• BERRIKUNTZA
  • Nazioarteko ikertzaileak erakarri nahi ditu CIC biomaGUNEk gaitzak tratatzeko soluzioak garatzeko

Nazioarteko ikertzaileak erakarri nahi ditu CIC biomaGUNEk gaitzak tratatzeko soluzioak garatzeko

Doktoretza ondoko 12 ikertzaileri zuzendutako programa martxan jarri du horretarako

Doktoretza osteko programak 24 hilabeteko iraupena izango du | Argazkia: CIC biomaGUNE
Doktoretza osteko programak 24 hilabeteko iraupena izango du | Argazkia: CIC biomaGUNE
2025eko azaroaren 18a - 12:38

Gaixotasunen diagnostiko eta tratamendu aurreratuan soluzioak garatzen jarraitu nahi du CICbiomaGUNEk, baina horretarako ezinbestekoa du talentua Gauzak hala, esparru horretan ikertzen arituko diren nazioarteko  12 ikertzaile erakartzeko doktoretza osteko programa "anbiziotsua" abiarazi du, Breath izenekoa. Europako funtsekin —Horizon 2020— kofinantzatua izan da programa, eta 24 hilabeteko iraupena izango du.

 

Besteak beste, helburua da lotura estutzea biomaterialen arloko abangoardiako ikerketaren eta soluzio biosanitario aurreratuen artean. Gauzak hala, ikertzaileek aukera izango dute norbere aurrerapenak sektore biosanitarioaren berrikuntzan aplikatzeko, minbiziaren, gaixotasun kardiobaskularren, neurodegeneratiboen eta abarren detekzioan zein tratamenduan garapenak egiteko. 

Lehenbiziko deialdia dagoeneko martxan da, eta hiru hilabeteko epean aurkeztu ahalko dira proposamen zientifikoak. Bigarren deialdia, berriz, 2026ko azaroan egingo dute. Baten zein bestean aurkezten diren proposamenek lotura izan beharko dute CIC biomaGUNEren estrategia zientifikoarekin. Deialdi horretan parte hartzen duten sei ikertzaile hautatuko dira. 

 

Breath programa nazioartean aintzatetsitako 12 ikerketa-erakundek osatutako partzuergoak jarri du martxan, eta hura osatzen dute bioteknologia-, osasun- eta
farmazia-sektoreetako 13 enpresek —horietatik 11 Euskal Autonomia Erkidegoan daude— eta osasun-ikerketako 4 erakundek (Bioaraba, Biogipuzkoa, Biobizkaia eta Nafarroako Unibertsitate Klinika).