Getxoko Technical Tex Consulting enpresak euskal herri-kirolei buruzko bideojokoa sortu du, Herri Kirolak izenekoa, hain zuzen ere. Zortzi hizkuntzatan eta doan eskuragarri, hamabost kirol-modalitate bildu ditu, tradizioa, teknologia eta kultur dibulgazioa uztartuz. Gure landako eta itsasoko lan-jardunetan errotutako kirol-modalitateak aisialdi digitalaren kontsumo-gai bilakatu dira Getxoko hiru lagunen ekimenez. Bilboko itsasadarraren ertzean paseoan zebilela, entrenatzen ari ziren bi traineruri begira otu zitzaion Getxoko Technical Tex Consultingeko CEO Santiago Martínezi euskal herri-kirolen gaineko bideojokoa egitea.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
“Herri-kirolek bideojoko on batek behar dituen osagai guztiak dituzte. Markak argiak eta ulerterrazak dira, herrien arteko lehia dago eta plaza jendez gainezka egoten da. Gainera, modalitate bakoitzak trebetasun jakin bat eskatzen du: indarra, erritmoa, teknika, erresistentzia edo estrategia”, azaldu du Martínezek.
2014az geroztik sakelako telefonoetarako aplikazioak garatu dituen Getxoko enpresak adimen artifizialaren eskutik ekin dio bideojokoen esparruari. Herri Kirolak dute kirolaren alorreko lehen emaitza egitasmoaren baitan badago euskal kulturaren transmisioari eta nazioarteko zabalkundeari lotutako xederik ere. “Hemengo gazte batek bere herriko jaietan ikusten duen horretan jokatu ahal izatea nahi genuen, baita Boiseko, Buenos Airesko edo Tokioko norbaitek, jolastuz, txapela, aizkolaria edo ziaboga zer diren ezagutzea ere”.
Dokumentazio-lan mardula egin behar izan dute aldez aurretik, herri-kirol federazioek argitaratutako araudiak eta modalitate bakoitzaren berezitasun teknikoak aztertuz
Godot, kode irekiko motor grafikoa
Apirilaren 19an ekin zioten programatzeari eta azaroaren 6an kaleratu zuten iPhonerako bertsioa; handik astebetera, Android sistema eragilerako egokitutakoa. Hiru lagunek ondu dute egitasmoa, adimen artifizialak programazioaren esparruan eskaintzen dituen baliabideez baliatuz. Kirol-modalitateen araudia, diseinuari buruzko erabakiak eta azken berrikuspena, aldiz, giza taldearen esku geratu dira. Dokumentazio-lan mardula egin behar izan dute aldez aurretik, herri-kirol federazioek argitaratutako araudiak eta modalitate bakoitzaren berezitasun teknikoak aztertuz. Kirolari bakoitzaren jarduna baldintzatzen duten keinuak identifikatu eta pantaila txikira egokitu dituzte ondoren.
Hiru dimentsioko ereduak, ehundurak eta soinu-efektuak kode bidez sortu dituzte, Godot kode irekiko motor grafikoa baliatuz. Soinu-bandari dagokionez, euskal kantutegi tradizionalera jo dute: Txanton Piperri, Maritxu nora zoaz, Pello Joxepe edota Agur jaunak doinuen moldaketak egin dituzte, trikitiaren eta txistuaren hotsak imitatzen dituzten instrumentuak erabiliz.
Hamabost kirol-modalitate bildu dituzte jokoan: aizkora, harri-jasotzea, sokatira, esku-pilota, idi-probak, ingude-altxatzea, sega, lasto-botatzea, txingak, lokotx-biltzea, trontza, orga-jokoa, traineruak, zaku-lasterketa eta ontzi-eramatea. Modalitate horietan guztietan emakumezkoak zein gizonezkoak lehiatzen dira.
Kirolarien, esatarien nahiz bertsolarien ekarpenak jaso nahiko lituzkete egileek
Indarra baino gehiago, trebezia
Herri-kirolen izaerari ahalik eta leialen eustea izan dute erronka nagusietako bat. Sakelako telefonoaren pantailaren aurrean indar fisikoak ez du zereginik, baina bai koordinazioak, erritmoak eta zehaztasunak. Harria jasotzean, esaterako, hatzaz S itxurako ibilbidea egin behar du jokalariak, harria izterretatik bularrera eta bularretik sorbaldara eramateko. Aizkoran, enborraren bi aldeak landu behar dira, aizkora egurrean trabatuta gera ez dadin. Traineruan, berriz, popako arraunlariaren egitekoa bereganatzen du jokalariak, arraunkadaren erritmoa ezarri eta ziaboga une egokian eginez. Proben iraupena izan da formatu digitalaren mesedetan gehien egokitu duten alderdia. Ordubeteko sega-saioa, kasurako, hirurogei segundora mugatu dute. Minutu bateko edo biko partidak dira, edonon eta edonoiz jokatzeko modukoak.
Garatze-prozesuan federazioen eta kirolarien aholkularitza zuzenik izan ez badute ere, haiengana joko dute aurki, elkarlanerako bideak urratzeko asmoz. Kirolarien, esatarien nahiz bertsolarien ekarpenak jaso nahiko lituzkete egileek.
Euskal tradizioak jalgitzeko tresna
Euskara da bideojokoaren hizkuntza nagusia, eta beste zazpi hizkuntzatan ere eskuragarri dago. 'Txapela' edo 'aizkolari' gisako hitzak bere horretan mantendu dituzte hizkuntza guztietan, eta horien esanahia argitzeko glosarioa erantsi diote jokoari. Halaber, bideojokoaren sortzaileek herri-kirolen araudia, herriak eta jaiak ezagutzeko atal bat erantsi dute.
Doan eskura daiteke Apple Store eta Google Play plataformetan. Iragarkiak eta aukerako erosketak ditu diru-sarrera iturri, baina ordaintzeak ez dio inolako abantailarik ematen jokalariari. “Plazan gehien jasotzen duenak irabazten du, ez gehien ordaintzen duenak”, Martínezen hitzetan.
Euskal Herriko bideojokoen industriaren egoeraz galdetuta, Martínezek ez du profesional trebatuen gabeziarik sumatzen, bestelakoak baitira, haren iritziz, sektorearen ajeak: lehen egitasmoa finantzatzeko zailtasunak eta urtero merkaturatzen diren milaka bideojokoen artean norberarenari lekua egiteko nekeak. Lantalde txikien neurriko laguntza instituzionalak aldarrikatu ditu, baita kultur eragileekiko elkarlan estuagoa ere. Kultur dibulgazioari dagokionez, honela laburbildu du Martínezek egitasmoaren xedea: “Norbaitek, jokoan aritu ostean, aizkolarien arteko apustu bat ikustera jotzen badu, merezi izango du egindako lanak”.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta