Nuenti, Tuenti berria?

Tuenti sare sozialaren ustezko oinordekoak ikusmina sortu du, baita haren benetakotasunari buruzko zalantzak ere

Nuenti sare sozial berriaren irudia | Argazkia: Nuenti
Nuenti sare sozial berriaren irudia | Argazkia: Nuenti
alejandro juez
Kazetaria, teknologian aditua
2025eko urriaren 1a - 05:30

Joan den astean Nuentiren iragarpena birala egin zen. Izan ere, Tuentiren, Hego Euskal Herrian gazte belaunaldi oso bat markatu zuen plataformaren oinordekoa dela diote askok. Sare sozial berriak bere proposamena nostalgian eta Meta edo X plataformen aurrean espazio pribatu eta segurua eskaintzeko promesan oinarritu du. Hala ere, zalantza asko haizatu ditu, proiektu erreala da ala engainu hutsa?

 

Albistea oso azkar zabaldu zen: Tuenti bueltan zetorren, baina izen berri batekin, Nuenti. 2000ko lehen hamarkadan Espainiako Estatuko milioika gazteen topaleku digital bihurtu zen plataformaren nolabaiteko birjaiotzea iradokitzen zuen albisteak, eta gonbidapenak eta mezuak partekatu ziren. Nuenti sare sozial pribatu gisa azaldu da, gonbidapen bidez sarbidea duena.

Sortzaileen arabera, sare sozialen merkatuan lehiatzea da helburua, alternatiba "segurua, hurbila eta espainiarra" eskainiz, Instagram, Facebook, TikTok edo X plataformen nagusitasunari erantzuteko asmoz. Joan den astetik, gonbidapena lortzen duten erabiltzaileek baino ezin dute izena eman, eta horrek areagotu egin du proiektuaren inguruko ikusmina.

 

Nostalgiaren eta susmoaren artean

Nuentik memoria kolektiboa aldarrikatzen duen proposamen gisa aurkeztu du bere burua merkatuan. Bere diskurtsoan, nostalgia osagai nagusia da, askok Tuenti nerabezaroko sare sozial gisa gogoratzen baitute, mundu digitalerako lehen leihoa izan zelarik Facebook eta Instagramen garaia iritsi aurretik. Hala ere, informazio argirik ezak, hainbat susmo piztu ditu.

Nuentik memoria kolektiboa aldarrikatzen duen proposamen gisa aurkeztu du bere burua merkatuan

Internauta batzuek ohartarazi dute iruzurra izan daitekeela Nuenti. Proiektuaren arduradunen atzean enpresari buruzko xehetasunik ez egoteak, alarmak piztu ditu. Teknologian espezializatutako komunikabideek, SoftZonek esaterako, Nuentiren garatzaileekin harremanetan jarri direla adierazi dute, eta horrek nolabaiteko sinesgarritasuna emango lioke. Dena den, orain arte ezin da ehuneko ehunean baieztatu sare soziala existitzen denik, eta, beraz, gomendagarria da kontu handiz ibiltzea eta datu pertsonalak baimenik gabe ez partekatzea.

Zer izan zen Tuenti?

Nuentiren inguruko ikusmina ulertzeko, komeni da gogoratzea Tuentik bere garaian zer suposatu zuen. 2006ko apirilean Madrilen sortu zen, Facebookek AEBetan izandako arrakasta errepikatzeko asmoz. Bere apustua gonbidapen bidezko sistema itxi batean oinarritzen zen, komunitate pribatuago eta hurbilago bat sortzeko pentsatua. Ezaugarri horrek, estetika sinplearekin eta funtzio sozial oso zuzenekin batera, fenomeno bihurtu zuen Espainiako nerabeen artean.

2010ean, Tuentik hilean zortzi milioi erabiltzaile aktibo baino gehiago lortu zituen, eta hamabost milioi erabiltzaile zituen izena emanda. Espainian sare sozial arrakastatsuena zen. Plataforma, gainera, hainbat hizkuntzetan eskuragarri egoteagatik nabarmendu zen. Gaztelaniaz gain, euskaraz, katalanez edota galegoz erabili zitekeen.

Urte horretan bertan, Telefónicak Tuenti erosi zuen 70 milioi euroren truke, eta Twitter, Facebook edota Instagramen agerpenak bere gainbehera bizkortu zuen. Orduan, konpainiak marka operadore mugikor birtual bihurtzea erabaki zuen, lehenik Espainiako Estatuan eta, ondoren, Latinoamerikan. 2022an, merkatuan protagonismoa erabat galduta, Tuenti behin betiko desagertu zen.

2010ean, Tuentik hilean zortzi milioi erabiltzaile aktibo baino gehiago lortu zituen, eta hamabost milioi erabiltzaile zituen izena emanda

Nuentiren iragarkiak, zalantzarik gabe, Tuentirekin hazi zirenen karga emozionalarekin jolasten du. Baina errealitatea da, orain arte, proiektua itzalez inguratuta dagoela: gardentasun falta, sarbide mugatua eta nostalgian oinarritutako diskurtsoa, berrikuntza zehatzetan baino gehiago.

Nuenti benetan Tuentiren oinordekoa edo anekdotan geratuko den kanpaina biral bat besterik ez den, oraindik ikusteko dago. Argi dagoena da Tuentiren oroitzapenak bizirik dirauela jaio eta ia hogei urtera.