• BERRIKUNTZA
  • Innobasquek bat egin du I+G+b-ari buruzko PIDI sarearekin

Innobasquek bat egin du I+G+b-ari buruzko PIDI sarearekin

I+G+b-ari buruzko Informazio Puntuen Sarean sartu da agentzia, enpresei aholkularitza zuzena emateko duen gaitasuna indartzeko asmoz

Innobasqueko zuzendaritza batzordea duela urtebete | Argazkia: Innobasque
Innobasqueko zuzendaritza batzordea duela urtebete | Argazkia: Innobasque
2025eko apirilaren 28a
Eg. 2025eko apirilaren 28a

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia PIDI Sarean sartu da, I+G+b-ari buruzko Informazio Puntuen Sarean. Sare hori zenbait erakundek osatzen dute: zentro teknologikoek, plataforma teknologikoek, elkarteek, merkataritza-ganberek, unibertsitateetako fundazioek, tokiko zein eskualdeko administrazioek, elkargo profesionalek eta enpresa-taldeek.

 

PIDI Sarearen helburu nagusia da informazioa eta aholkua eskaintzea I+G+b-rako laguntza publikoei buruz. Enpresa, ekintzaile zein erakundeei bideratuta dago zerbitzua, finantzaketa publikorik “onena” bilatzen dutenentzako, eta doakoa da. CDTI Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroak (enpresa-erakunde publikoak) bultzatzen du ekimena.

Hala, EAEko agentziak indartu egin nahi du laguntza-ildoei buruzko aholkularitza zuzena eta orientazioa emateko duen gaitasuna, “berrikuntza sustatzeko baliabide publikoetarako sarbidea erraztuta”. Interesa dutenek Innobasquen webgunean dute eskuragarri doako zerbitzua eskuratzeko informazio gehiago. Azaldu dutenez, “talde espezializatu batek kasu bakoitza aztertuko du eta aholkularitza pertsonalizatua eskainiko du”.