OISE, Enpresen Berrikuntza eta Jasangarritasun Behatokia martxan da. EAE, Nafarroa eta Akitania Berriak elkarlanean sustatutako egitasmoa da, zeinak helburu duen “ezagutza eta lurralde inteligentziaren azpiegitura” partekatzea, “enpresa lehiakortasuna indartzeko eta Euroeskualdeko erakundeen, enpresen eta herritarren erabakiak hobeto hartzeko”.
Egitasmoak hiru lurraldeetako erakunde publikoak, unibertsitateak eta estatistika erakundeak biltzen ditu, eta “gaitasun espezifikoak” eskainiko ditu bultzada instituzionalean, tratamendu estatistikoan, ikerketa aplikatuan, berrikuntzan, ezagutzaren transferentzian eta enpresa sarearekiko loturan.
Donostian egin dute gaur behatokiaren aurkezpena, eta Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du ekonomiaren, teknologiaren eta gizartearen eraldaketek “gure enpresen errealitatea hobeto ezagutzera” behartzen dutela, “gure ekonomia eraldatzen ari diren aldaketei aurrea hartzeko eta, horrela, erabakirik onenak hartzeko eta etorkizun komuna eraikitzeko”.
“Tresna horrek informazio homogeneoa, konparagarria eta erabilgarria izatea ahalbidetuko du, joerak aurreikusteko, aukerak identifikatzeko eta politika publikoak nahiz enpresa erabakiak hobeto bideratzeko”, argitu du Torresek.
Javier Remirez Nafarroako presidenteorde eta Presidentzia eta Berdintasun kontseilariak, bestalde, defendatu du “Europa ere lurraldeetatik eraikitzen” dela, eta aldarrikatu du mugaz gaindiko lankidetza “erabilgarria, egonkorra eta emaitzetara bideratua” izan behar dela.
Era berean, Frédéric Marias Paueko Unibertsitateko ordezkariak zera adierazi du: “OISEk muga berrikuntzarako eta ezagutza partekatua sortzeko gune bihurtzea ahalbidetuko du”. Azaldu duenez, behatokiak adierazle eta tresna komunak sortzea bultzatuko du, EAEko, Nafarroako eta Akitania Berriko enpresen errealitatearen ikuspegi “zehatzagoa eta konparagarriagoa” emateko.
Behatoki berriak aukera emango du berrikuntzari, iraunkortasunari eta enpresa portaerari buruzko informazio homogeneoa eta konparagarria integratzeko, aztertzeko eta zabaltzeko. Adierazle komunak, analisiak, buletinak, txostenak, bistaratzeak eta enpresa heldutasunaren indize bat garatuko du proiektuak, datuak erakundeentzat eta enpresentzat ezagutza erabilgarri bihurtzeko asmoz.
Hein horretan, Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano eta Mondragoneko Ikerketa Kudeaketako zuzendariaren esanetan, behatoki hori "adibide ona" da unibertsitatea, erakundeak eta lurraldea nola lotu jakiteko, ezagutza erabilgarria sortzeko eta enpresei zein politika publikoei transferitzeko, "eraldaketa ekonomiko lehiakorragoa, berritzaileagoa eta iraunkorragoa lortzen lagunduz”.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta