Prezioen igoera, diseinu aldaketa eta Applen gailu berrien jarraikortasuna

Applek iPhone eta Apple Watch berriak aurkeztu zituen joan den irailaren 7an, eurotan prezio-igoera garrantzitsu batekin

Argazkia: Apple Argazkia: Apple

Irailero, Applek gailu mugikor berriak aurkeztu eta sistema eragile berria kaleratzen du, eta hala egin zuen urtero lez, irailaren 7an. Aurtengo Keynoten, Kaliforniako konpainiak iPhone 14, Apple Watch berriak eta iOS 16 sistema eragilea aurkeztu zituen. Eta gertatu ohi bezala, eztabaida sortu da, aurten, batez ere, gailu berriek Europar Batasunean izango duten prezio-igoera dela eta.

Aurkezpenaren hasieran, Apple Watch erloju adimendun berrien hardwarea eguneratu zuten. Aurreko Series 7arekin alderatuta, Apple Watch Series 8 berriek berrikuntza gutxi dakartzate hardwareari eta softwareari dagokienez. Gorputzeko tenperatura neurtzeko sentsoreak izan dira berrikuntza garrantzitsuenetariko bat, bata behealdean eta bestea goialdean. Tenperatura-sentsore berriari esker, Apple Watch Series 8ek modu zehatzean monitorizatu ahal izango dituzte hilekoaren eta emankortasunaren zikloak, eta jarraipena iPhonen osasun-aplikaziotik egin ahal izango dute. Prestazio hori Applen eskumuturreko gailuan noiz ezarriko zain zegoen jende asko, baina gehienek uste zuten tenperatura neurtzera bideratuta izango zela, sukarra bezalako sintomak kontrolatzeko. Apple Watch Series 8rekin batera, Apple Watch SEren bigarren belaunaldia aurkeztu zen. Gailu merkeagoa da, prestazioak murrizten dituena, baina softwarearen azken nobedadeak dituena. Kasu honetan, Series 4ko hardwarea erabiltzen duen gailu bat dugu, baina S8 serieak berak duen txipa du eta, gainera, aurreko belaunaldikoa baino bateria-ahalmen handiagoa dauka.

Ezbairik gabe, Applen aurkezpenean aurtengo gailurik deigarrienetako bat, Apple Watch Ultra izan zen, kirol arriskutsuetara eta erresistentziara bideratutako Series 8 moduko bat. Kasu horretan, diseinua erabat aldatzen da, eta pantaila laua eta muturreko tenperaturekiko eta kolpeekiko erresistentea den gorputza ditu. Apple Watch honek urpekaritza egiteko zehaztapen bereziak ditu, GPS zehatzagoa eta Series 8 baino bateria askoz handiagoa. Lehenengo erloju adimenduna kaleratu zuenetik, Applek ez zuen halako gailurik sortu muturreko kiroletarako. Beraz, Apple Watch ultra berriak zuzenean lehiatzen du Garmin bezalako kirol-gailuekin.

Iphoneren txanda

Apple Watchen aurkezpenaren ondoren, guztiek espero zuten gailua, iPhone 14, ezagutzeko txanda iritsi zen. Kasu horretan, iPhone 13aren antzeko gailu bat dugu. Hardware berarekin, iPhone 14 berriak gauza gutxi eguneratzen ditu aurreko modeloarekin alderatuta: A15 txipa berritasunen batekin, kameren gutxieneko hobekuntza eta satelite bidezko konexioa. Azken funtzio hori larrialdi-zerbitzuetara deitzeko pentsatuta dago, estaldura mugikorrik ez dagoen lekuetan. iPhone 14 gama bi tamainatan iristen da. Kasu horretan, Mini gama desagertu eta Plus gama berpizten da. Aurten, 6,1 hazbeteko iPhone 14 bat eta 6,7 hazbeteko iPhone 14 Plus bat ditugu. Azken horretan, agintzen dute, bateriaren iraupena nabarmen handituko dela, modelo estandarrarena baino bateria handiagoa izango baitu.

Eta, azkenik, iPhone 14 Proren gamaren unea iritsi zen. 2017az geroztik, iPhone Xa aurkeztu zenetik, izan den diseinu-jauzirik handiena dugu. iPhone 14 Pro eta iPhone 14 Pro Max berriek A16 txip berria dute, iPhone 13ek zuten A15 txipa baino ahaltsuagoa izango dela agintzen duena. iPhone 14 Proren kamerek ere berrikuntza garrantzitsuak dituzte, 12 megapixeletik 48 megapixelera jauzi egiten baitute, eta jauzi hori ez zen gertatzen iPhone 6ak aurkeztu zirenetik, 2014az geroztik. Baina, zalantzarik gabe, eredu horien berrikuntzarik garrantzitsuenetako bat da Applek Dinamic Island deitu duena. Bost urteren ondoren, Applek iPhonen bekain ospetsua birdiseinatzen du, eta pantailaren goiko aldean pilula moduko bat bihurtzen du. Hardware-osagai horrek lehendik zituen sentsore berberak ditu, hots, selfie-kamera eta aurpegia ezagutzeko sentsoreak. Kasu honetan, moduluaren tamaina nabarmen murrizteaz eta iPhonearen aurrealdearen diseinua erabat aldatzeaz gain, softwareari esker, hardware-pieza hori informazioa oso modu ikusgarrian erakusteko gai den osagai dinamikoa bihurtu da. Uharte dinamiko horretan, tenporizadorearen egoera, multimedia-edukiaren erreprodukzioa edo mapak aplikatzeko jarraibideak ikusiko ditugu. Berrikuntza hori, zalantzarik gabe, aurkezpenaren protagonista nagusia bihurtu zen.

Ekitaldia hasi aurretik, prezioen igoera nabarmena espero zen, inflazioaren ondorioz. Azkenean, prezioak dolarretan mantendu egin dira aurreko urtearekin alderatuta, eta hori ez da hala izan Europan

Aurkezpena amaitutakoan, gailu berrien prezioak iragarri zituzten. Ekitaldia hasi aurretik, prezioen igoera nabarmena espero zen, inflazioaren ondorioz. Azkenean, prezioak dolarretan mantendu egin dira aurreko urtearekin alderatuta, eta hori ez da hala izan Europan. Europako azken prezioak ikusita bai inflazioagatik, bai dolarrak eurotara bihurtzeagatik, Applen gailu berrien prezioak nabarmen altuagoak dira. iPhone oinarrizkoenak 1.000 eurotik gorako kostua izango du, eta 2.000 euroko kopurua gaindituko du eredu osoenak. Merkatuan zeuden gailuek ere prezio-igoera izan dute; adibidez, martxoan merkaturatutako iPhone SE, AirTag eta AirPod gailuek. Datozen hilabeteetan ikusiko dugu nola erreakzionatzen duen Europako merkatuak Applen gailu berriekin, baina badirudi iPhone 14 Pro izango dela gailu salduena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK