
IBM System Two ordenagailu kuantikoaren inaugurazio ekitaldia egin da gaur Donostian. Europako lehen “superordenagailuak” eta mundu mailako hirugarrenak (beste biak Estatu Batuetan eta Japonian daude) IBM konpainiak inoiz garatutako prozesadore kuantiko indartsuena izango du, Heron izeneko 156 kubiteko (informazio kuantikoaren oinarrizko unitatea) prozesadorea, hain zuzen ere.
“Gaur ospatu behar dugu teknologia disruptiboaren –konputazio kuantikoaren– buru izateko aukera dugula”, adierazi du Horacio Morell IBM Espainiako presidenteak. Presidenteak zehaztu duenez, konputazio kuantikoaren sektorea gero eta gehiago garatzen ari da, 150 espezialista formatu baititu konpainiak, eta jada 30 dira kuantikaren zenbait erabilera-kasu probatzen hasi direnak. Morellek jakinarazi du konputazio kuantikoari esker farmako berriak zein material jasangarriak sortu ahal izango direla, baita bankuei lagungarria izango zaiela ere, besteak beste, iruzurrak identifikatzeko. Izan ere, ordenagailu kuantiko bat gai da ordenagailu klasikoak baino emaitza hobeak emateko, azkarrago eta modu eraginkorragoan.
“IBM Quantum Two Donostian ezarri izanak eragina izango du belaunaldiz belaunaldi eta gizartearentzako ondarea izango da”, gaineratu du. Gipuzkoako hiriburua aukeratu izana ordenagailua instalatzeko 2023an Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek sinatutako hitzarmenari zor zaio. Une hartan, EAEko erakundeek Basque Quantum izeneko aliantza sinatu zuten IBM multinazional estatubatuarrarekin, helburu izanik EAE erreferente posizionatzea kuantikaren arloan.
Inaugurazio ekitaldiaren harira, Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak esan du gaurkoa ez dela soilik “ordenagailu bat eraikin batean jarri eta erabiltzen hastea”, baizik eta “izaera estrategikoko inplikazioak dituen gertaera” dela, zeinak “une honetan ezin ditugun iragarri”. Etorkizunera begira, Morellek iragarri du 2029. urterako “errore-zuzenketa duen lehen konputagailua” sortuko dela, zeinaren bitartez “are konplexuagoak diren arazoak konpontzeko gai izango garen”.
IBM Quantum Two
Superordenagailu berriak hainbat teknologia nahasten ditu: ordenagailu klasikoak (kalkulu batzuk egiteaz arduratzen dira), elektronika modularra (kubitak kontrolatzen ditu) eta hozte-sistema oso aurreratua (osagai kuantikoak tenperatura baxuan mantentzen ditu). Aurkezpenean zehaztu dute ordenagailu kuantikoak ez dituela klasikoak ordezkatuko, haiekin lan egingo duela baizik.
Hala, konputagailuari esker laborategi zientifikoek, ikertzaile akademikoek eta industria sektoreko zenbait konpainiek kalkulu konplexuak egin eta simulatu ahal izango dituzte, eta, hala, “ate erabat berriak irekiko ditu berrikuntzarako eta erronka zientifiko-teknologikoak konpontzeko”.