Hiru robot gehitu ditu Petronorrek Muskizko (Bizkaia) findegian. Gailu berriak elkarlanean arituko dira langileekin, haien helburua gizataldearen segurtasuna hobetzea izango baita. Horrez gain, instalazioen funtzionamenduak kudeatzen ere lagunduko dute.
Aurrez hainbat proba gainditu dituzte, bai funtzionalak, bai konektagarritasunari dagozkionak. Robotak martxan jarrita, Petronorrek dio langileek aukera izango dutela “beren denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko”, eta, hala, “balio erantsi handiagoko zereginetan jarri ahal izango dute arreta”. Petronorrek adierazi duenez, gehikuntzari esker ez da soilik pertsonen segurtasuna hobetuko, baizik eta baita instalazioen eta ingurumenaren segurtasuna ere.
Robotak Iria 5G izeneko proiektua dela eta gehitu ditu Petronorrek. Egitasmoa Repsol, Petronor eta Tradia Telecom enpresek gauzatu dute, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsen bidez finantzatuta. Hiru gailu berriez gain, proiektuari esker Petronorrek 5G sare pribatua du. Orotara proiektuak 4,6 milioi euroko inbertsioa behar izan du.