Robot humanoideen industria berria ate joka

Robot humanoideen industriak datozen urteetan izango duen hazkundea eta EAEk sektore berri horretan izan dezakeen lekua aztertu ditu Zedarriaken azken txostenak

Pedro Luis Uriarte, Pilar Kaltzada, Iker Arteagabeitia eta Guillermo Dorronsoro | Argazkia: Europa Press
Pedro Luis Uriarte, Pilar Kaltzada, Iker Arteagabeitia eta Guillermo Dorronsoro | Argazkia: Europa Press
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko irailaren 16a - 05:30

Ondo baino hobeto ezagutzen ditugu jada ChatGPT, Gemini, Claude… Pantailaren beste aldean ditugu, testuak idazteko, irudiak sortzeko zein informazioa aztertzeko prest. Hori gutxi balitz, pantailetatik at ere ateratzen hasia da adimen artifiziala: mundu osoko enpresak hasi dira makinak garatzen, ikusteko, mugitzeko, objektuak hartzeko eta gauzak lekualdatzeko gai direnak. Robotak, robot humanoideak, gaur egun arte gizakiak egin izan dituen zereginak egiteko kapazak. Hain zuzen ere, robot horien inguruan sortzen ari den industriari erreparatu dio Zedarriakek argitaratu berri duen azken txostenak: ‘Hurrengo iraultza: Gorputza duen Adimen Artifiziala. Robot humanoideak, produktibitatea eta kohesio soziala zahartzen ari den gizartean’.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Apirilean hasi ziren txostena prestatzen, baina ordutik hiru aldiz berrikusi behar izan dute, AAren inguruan uneoro gertatzen ari diren aldaketak direla eta. “Atzo bertan aurkezpen hau bertan behera utzi eta atzeratu genezakeen, txostena berrikusteko eta gauzak aldatzeko”, azaldu zuen Pilar Kaltzada Zedarriakeko kideak. Hala ere, aurrera egitea erabaki dute, haien ustez eztabaida ezin delako gehiago atzeratu: “Gaur landuko dugun gaia funtsezkoa da, eta ezinbestekoa da EAEk posizioa hartzea”.

Robot humanoideen industria martxan da jada

AAri buruz hitz egitean, bi ildo nagusi bereiz daitezke: lehena, lan intelektualari lotutakoa da, eta bigarrena, oraindik hastapenetan dagoena, lan fisikoari eragiten diona. Azken horretan kokatzen dira robot humanoideak. Txinako enpresak dira, oraingoz, mundu mailako lasterketa berri honen buru: haiek fabrikatu dituzte 2026ko lehen seihilekoan munduan garatu diren robot humanoideen %97 baino gehiago. Unitree Robotics enpresa txinatarra da adibide horietako bat. 2024an bisitatu zuen enpresa Pedro Luis Uriartek, eta garai hartan 400 milioi euro inguruko balioa omen zuen konpainiak; “atzo bere kotizazioa begiratu nuen, eta 25.000 milioi dolar balio ditu”, zioen Uriartek. “AA fisikoarena berriki sortu den sektorea izan arren, dagoeneko burtsan kotizatzen hasi dira konpainiak”, ohartarazi zuen.

 

Datuei erreparatuta, etorkizun hurbilean industria sekulakoa izango dela berma daiteke. Estatu Batuetako Morgan Stanley inbertsio bankuaren arabera, robot humanoideen merkatua bost bilioi dolarrera irits daiteke 2050. urterako. Alderaketa bat egitearren: gaur egun automobilgintzaren sektore osoak bost bilioi dolarreko balioa du. Testuinguru horretan, Uriartek argi du EAEk ere bere lekua bilatu behar duela sektorean, baina ez derrigorrez robot osoak fabrikatuz: “Agian Euskadi ez da gai izango txakur humanoideak bere osotasunean ekoizteko, baina fabrika ditzakegu robot horien osagaiak, piezak edota gurpilak, adibidez”. Mondragon Korporazioak ekin dio jada bideari: Primus Robotics enpresa berriaren bitartez Primus P1 izeneko robot humanoidea garatzen hasi berri da, ekoizpen-prozesuetako manipulazio, mantentze eta laguntza-lanetarako baliagarria izango dena.

Teknologiaren bilakaerak zuzenean egiten du talka biztanleriaren zahartzearekin eta langile falta gero eta handiagoarekin. Jaiotza-tasa baxuak eta biztanleria aktiboaren beherakadak zaildu egingo dute zenbait sektoretan ezinbestekoak diren lanpostuak betetzea. Horregatik, Zedarriaken arabera, robotizazioa ez da soilik industria-aukeratzat hartu behar, baita erronka sozial bati erantzuteko tresnatzat ere. “Sektoreak balio industrial erraldoia izango du. EAEk posizionatu egin beharko luke, lanpostuen eta industria-produktuen sorkuntza izugarria izango delako”, baieztatu zuen Uriartek.

Txinako enpresak dira, oraingoz, mundu mailako lasterketa berri honen buru: haiek fabrikatu dituzte 2026ko lehen seihilekoan munduan garatu diren robot humanoideen %97 baino gehiago

Hala eta guztiz ere, robot humanoideak oraindik ez daude prest pertsonen pare jarduteko. Mugimenduetan trebezia falta zaie, segurtasun-arazoak sor ditzakete, haien autonomia baterien menpe dago sarritan eta oraindik ez dira behar adina fidagarriak. Horrez gain, kostua ere oztopo da, nahiz eta teknologiak aurrera egin ahala prezioak jaistea espero den. Gauzak horrela, Zedarriaken txostenak galdera bati erantzun nahi dio: nola aprobetxa dezake EAEk aldaketa teknologiko hau, eta era berean, produktibitatea eta industria indartzen jarraitu?

EAEk hartu beharreko erabakiak

Iker Arteagabeitiak txostenean lantzen diren puntuak aletu zituen, eta demografian jarri zuen abiapuntua. Biztanleria zahartzen ari da, eta lan egiteko adinean dagoen jendearen proportzioa jaitsi egingo da datozen urteetan: ekonomia aurreratuetan, gaur egungo %67tik %59ra igaroko litzateke 2050ean. EAEn joera are nabarmenagoa da, jaiotza-tasa baxua eta bizi-itxaropen handia direla medio. Testuinguru horretan kokatzen dute Zedarriakekoek robotizazioaren beharra: ez soilik lana automatizatzeko, baizik eta etorkizuneko eskulan faltari aurre egiteko.

Beste kontuetako bat da nola iritsiko den teknologia hori enpresa txikietara. EAEko enpresa gehienak ETEak dira, eta ez dute enpresa handien gaitasun bera robot garestiak erosteko edo teknologia berriak probatzeko. Horregatik, Zedarriakek beste bide batzuk proposatzen ditu: robotak partekatzea, erabileragatik ordaintzea edo enpresei teknologia hori probatzeko laguntzak eskaintzea.

Baina aldaketak ez die soilik enpresei eragingo. Lan-merkatuan ere ondorioak izango ditu robotizazioak, eta hor dago txostenean azaltzen den lehen kezketako bat: zer gertatuko da lanpostuekin AAk eta robotek lan intelektualetan zein lan fisikoetan gero eta zeregin gehiago hartzen badituzte? Zedarriaken arabera, ordea, EAEren egoera berezia da, eskulana ez baitago soberan, are, eskasia nabaria da jada. Horregatik, robotizazioaren helburua ez litzateke izan behar langileak egun batetik bestera ordezkatzea, baizik eta dagoeneko betetzeko zailak diren lanpostuetan eta lanik nekagarrien, arriskutsuen edo gogorrenetan laguntzea. Zaintzaren arloan ere antzeko planteamendua egiten du txostenak: robotek ez dituzte zaintzaileak ordezkatu behar, haien lana erraztu eta haien gaitasunak handitu baizik. Hau da, zaintzailearen lana osatzeko erabili beharko lirateke, pertsonaren ardura eta erabakiak robotaren esku utzi gabe.

Robotizazioak enpresen ekoizpena handitzen badu, irabazi horien zati bat prestakuntzara, laneko segurtasunera eta langileen lan-ibilbideak hobetzera bideratzea proposatzen du Zedarriakek

Horrez gain, AAren bitartez produktibitatea handitzeak sortuko dituen irabaziak nola banatuko diren ere eztabaidatu beharko dela uste du Zedarriakek. Robotizazioak enpresen ekoizpena handitzen badu, irabazi horien zati bat prestakuntzara, laneko segurtasunera eta langileen lan-ibilbideak hobetzera bideratzea proposatzen du. Horri lotuta dago herritarrek teknologia berriengan izango duten konfiantza ere: robotak segurtasunez erabiltzea, pribatutasuna babestea eta erantzukizunak argi zehaztea ezinbestekotzat jotzen du txostenak, gizarteak teknologia hori onar dezan. Eta, azkenik, pentsioen eta fiskalitatearen inguruko eztabaida ere aipatzen du azterlanak, gero eta balio ekonomiko gehiago sortuko den testuinguru batean lana ez ezik kapitala, softwarea eta datuak ere diru-sarrerak sortzeko iturri izango direlako. Zedarriakek, hala ere, ez du roboten gaineko zerga berezirik proposatzen; planteatzen duena da fiskalitatea eta ongizate-sistemaren finantzaketa pixkanaka egoera berrira egokitzea.

Azkenik, txostenak bederatzi erabaki proposatzen ditu EAEk datozen urteetan eman beharreko pausoak zehazteko, eta 2026tik 2030era bitarteko ibilbide bat ere marraztu du. Lehen urtean EAEk dagoeneko badituen gaitasunak aztertu eta proiektu pilotuak aukeratzea proposatzen dute; ondoren, industria, zaintza eta zerbitzuen sektorean lehen probak egitea, robotak segurtasunez erabiltzeko. Hala, helburua izango litzateke 2030erako EAE Europan robotizazioaren alorrean erreferentziazko lurralde bihurtzea. Arteagabeitiak berak halaxe laburbildu du txostenaren ideia nagusia: “Aldaketa gertatuko da. Nola gertatzea nahi dugun erabaki behar dugu”.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain