Sektore aeroespazialak 300 milioi euroko ekarpena egin du Nafarroan

Sektoreko enplegatu kopurua ere ia bikoiztu egin da

Mikel Irujo Nafarroako industria kontseilaria | Argazkia: Nafarroako Gobernua Mikel Irujo Nafarroako industria kontseilaria | Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak jardunaldia antolatu zuen atzo industria aitzindariaren gainean, eta bertan aurkeztu zen AIN Nafarroako industria erakundeak eginiko sektore aeroespazialari buruzko ikerketa. Azterlanaren harira, Mikel Irujok, Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak, azaldu zuen Nafarroak “potentziala” duela sektore horri dagokionez.

Izan ere, datuen arabera alor aeroespazialak 300 milioi euroko fakturazioa izan zuen Nafarroan, eta zehazki aeronautikarena 65 milioi euro fakturatzetik 90 milioi lortzera pasa zen, %38,5eko hazkundearekin. Ondorioz, sektoreko enplegatu kopuruak ere gora egin zuen: 300 lanpostu berri sortu ziren, 370 izatetik 670 izatera pasatuta.

Ikerketan adierazten da sektore aeroespaziala osatzen duten enpresen gehiengoa osagaien eta sistemen fabrikatzaileak (%25) eta testen zein zerbitzu berezien ingeniaritzak (%22) direla. Bestalde, enplegatu eta fakturazio maila altuenak dituztenak dira makina-erremintaren eta prozesuen soluzioen enpresak, 61,4 milioi euro fakturatzen baitituzte, eta sektore aeroespazialeko langileen %51,5 biltzen baitute. Bigarren postua egokitzen zaio, hain zuzen, arestian aipatutako testen eta zerbitzu berezien ingeniaritzei, 5,7 milioi euroko fakturazioarekin eta enplegatu totalaren %17,1arekin.

Irujoren ustetan ez da soilik Gobernuarena izan behar sektorearen hazkundea bermatzeko lana, baizik eta “nahitaezkoa izango da elkarlan publiko-pribatua”. Carlos Ros Lizarrako Merinadadeko Enpresen Elkarteko (Laseme) presidenteak ere sektoreak “etorkizun handia” duela uste du, eta gaineratu du elkartea prest dagoela enpresak sektore aeroespazialean barneratzen laguntzeko.

Bestalde, Jon Ander Crespo AINko aholkularitza arduradunaren ustetan komenigarria litzateke merkatura sartzeko baldintzak hobetzea, eta sustatzea sektoreko enpresen negozio-kopurua areagotzea. Horrez gain, proposatu zuen gune berria sortzea sektoreko ezagutzak partekatzeko, eta, bide batez, sektoreko enpresek helburu bateratuak zehazteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK