• BERRIKUNTZA
  • Sare adimendunak: bezeroek merkatu elektrikoan modu aktiboan parte hartzeko gakoa

Sare adimendunak: bezeroek merkatu elektrikoan modu aktiboan parte hartzeko gakoa

Bilbon egindako Ekipamendu Elektrikoen XVII. Nazioarteko Jardunaldietan aztertu dute zein den erabiltzaile berriaren eta energia-komunitateen zeregina banaketa elektrikoko sarearen eraldatze-prozesuan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
niko cuenca 2022
Analista ekonomikoa. EnpresaBIDEAko aholkularia
2022eko maiatzaren 12a - 05:30
Eg. 2022eko maiatzaren 17a - 18:49

Banaketa elektrikoko sarea eraldatze-prozesu batean murgilduta dago. Orain arteko zentralizatutako eta norabide bakarreko kontsumoko sorkuntza-eredu tradizional batetik deszentralizatutako eta norabide anitzeko eredu bateranzko trantsizioa egiten ari da. Prozesu horretan kontsumitzaileak izan beharreko zereginaz aritu dira hainbat aditu Bilboko Euskalduna Jauregian. Sistema elektrikoaren erabiltzaile berriaren eta energia-komunitateen zeregina izenburupean, Energiaren Euskal Erakundeak, Orkestrak eta Tecnaliak sustatutako Ekipamendu Elektrikoen XVII. Nazioarteko Jardunaldien testuinguruan antolatu dute mahai ingurua. Bertan Txetxu Arzuaga Ibil enpresako teknologia eta sistemen arduradunak, Eduardo Pedrosa Ingeteam transmisio eta banaketa alorren buruak, Marcello Pomponi Siemenseko Europarako salmenten arduradunak, eta Jose Maria Torres Ormazabaleko sare adimenduen buruak hartu dute parte.

 

Mahai inguruan kontsumitzaileen beharren arabera digitalizazioak eta teknologiak duten zereginaz hausnartu dute. Kontsumitzaileek geroz eta izaera proaktiboagoa duten heinean, sare elektrikoek bi noranzkoko energia-fluxuak kudeatu beharko dituzte. Arzuagak azaldu du "orain arte kontsumitzailea pasiboa zela eta ez ziola merkatuari arretarik eskaintzen". Egungo inguruneak, ordea, dena aldatu du. Aldaketa klimatikoarekiko kezkak eta energiaren prezioaren gorakadak bezeroengan jarrera aldaketa ekarri du. "Merkatu elektrikoan modu aktiboan jokatu nahi dute" konektibitatea eta faktura elektrikoa hobetzeko dio Ibilekoak. Bezeroek sistema elektrikoaren konplexutasuna ulertu nahi dutela uste du.

 
jieec1
Argazkia: EnpresaBIDEA
 

Autokontsumoaren elektrifikazioak eta ibilgailu elektrikoak kontsumo azturak aldatu dituela argi ikusi du Ingeteameko Eduardo Pedrosak. Bi noranzko sistema eta potentzia dira ardatz berriak. Pedrosak uste du, zentzu horretan, enpresek malgutasun konponbidea ematen duen mekanismoaren aldeko apustua egin dutela.

 

Ibilgailu elektrikoak merkatua zeharo aldatuko duela uste dute adituek. Izan ere, operadoreak ibilgailua baliabide bezala ikusten hasi dira. Arzuagak azaldu duenez, Italian, esaterako, ibilgailu elektrikoen % 10 energi iturri gisa erabili daitezke. Behar izanez gero, sarea hornitu dezakete ibilgailuen baterietan metatutako kargen bitartez eta horretarako tresna egokiak behar dira. Bezero asko kontsumitzaile proaktibo bilakatzen ari da, bere kontsumoa kudeatuz eta merkatuko prezio-seinaleen aurrean erreakzionatuz, karga ordu-tarte merkeenetan programatuz.

Komunitate energetikoen beharra azpimarratu du Marcello Pomponi Siemenseko ordezkariak. Garapenerako funtsezkotzat hartu ditu, eta nabarmendu du garrantzitsua dela horretarako komunitateentzako teknologia hornitzaile egokiak izatea. Datozen urteetan komunitate energetikoak ugaltzea espero dute solasaldian parte hartu duten adituek.

 Txetxu Arzuaga: "Orain arte kontsumitzailea pasiboa zen eta ez zion merkatuari arretarik eskaintzen. Hori aldatzen ari da"

Ormazabal enpresako Jose Maria Torresek sektorean emandako aldaketen abiadura aipatu du, "duela urte batzuk pentsaezinak ziren ekimenak" egi bihurtu direlarik. Araudia, ordea, motelago aldatzen ari dela kritikatu du Torresek. Datozen urteetan etorriko diren lege aldaketak aipatu ditu, batez ere sare altu eta ertainetan instalatu beharreko ekipoei dagokienez. Ekipo berriak digitalizatzeko aukera ezin hobea izan daitekeela deritzo. Era berean, duela urte batzuk Espainian kontagailu adimenduak derrigorrez instalatzeko hartu zen erabakiak abantaila lehiakorra ekarri zuen mahai inguruan parte hartu duten adituen iritziz. 

Sareen inguruan ere solastu dute adituek. Ormazabal enpresako ordezkariak erdi-tentsioko sareetan esfortzu handia egin dela onartu badu ere, beheko geruzan eragin beharra aipatu du. Etortzeko dagoen eredua garatzeko ezinbestekoa da sarea aktibatzea, batez ere ibiligailu elektrikoen karga ultralasterrei begira. Behe-tentsioko sarea apenas jorratu dela esan dute adituek. Oraintxe hasi da datu bilketa, bere garaian erdi-tentsiokoan egin zen bezala. Bezeroak aktibatzeko sarea egokitzea da gakoa.

Sareen hiru zutabeak

Sare adimenduek hiru zutabe nagusi dituzte: sentsoreak, konektibitatea eta datuen tratamendua. Sentsoreei dagokienez ikusgarritasuna areagotu behar dela uste dute adituek, horretarako digitalizazioa ezinbestekoa izanik. Datuen tratamenduaren kasuan, bestalde, konfiantza da gakoa. Zibersegurtasuna lantzearen garrantzia nabaritu dute adituek. Konektibitateari dagokionez, adituek lan handia egiteko dagoela uste dute. Kargarako plataformen arteko konexioan aurrera egin behar da erabiltzaileei erabakiak errazteko. Ingeteameko ordezkariak azaldu duen moduan, gaur-gaurkoz bezeroek operadore bakoitzeko aplikazio bana izan behar dute. Kontsumitzaileak aktibatze aldera, malgutasunerako eta prozesuak errazteko urratsak ematea garrantzitsua da.

Sare adimenduek trantsizio energetikoan laguntzeko beharra aipatu dute hizlariek, baina oztopoak ere izan dituzte hizpide. Erakundeek ezarritako traba administratiboak aipatzean bat etorri dira. Lege aldetik, hainbat alderdi garatzeke daudela aipatu zuen Ormazabaleko ordezkariak, batez ere agregatzaileen eremuan. Inbertsioaren kostuarekin lotutako oztopoak ere aztertu dituzte. Banaketaren ordainketaren araudia ondo finkatu eta argitu behar dela esan dute, batez ere inbertsio berriak planifikatzeko orduan. Ekoizleak hornidurak lortzeko dituzten zailtasunak ere aipatu dituzte parte-hartzaileek, hala nola erdieroaleak edo lehengaien garestitzea. Bestalde, datu baseak eguneratzearen beharra nabarmendu dute. Ibilgailu askok ez dute softwarea eguneratuta eta kargatzeko guneak topatzea ez da erraza. Ordaintzeko sistemak bateratu daude eta horrek balizko bezeroentzako traba bat izan daiteke.

Inbertsioaren kostuarekin lotutako oztopoak ere aztertu dituzte. Banaketaren ordainketaren araudia ondo finkatu eta argitu behar dela esan dute, batez ere inbertsio berriak planifikatzeko orduan.

Solasaldian aritutako adituek bezeroak eta kontsumitzaileak formatzeko beharrari egin diote azpimarra. Bereziki konplexua den eremua da energiarena, eta bezero askok sistema bera ulertzeko zailtasunak dituzte. Pedagogiaren falta onartu dute eta horretarako teknologia ere lagungarria izan daitekeela uste dute. Autokontsumorako eta komunitate energetikoen aldeko hautua areagotzen ari bada ere, oraindik ezagutza falta handia dago.

Kontsumitzaileak funtsezko eragileak izango dira etorkizuneko sare elektrikoen kudeaketan. Ibiligailuak eta etxeko tresna elektrikoak konektatzeko orduak modu eraginkorrean hautatzen hasi diren moduan sare adimenduen onurak ere ezagutzen hasi dira. Oraindik, baina, lan handia dago egiteko.