutu ahal izan ditzan

Navilens kodeek erakusten dute teknologiak nola hobetu dezakeen desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea, autonomia, segurtasun eta konfiantza gehiago eskainiz. Ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat bereziki diseinatutako kode horiek sartzeak errealitate areagotua berehala iristea ahalbidetzen du, pertsona askorentzat irisgarritasun-aurrerapena ekarriz. Gainera, aukera bat dira enpresek, erakundeek eta gizarteak, oro har, irisgarritasunarekin eta guztiontzako aukera-berdintasunarekin konpromisoa har dezaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK