ni.eus zerbitzu digitalak, .eus domeinua duten posta kontuak herritarrei eskaintzeko sortu zenak, etapa berri bati ekingo dio. Gaurtik aurrera, berrikuntza sakon bati helduko dio, bere tresnak zabalduz eta euskararekin, pribatutasunarekin eta software librearekin duen konpromisoa indartuz. PuntuEUS fundazioak bultzatuta eta Iametzarekin lankidetzan garatuta, proiektua plataforma teknologiko handien aurrean tokiko alternatiba gisa sendotzea da helburua.
ni.eusen jatorria 2014an dago, .eus domeinua merkaturatu zen garaian. Une hartan, enpresa eta erakundeak luzapen hori beren webguneetarako erabiltzen hasi ziren, baina laster sortu zen herritarren artean eskaera bat: posta elektronikoko kontu pertsonaletan ere .eus erabili ahal izatea. Eskaera horri erantzuteko jaio zen ni.eus 2020ko maiatzean, pandemia betean, konfinamendua arintzen hastearekin batera. Une horretan, tresna digitalen erabilera izugarri handitu zen, eta zerbitzuak harrera ona izan zuen hasieratik. Bi urte eskasean 7.000 erabiltzaile inguru biltzea lortu zuen.
Proiektua bi zutabe argiren gainean eraiki da: software librea eta erabiltzaileen datuen babesa
Ezaugarri nagusietako bat zerbitzu osoa euskara hutsean izatea da. Nazioarteko beste plataforma batzuek hizkuntza horretako bertsioak eskaini izan badituzte ere, haien jarraipena ez dago beti bermatuta. "Zerbitzua beti euskaraz egongo dela bermatzen du ni.eusek", azpimarratu dute arduradunek. Izan ere, plataforma handi askok ez dute euskarririk eskaintzen euskaraz, ez baitute lehentasunezkotzat jotzen.
Proiektua bi zutabe argiren gainean eraiki da: software librea eta erabiltzaileen datuen babesa. Printzipio horiek tokiko sektore teknologikoan izandako aldaketen testuinguruan indartu ziren. Pandemia garaian, Euskal Herriko hosting hornitzaile nagusietako bi —Guebs eta Hostinet— Herbehereetako TWS multinazionalak erosi zituen. Egoera horren aurrean, ni.eusek bere zerbitzuari eustea lortu zuen eta aliantza bat ezarri zuen Iametzarekin, garapena bultzatzeko.
Plataforma digital osoagoa
ni.eusen bertsio berria jauzi garrantzitsua da jatorrizko zerbitzuarekin alderatuta. Orain arte posta elektronikoa, egutegia eta kontaktuen agenda eskaintzen zituen. Eguneratzearekin batera, hodeian lan egiteko gaur egungo modura egokitzeko tresna berriak sartuko dira. Berrikuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: fitxategiak kudeatzeko sistema bat (dokumentuak gorde, editatu eta partekatzeko), online ofimatika-tresnak, formularioak sortzeko aukera, abisuak jaso ahal izatea eta lehen aldiz, zuzeneko komunikazio-funtzioak, hala nola, txata eta bideo-dei pribatuak.
Funtzionalitate berri horien helburua da erakunde txikien, elkarteen edo kolektiboen erabilera esperientzia erraztea, tresna digital kolaboratiboak behar badituzte ere pribatutasunari uko egin gabe. "Gaur egun erabiltzen ditugun plataforma gehienak konpainia erraldoiek sortzen dituzte, atzean sekulako lantaldeak dituztelarik. Horri aurre egitea da erronkarik handiena", azaldu du Asier Etxeberria Iametzako kideak. Hala ere, proiektuak abantaila bat duela nabarmendu du: "Software librearekin lan egiten dugu, eta horrek komunitate oso handia du atzean".
Sistema berriaren garapenak erronka tekniko eta ekonomikoei ere aurre egin behar izan die. Lorea Arakistain PuntuEUSeko komunikazio arduradunak azaldu bezala, merkatuaren tamaina mugatua da: "Komunitate txikia gara, erabiltzaile potentzialak zehatzak dira eta zerbitzariak ez dira merkeak. Adimen artifizialaren gorakadarekin, kostu horiek handitzen ari dira".
Asier Etxebarria (Iametza): "Gaur egun erabiltzen ditugun plataforma gehienak konpainia erraldoiek sortzen dituzte, atzean sekulako lantaldeak dituztelarik. Horri aurre egitea da erronkarik handiena"
Zerbitzuaren datuak Europar Batasuneko zerbitzarietan egongo dira, datuak babesteko Europako araudiari jarraiki. Epe luzerako helburua zerbitzariak Euskal Herrian izatea bada ere, arduradunek aitortu dute oraindik ez dela posible. Nolanahi ere, uste dute aurrerapen handia dela, AEBetan informazioa biltzen duten beste zerbitzu batzuen aldean.
Berritzeak kontu mota desberdinak ere ekarriko ditu. Doako bertsio bat egongo da, sarbidea demokratizatzeko. Horri plan aurreratuago bat gehituko zaio, funtzio gehigarriekin eta domeinu propioa erabiltzeko aukerarekin. Hirugarren modalitatea taldeei zuzendutakoa izango da (erakunde txiki, familia edo erabiltzaile-taldeentzat), txata eta bideo-deiak barne hartuko dituena. Aukera horiek prezio lehiakorretan eskaini ahal izateko, proiektuak Azkue Fundazioaren laguntza izan du. "Guretzat garrantzitsua zen lehiakorrak izatea, eta, horretarako, zerbitzu batzuk kostuaren azpitik merkaturatu behar izan ditugu", azaldu du Arakistainek.
ni.eus berriak edozein gailutara egokitu daitekeen webgune baten bidez funtzionatuko du, beraz, ez du aplikazio mugikor propiorik izango. Erabiltzaileak telefonoaren nabigatzailetik sartu ahal izango dira, edo beren kontua ohiko edozein posta-kudeatzailetan integratu.
Bertsio berria gaur, martxoaren 9an, abiarazi da, trantsizio-prozesuari hasiera emanez. Horri esker, erabiltzaileek beta fasean probatu ahal izango dute plataforma, behin betiko hedatu aurretik. Dena aurreikusitakoaren arabera badoa, zerbitzua bihar izango da erabat erabilgarri.
Berrikuntza honekin ni.eus alternatiba digital propio gisa sendotu nahi da, komunitate euskaldunarentzat pentsatua eta pribatutasuna, software librea eta euskara bezalako balioetan oinarritua. "Jendea ni.eus probatzera animatzen dugu", ondorioztatu du Etxeberriak. "Egungo tresna hegemonikoen alternatiba da: euskalduna, askea eta publizitaterik gabea".