Osasunak final 'teknologikoa' jokatuko du

Sadarreko aurpegi bitartezko egiaztapeneko sistema 'The Stadium Bussines' sarietako aurrerapen teknologiko berritzaileenetarako hautagaietako bat da, bi enpresa nafarrek sortutako soluzioari esker. Halako sistema ezarri duen Espainiako ligako lehen zelaia da

Sadarren jarritako dasGate sistema | Argazkia: Veridas Sadarren jarritako dasGate sistema | Argazkia: Veridas

Uztailaren 5ean, The Stadium Bussines sari garrantzitsuak izango dira, eta sektoreren batean aitzindariak edo aurreratuenak diren estadioak aintzatetsiko dituzte. Teknologiaren kategorian, Sadar Osasuna futbol taldearen estadioa sei hautagaietako bat da dasGate egiaztapen biometrikoko teknologiagatik. Nafarroako estadioarekin batera, Milango Interren, Brooklyn Netsen edo Australiako Accor Stadium instalazio ospetsuak daude.

Nafarroako bi enpresek sortu dute Sadarreko sistema, estadioan errazago sartu eta bazkideen nortasuna errazago egiaztatzea ahalbidetzen duena. Veridas eta dasGate duela bost urte jaio ziren, BBVA bankuak egiaztapen biometrikoko sistema bat eskatu zuelako. "Mundu fisikoan pertsonen benetako identitatea erabiltzeko eskubidea bermatzeko proposamenarekin jaio ginen", ziurtatu du Iker Huarte Veridaseko komunikazio arduradunak. Sistema biometrikoak, funtsean, identifikazio sistemak dira, eta pertsonaren ezaugarri biofisiko bat identifikatzen dute. DasGaten kasuan, aurpegi bitartezko egiaztatze sistema da.

Osasunaren kasuan apirilaz geroztik dago martxan aukera hori, egiaztatze-metodo tradizionalekin batera erabiltzen dena. Alavesen kontrako partidan probatu zuten lehen aldiz, eta Espainiako ligako lehen kluba izan da aurpegi egiaztatze bitartezko sarbidea martxan jartzen. Sistema berriak ahalbidetzen du bazkideak estadioan azkarrago sar daitezen. Bi enpresekin ez ezik, Ligarekin ere elkarlanean aritu zen Osasuna futbol kluba sistema ezarri ahal izateko.

Osasunaren kasuan apirilaz geroztik dago martxan aukera hori, egiaztatze-metodo tradizionalekin batera erabiltzen dena

Egiaztatze-metodoa erabiltzeko prozesua oso erraza da, eta urrats sinple batzuk besterik ez dituzte jarraitu behar bazkideek. Horretarako, smartphonea behar da. Lehenik eta behin, Osasunako bazkide aplikazioan erabiltzaile profila sortu behar da. Ondoren, abonuaren QR kodea eskaneatu behar da, txartela eta sortu berri den profila lotzeko. Azkenik, NANaren bi aurpegietako argazki bat atera behar da, baita norberak mugikorrarekin ateratako selfie bat ere. Azken hau ezinbestekoa da gero sistema biometrikoak erabiltzaileak ezagutu ditzan. Bazkideek profil biometrikoa bete eta sortzea lortu dutenean, nahikoa da estadiora joan eta identifikatze kamera baten aurrean jartzea segundo batzuetan esparrura sartzeko.

Aurpegi bitartezko egiaztapenaren gorakada

Identifikazio biometrikoko sistemak gero eta egoera gehiagotan ari dira ezartzen gure eguneroko bizitzan. Osasuna futbol taldeko estadioaren kasuan, esparrura sartzeko erabiltzen ari da, baina smartphonetan sartzeko edo bankuetan ere erabiltzen dira. Aurrerapen teknologiko guztiek bezala, sistema horiek ere alde ona eta alde txarra dute. Alde ona da identifikatzeko erraztasuna, aurpegia erakutsi besterik ez baita egin behar. Alde txarrari dagokionez, gero eta datu pertsonal gehiago daude Interneteko zerbitzarietan gure eskutik kanpo, eta datu horiekin zer egiten ari direla jakin gabe. Hori dela eta, Veridas enpresak, dasGate proiektuaz arduratzen den enpresak, bere sistemen erabiltzaileen datuak ez gordetzea ziurtatzen du: "ure sistemek doitasun- eta segurtasun-bermeak eskaintzen dituzte", dio Huartek. Nafarroako futbol klubak biltzen du bazkideen informazioa, erabiltzaileen baimenarekin.

Erabiltzaile baten aurpegia abonua duen pertsonarena dela egiaztatzeko, sistemak NANaren datuak eta bertako argazkia konparatzen ditu erabiltzaileak sistema hori erabiltzeko profila sortzean hartzen duen selfiearekin. Oso sistema segurua eta bizkorra da, sortzaileek diotenez, eta, horri esker, askoz azkarrago sartzen dira zaleak estadiora. Gainera, etorkizunean, bazkideek abonua beste zale batzuekin partekatzeko aukera eskainiko du, maileguan utzitako abonua erabiliko duen erabiltzaile berriaren selfiea erregistratuz. Egiaztapen biometrikoko sistema sortzeaz arduratu diren enpresentzat, "harro egoteko modukoa da" Osasunarekin batera sari hauetan parte hartu ahal izatea.

Veridas enpresa nafarrak pasahitzak erabili behar ez diren mundu digitala lortzea du helburu. Veridasek adierazi duenez, beste futbol klub batzuekin lanean ari dira dasGateren teknologia ezartzeko, bai estatu espainiarrean, bai kanpoan. Estadioetako egiaztapen-sistemaz gain, dasGate sistema arrakastaz ezarri da, hain zuzen ere, Repsolen egoitzan bisitetarako.

Orain uztailaren 5era arte itxaron beharko da ikusteko ea azkenean Osasunak, kopa altxatzea lortu, eta denboraldiko aurrerapen teknologiko berritzailenaren estadio bilakatzen den Sadar, dasGate sistemari esker.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK