NovaGob kongresua Donostian egingo da aurten

Urriaren 29 eta 30ean egingo da berrikuntza publikoa ardatz duen topaketa, Donostiako Kursaal jauregian

Argazkia: Donostia Sustapena
Argazkia: Donostia Sustapena
2026eko martxoaren 6a - 13:00

NovaGob 2026 Berrikuntza Publikoaren Kongresua Donostian egingo da urriaren 29 eta 30ean. Espainiako kongresu honek Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian egin ditu azken edizioak eta aurtengoa Gipuzkoako hiriburuko Kursaal Jauregian egingo du.

 

Bertan, Espainia osoko sektore publikoko mila profesional baino gehiago elkartuko dira, eta Donostia Sustapena sozietate publikoa azaldu duenez, “aliantzak sendotzeko, lankidetzarako aukera berriak erakartzeko eta herritarrentzako zerbitzu publiko hobeak ekarriko dituzten proiektuei ateak irekitzeko” aukera izango da.

NovaGob Fundazioak (Iberoamerikako irabazi asmorik gabeko erakundea) antolatzen du kongresua eta Donostiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du.

 

Aurreko edizioetan, administrazio publikoak bere kudeaketa nola eraldatu, hobetu eta optimizatu dezakeen eztabaidatu da, AA bezalako tresna teknologikoak arduraz erabiliz. Besteak beste, zibersegurtasuna edo udaltzaingoen kudeaketa operatiborako irtenbide teknologikoak dira aurreko edizioetan landu diren gaietako batzuk.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak azpimarratu duenez, kongresu hau antolatzea “aukera estrategikoa” da Donostiarentzat. “Administrazioa eraldatzeko egiten ari garen lana ikusarazteko aukera ematen digu, lankidetza eta talentua oinarri hartuta, eta hiria Estatu mailako berrikuntza publikoaren erreferente bihurtuko du. Garrantzitsuena da apustu honek helburu argia duela: herritarren benetako beharrei erantzun hobeak ematea”, adierazi du.

Irune Berasaluze aldundiko bozeramaileak, halaber, azpimarratu du kongresua Espainiako estatuko  profesionalekin esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera izango da. Nabarmendu duenez, "NovaGob Estatuko erreferente nagusia da berrikuntza publikoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere erreferentziazko erakunde bihurtu da azken hamarkadan administrazio publikoaren modernizazioarekin izan duen konpromiso iraunkorrari esker".