Berrikuntzan beste eragile batzuekin elkarlanean aritzen diren euskal enpresek emaitza hobeak lortzen dituzte merkatuan. Hala erakusten du Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak aurkeztutako 2026ko Lehiakortasun Txostenak: berrikuntza jarduerak egiten dituzten enpresen artean, lankidetzan aritzen direnen %86,9k merkaturatzen ditu berrikuntzak; bakarka jarduten dutenen artean, berriz, %64,1ek. Hala ere, lankidetza ez dago enpresa guztien eskura neurri berean.
Enpresen tamainak alde handiak eragiten ditu. Enpresa txikien %24,3k baino ez du beste erakunde batzuekin elkarlanean jarduten; ertainen artean, kopurua %52,5ekoa da, eta handien artean, %73,6koa. Berrikuntzan ere badago aldea: enpresa ertainen %59,1ek berritzen du, eta enpresa txikien artean ehunekoa %48,3koa da. Orkestraren arabera, erronka nagusietako bat ezagutza eta teknologia enpresa txiki gehiagorengana eramatea da.
Txostenak euskal ekosistemaren beste indargune bat ere jasotzen du: 2010etik 2025era bitartean, 129 spin-off sortu dira, hau da, ikerketa-jardueretatik abiatutako enpresak, eta oinarri teknologikoko beste 520 enpresa berri ere sortu dira. Spin-offen kopurua biztanleko neurtuta, Europar Batasuneko batezbestekoa ia hirukoizten du EAEk. Hala ere, enpresa horiek Europakoek baino finantzaketa gutxiago eskuratzen dute, eta horrek hazteko aukerak mugatzen dizkie.
Industria-jardueraren bilakaerari dagokionez, erdi eta goi teknologiako produktuen esportazioak 17.843 milioi eurora iritsi ziren 2025ean, EAEko esportazio guztien %59,8. Azken bi urteetan esportazio guztien balioa ia %9 jaitsi den arren, produktu teknologiko horien salmentak ia bere horretan mantendu dira. Txostenak, ordea, produktibitatea handitzeko eta teknologia eta gaitasun berriak enpresetan txertatzeko beharra ere nabarmendu du.
Egoera horri aurre egiteko, Orkestrak bost lan-ildo proposatu ditu: berrikuntza enpresa txiki gehiagotara zabaltzea, industriaren eraldaketa bizkortzea, enpresen eta eragile zientifiko-teknologikoen arteko lankidetza indartzea, oinarri teknologikoko enpresa berriei hazten laguntzea eta EAE nazioarteko berrikuntza-sareekin konektatzea. Txostena Donostiako Kursaalen aurkeztu dute, Lehiakortasunari buruzko Biltzarrean. Bertan, Mikel Jauregi Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasuneko sailburuak berrikuntzaren garrantzia azpimarratu du: "Berrikuntzan lider izateko, gure industriak lehiakide izatetik elkarlanean aritzera igaro behar du".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta