Online azokara erostera

Marketplacek aukera eskaini dakieke tokiko ekoizleei bestelako produktuak ezagutzera eman eta bezero gehiagorengana iristeko. Hori da, besteak beste, Eroski Azokaren helburuetako bat

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Marketplace edo online merkatu delakoen arrakasta ukaezina da. Etxetresna, gailu elektronikoak eta informatikoak, arropa eta zapatak erosteko erabili ohi dira batik bat halako plataformak. Elikadura sektoreak oraindik beste sektoreen oso azpitik jarraitzen du online salmentei dagokienez, baina pixkanaka-pixkanaka bere tokia topatzeko bidean da: online merkatuan saltzen den %2 inguru dira elikagaiak.

Euren produktuei bide bat emateko aukera topatu dute sarean Delikatetxek eta Vascolacek. Lehenengoa, ekonomia zirkularreko kooperatiba da. "Oilo erruleak jasotzen ditugu haien zikloa amaitzen dutenean, eta hainbat produktu egiteko aprobetxatzen dituzte, tartean salda, hanburgesak eta albondigak", dio Edurne Garcia Delikatetxeko arduradunak. Vascolacek, berriz, 50 urte daramatza esnekien sektorean lanean, eta askotariko produktuak egiten dituzte, tartean gazta eta postreak. "Historikoki tokiko produktuekin egin dugu lan", azaldu du Javier Olmosek Vascolacetik.

Bien kasuan Eroski Azoka plataformaren bitartez saltzen dute online duela hilabete batzuetatik. Izan ere, euskal banatzaile kooperatiboak duela urtebete erabaki zuen azoka birtual hori sortzea. "Tokikoa posizionamendu estrategikoko ardatza da Eroskirentzat, osasunarekin batera. Elikadura sektoreari loturiko marketplace hori ekoizle txikientzat dago pentsatuta batik bat. Izan ere, EAEko ehun nagusia ekoizle txiki-ertainak dira", nabarmendu du Javier Bilbao Eroskiko Tokiko Produktuen arduradun komertzialak.

Katalogoa zabaldu

Azokan bi ekoizle motaren produktuak topa daitezke: batetik, "dena delako arrazoiagatik (bolumena ez izatea, jarraikortasuna ez izatea...) gurekin denda fisikoetan lan egiten ez duten ekoizle txikienak. Horrek aukera eskaintzen die euren produktuak saltzeko", kontatu du Bilbaok; bestetik, "dagoeneko gurekin lan egiten dutenentzat, ertainagoak-edo, erabilgarria izan daiteke euren katalogoa zabaltzeko, eta geure denda fisikoetan aurkitu ezin daitezkeen produktuak eskaintzeko. Hemen dagoen gama ez dago denda fisiko baten", gehitu du. Guztira, une honetan, 65 ekoizlerekin ari dira lanean Gipuzkoan, eta 50 ingururekin Bizkaian. "Baina zabalik dago bertan izan nahi duen edonorentzat".

Bai Delikatetxe, bai Vascolac Eroskiren ohiko hornitzaileen artean dira, lehenengoa saldarekin, eta bigarrenak jogurt, gazta eta esneekin. Delikatetxe, saldaz gain —euren produktu izarra—, hanburgesak eta albondigak ere saltzen ari da azokaren bitartez. Vascolac, bestalde, produktu berrien onarpena probatzeko erabiltzen ari da: "Bi kiloko natillen kuboa, mamia zeramikan, kristalean dagoen jogurta... Hori da guk dugun gama: bost produktu, Doncel markapekoak. Eta errotazioa egiten goaz, probatzen joateko", azaldu du Olmosek. "Linealak beteta izaten direnez, honek aukera ematen dizu bestelako produktuak probatzeko", gaineratu du.

Aurrez aurre zein online jaso

"Eta produktu berri bat egiten badugu ere, momentuan bertan eman dezakegu altan", adierazi du Garciak. Izan ere, ekoizleak dira produktuak altan eta bajan ematen dituztenak, euren helburuen edo aste horretan izan dezaketen ekoizpenaren arabera. Euren esku dago, era berean, salmenta prezioa definitzea. "Ekoizlearen eta produktuaren informazioa ere bertan izaten da", kontatu du Bilbaok. Behin produktuak igota, bezeroak erosketa egingo du Eroski Azokaren webgunean, eta eskaera horiek astean behin jasoko dituzte ekoizleek. Astebeteko epea dute horiek prestatu eta dagozkien puntu fisikoetara eramateko. "Antolatzeko balio dizu, aste batetik besterako izaten baitira", dio Garciak.

Eskaera dendan entregatuta, Eroskiren esku geratzen da ordainketa eta bezeroari ematea. Horretarako, bi aukera daude: denda fisikoan jaso, edo online. "Ekoizleak ez du ordaintzen plataforman egoteagatik, eta nahi bezala kudeatu dezake plataforma; soilik salmentaren komisioa eramaten du Eroskik, %15ekoa", argitu du Bilbaok. Eurentzat funtzionatu dezaketen produktuak ikusteko aukera ere bada. "Azokak funtzionatzea nahi dugu salto bat eman ahal izateko denda fisikoetara. Are gehiago, 5 ekoizle (Gipuzkoako 3 eta Bizkaiko 2) dagoeneko presente daude denda fisikoetan, lehen ez zeudenak".

Lehen pausoak

Aitzitik, azoka hastapenetan dago oraindik, eta ondorioz mugak ditu. Momentuz, Donostiako Arcco Amarako, Bilboko Indautxuko eta Leioako Eroskiko bezeroek bakarrik erosi ditzakete produktuak. "Arabako pertsona batek eros dezake, baina Bizkaiko puntuan jaso beharko luke edo Bizkaiko denda horren online eremu fisikoan", argitu du Bilbaok. Horregatik hain zuzen, nahiz eta Eroski Azokara Eroskiko ohiko webgunetik sartu behar den, ezin da bi webguneetan erositakoarekin eskaera bakar bat egin. Ondobidean, datorren urtean zabalduko dute aukera Arabara, zehazki nora zehaztu ez badute ere.

Bestalde, salmenta puntu guztiek ez dituzte azokako produktu guztiak aukeran ematen: "Gertutasuna bilatzen dugu, eta era berean, ekoizleen errentagarritasunari dagokionez ez du zentzurik Oñatiko ekoizle batek entrega Leioan egin behar izatea. Normalean, probintzia da muga", plazaratu du tokiko produktuen arduradun komertzialak.

Momentuz, tresna "garatzen" ari direla azaldu du Bilbaok. "Ez da tresna erraza. Hala ere, haren helburua ez da errentagarritasuna edo salmenta handiak bilatzea; sektorearen posizionamendurako tresna da beste ezer baino gehiago", argitu du. Eurentzat "erakuslehioa" dela uste dute bai Garciak, bai Olmosek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK