Nintendo Switch 2k bideokontsolarik salduena izatea lortu du lehen hilabeteetan. Ekainaren 5ean merkaturatu zenetik 2025eko irailaren 30era arte, konpainia japoniarrak 10,36 milioi unitate baino gehiago saldu ditu mundu osoan. Zifra horrek, aldi berean Nintendo Switch 1en salmentak bikoizteaz gain, nabarmen gainditu du PlayStation 5aren debuta ere, bere garaian 4,5 milioi unitate inguru saldu baitzituen, txipen krisi globalaren erdian.
Switch 2ren arrakasta ez da hardwareagatik soilik izan, hasieratik muskulua erakusten duen katalogo batek ere lagundu du. Kontsolarako 20 milioi joko baino gehiago saldu dira, eta horrek erakusten du erabiltzaileek batez beste gutxienez bi titulu dituztela. Lehen Switcharekiko bateragarritasun osoa izatea trantsizio horren zutabeetako bat izan da: lehendik katalogo handia zutenek erakargarri ikusi dute beren sistema eguneratzea, bilduma galdu gabe.
Izan ere, kalkulatzen da Switch 2aren erosleen %84 baino gehiago lehen kontsolaren erabiltzaileak zirela. Horietako askok urteak zeramatzaten potentzia handiagoko eredu baten zain, egungo bideojokoen belaunalditik gertuago dauden esperientzietara iristeko aukera emango zuena. Promesa bete egin du Nintendok Mario Kart World edo Donkey Kong Bananza bezalako tituluen etorrerarekin eta Metroid Prime 4ren berehalako merkaturatzearekin. Hirugarrenen apustua ere garrantzitsua izan da: Cyberpunk 2077, Hogwarts Legacy, Star Wars saga-jokoak eta Resident Evil sagaren entregak, besteak beste.
Kalkulatzen da Switch 2aren erosleen %84 baino gehiago lehen kontsolaren erabiltzaileak zirela
2020an PlayStation 5ekin gertatu ez bezala, Nintendok stocka aurreikusteko estrategia sendoago batekin egin dio aurre merkaturatzeari. Konpainiak ziurtatu zuen behar adina unitate izango zituela hasierako eskaria hornitzeko, lehiakideei kalte egin zieten produktu eskasia etsigarriak saihestuta. Zifra horien eraginaren ondorioz, Nintendok gorantz berrikusi ditu bere aurreikuspenak. Konpainiak orain 19 milioi Switch 2 saltzea espero du bere lehen zerga ekitaldian, hasieran zenbatetsitako 15 milioien aldean. Gabonetako kanpaina bereziki erabakigarria izango da.
Hasierako arrakasta zalantzaz betea
Harrera bikaina izan arren, ez dirudi hazkundea mugagabea izango denik. Kontsolaren prezioa jatorrizko ereduarena baino altuagoa da, eta horrek publiko gazteagoen edo familien artean duen hedapena muga dezake. Gainera, interes gehien duten erabiltzaile askok jauzia eman dute jada lehen hilabete hauetan, eta horrek desazelerazioa ekar lezake Gabonen ondoren. Switch 2k, gehienez, bere aurrekoak Gabonetako kanpainetan lortzen zituen salmenta antzekoak izango ditu. Prezio altua duenez, baliteke Gabonetako opari gisa erakargarria ez izatea edo publiko orokorrak ere ez ikustea funtsezko alderik lehen Switcharen eta Switch 2ren arteanm eta horren ondorioz jatorrizkoaren aldeko apustua egiten jarraitzea, eta ez berriaren aldekoa. Egoera honetan, oso garrantzitsua da Nintendok marketina behar bezala kudeatzen jakitea eta ez gertatzea Wii arrakastatsutik Wii U sistemara jauzi egitean gertatutakoa, non publiko orokorrak ez zituen ezberdintasunak ulertu.
Haren aurrekoak aparteko bultzada izan zuen 2020ko pandemian, aisialdi digitala babesleku global bihurtu zenean. Nekez errepikatuko da egoera hori. Aldi berean, gaur egun lehia oldarkorragoa da: Xboxek eredu hibridoekiko interesa erakutsi du, eta PlayStation Portal modu independentean erabiltzeko askatasun berria alternatiba gisa azaleratu da hodeian jokoak baititu. Orain arte, hirugarrenek sortutako Switchen antzeko kontsolek ez dute eragin handirik izan, baina Sony eta Microsoft bezalako erraldoien sarrera zuzenak panorama alda dezake.
Xboxek eredu hibridoekiko interesa erakutsi du, eta PlayStation Portal modu independentean erabiltzeko askatasun berria ere alternatiba gisa azaleratu da hodeian jokoak baititu
Azken urteotan, bere merkatua inoiz baino gehiago dibertsifikatzen ari da Nintendo, bere pertsonaien eta unibertsoen parke tematikoen industrian barneratuta, edo Mario Bros edo helduko diren Super Mario Galaxy edo Zelda bezalako filmak ekoitzita.
Nintendoren balio diferentzialak bere katalogo esklusiboa izaten jarraitzen du: Mario, Zelda, Donkey Kong, Mario Kart... eta oraindik merkatua gehien mugi dezaketen bi titulu falta dira, hurrengo 3D Mario eta Zelda. Konpainia japoniarrak bere karta nagusiak gorde egin ditu. Orain galdera da Switch 2 gai izango ote den hasierako salmenta erritmoari eusteko, 2020koa bezalako aparteko testuingururik gabe, eta lehia gero eta handiago baten erdian. Konpainiak bere historian bizi izan dituen beste egoera batzuen antzera, denborak esango du beste arrakasta handi baten sendotzearen edo beheranzko kurba baten aurrean gauden, .