
Robotak ez dira jada zientzia-fikziozko filmetako pertsonaiak, gure artean daude. Teknologiak aurrerapausoak ematen jarraitzen du, eta egun posible da orain arte gizakiek egiten zituzten ekintzak robotek egitea. Askok oraindik forma humanoidearekin irudikatzen dituzte, baina, egia esan, robotak gure etxeetan daude lurzorua xurgatzen, fabriketan piezak egiten eta baita jatetxeetan ere otorduak bezeroei zerbitzatzen.
Euskal Herriko jatetxeetara ere iritsi dira robotak, eta batzuek edo besteek forma humanoidea badute ere, mahaian zerbitzu egokia eskaintzeko gai dira. Bilboko Xing Yuan jatetxean ohiz kanpoko lankidea dute. Lankide horrek plater ugari eraman ditzake bere “besoetan”, eta kuriositate handia sortzen dute bezeroengan, batez ere txikienen artean. Jing Ong lankideak dio lagungarria dela halako robot bat alboan izatea: “beti egiten du lan bera, bere funtzioa platerak mahaira eramatea da”, azaldu du.
“Forma humanoidea badute ere, zerbitzu egokia eskaintzeko gai dira”
Donostian bada Asiako janaria zerbitzatzen duen beste jatetxe bat ere, bere zerbitzarien artean robot bat duena. Bellabot modeloko lankidea da eta 16.000 eurotik gorako balioa du. Duela urte batzuk, Qing Wok bufet libreko jatetxeak teknologia hori erabili zuen janaria azkar egin eta bezeroei arinago eramateko. Fang lankidea ez dago oso pozik robotarekin, “jende gutxi dagoenean laguntza pixka bat ematen du, baina jatetxea beteta dagoenean galdu egiten da”, adierazi du. Fang zein Jing Ong, biak ere ados daude robotek jendearengan harridura sortzen dutela adieraztean, eta batez ere haurrek gozatzen dutela diote, robot bat janaria banatzen ikusteak zirrara sortzen dielako. Hala ere, biek ere argi diote robotak ez direla gai giza langile bat ordezkatzeko, hala ikusi baitute beren jatetxeetan. Oraingoz, Fang eta Jiong Ong lasai egon daitezke, ez baitirudi robot berri gehiagorik izango dutenik epe laburrean, behintzat.
“Jende gutxi dagoenean laguntza pixka bat ematen du, baina jatetxea beteta dagoenean galdu egiten da”
Banatzaile berriak
Internet bidezko erosketak errealitate bihurtu dira, eta posible da denbora gutxian jatetxe batean prestatutako bazkaria etxeko atean izatea, horixe da erosketa horiek duten abantaila nagusiena. Robotika prest dago gaur egun banatzaileak ordezkatzeko, eta espainiar estatuko zenbait hiritan frogan ere jarri dituzte. Erosketa-orgatxo moduko bat da, eta independenteki mugitzeko gai da, gidatu beharrik gabe. Sentsore batzuen bidez eta adimen artifizialarekin, robota gai da espaloiak zeharkatzeko, parkeak gurutzatzeko eta etxeko ateraino iristeko.
Ospitaleetan, zeregin jakin bat egiten duten robotak ere badaude, gaixoei janaria banatzen edota botikak ematen laguntzeko gai direnak. Dronak ere aukerakoak izan daitezke banaketak egiteko, adimen artifizialaren bidez, errepidez iristea zaila den lekuetara airez, hegan egiten, iristeko aukera eskaintzen dutelako. Banaketa-metodo hori oso egokia litzateke hiritik urrun dauden edo mendi-gunetako herrietara heltzea zaila den kasuetan, bertan bizi direnek sendagaiak, elikagaiak edo bestelakoak behar dituztenetan.
“Sentsore batzuen bidez eta adimen artifizialarekin, robota gai da espaloiak zeharkatzeko, parkeak gurutzatzeko eta etxeko ateraino iristeko”
Robotika gure artean geratzeko etorri da, ez dirudi Yo Robot filmean bezala beldurtzeko moduko kontua. Robotak gizakien lana laguntzeko eta osatzeko daude. Gizakien lan errepikakorra ordezkatzeko eta gizakion sorkuntzei indarra emateko heldu dira gurera. Aurrerapen teknologiko guztiak bezala, robotek ere lan egiteko modua guztiz aldatuko dute, ziurrenik lan postu ezberdin eta berriak sortuz. Hurrengo urteetan industria iraultza berri bat ikus genezake roboten inkorporazioari ezker.