Teknologia gizarte modernoaren funtsezko zutabeetako bat bihurtu da. Gaur egun, gobernuek, enpresek, hezkuntzarako erakundeek eta herritarrek oro har programa informatikoen beharra dugu gure eguneroko eginkizunetarako. Hala nola, elkarrekin komunikatzeko, informazioa jaso eta bidaltzeko, salerosketak egiteko eta baita ikerkuntzarako eta hezkuntzarako ere. Testuinguru honetan, erabiltzen den software motak garrantzi handia du, horrek herrialde baten ekonomian, hezkuntzan, segurtasunean eta independentzia teknologikoan eragin baitezake.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Informatikaren munduan, baina, bi eredu nagusi daude: software jabeduna eta software librea. Software jabeduna enpresa edo erakunde pribatuen ekoizpena da, eta copyrightaren edo lizentzia itxien bidez, erabiltzaileek programak edo aplikazioak nola erabil ditzaketen kontrolatzen dute. Erabiltzaileok ez dugu programa horien kodea aztertzeko aukerarik, eta ondorioz, programa horiek zehazki egiten dutenaren informaziorik ez dugu, saltzen dizkigutenean ematen dizkiguten azalpenez harago. Kopiak egin eta banatzea ere debekatuta egoten da software jabedunaren kasuan.
Software librea, alternatiba teknikoa izateaz gain, lankidetzan, ezagutzarako sarbidean eta parte-hartze kolektiboan oinarritutako filosofia ere bada
Eredu horren beste muturrean software librea dugu. Software libreak programak erabiltzeko, aldatzeko eta banatzeko askatasuna sustatzen du, pertsonek erabiltzen duten teknologiaren gaineko kontrol handiagoa izan dezaten.
Alternatiba teknikoa izateaz gain, lankidetzan, ezagutzarako sarbidean eta parte-hartze kolektiboan oinarritutako filosofia ere bada. Ezaugarri horiei esker, herrialde asko teknologia irekien erabilerarekin lotutako politikak bultzatzen hasi dira, burujabetza digitala indartzeko, kostuak murrizteko eta tokiko garapena sustatzeko.
Software librea terminoak erabiltzaileen askatasuna errespetatzen duten programa informatikoei egiten die erreferentzia. Kontzeptu hori batez ere Richard Stallmanek garatu zuen 1980ko hamarkadan, softwarea aztertzea edo aldatzea eragozten zuten programen erabilera gero eta handiagoari erantzuteko. Horretarako, software jabedunaren copyright lizentzia murriztaileari aurre egiteko, copyleft lizentzia irekia garatu zuen, GPL izenez ezagutzen dena.
Informatikaren lehen hamarkadetan, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan bereziki, ohikoa zen ikertzaileek eta programatzaileek beren programak libreki partekatzea
Copyright lizentziek programen erabilera mugatzeko arauak zehazten dituzten bitartean, copyleftak lizentzia hori daramaten programekin zer egin dezakezun azaltzen du. Copyleftaren askatasuna copyrightaren debekuaren aurrean.
Software libre gisa definitu ahal izateko copyleft lizentzia lau askatasun hauetan oinarritzen da:
- 0. askatasuna: programa edozein helburutarako erabiltzeko askatasuna. Askatasun horren arabera, programa edozein helburutarako eta edozein eratan erabili ahal izango da, inolako mugarik gabe.
- 1. askatasuna: programak nola funtzionatzen duen aztertzeko eta aldatzeko askatasuna. Horrek programaren iturburu-kodea eskuratu eta aztertzeko aukera ematen digu, nola funtzionatzen duen ulertzeko eta norberaren beharretara egokitzeko.
- 2. askatasuna: kopiak banatzeko askatasuna. Lagunei edo erakundeei laguntzeko, programaren kopiak banatzeko eskubidea.
- 3. askatasuna: programa hobetzeko eta hobekuntzak argitaratzeko askatasuna. Programaren bertsio aldatuak edo hobetuak jendaurrean argitaratu eta banatu ahal izateko aukera ematen digu, komunitate osoak onura atera dezan.
Askatasun horiek posible izan daitezen, programaren iturburu-kodeak publikoki eskuragarri egon behar du halabeharrez. Iturburu-kodea softwareak funtzionatzea ahalbidetzen duten programatzaileek idatzitako jarraibideen multzoa da. Kodea itxita badago edo hura aztertzeko aukerarik egon ezean, ezinezkoa da erabiltzaileentzat edo gainontzeko programatzaileentzat programak nola lan egiten duen ulertzea, ezta beren beharretara egokitzea ere.
Hala ere, pertsona askok software librearen kontzeptua doako softwarearekin nahasten dute, gauza ezberdinak direla jakin gabe. Programa bat doakoa izan daiteke eta aldi berean software jabeduna izaten jarrai dezake; software libre bat, berriz, komertzialki salerosteko aukera egon daiteke eta erabiltzaileen askatasunak errespetatzen jarraitu. Nahasketa hau, ingelesez askatasuna eta doakotasuna, biak, “free” hitzarekin definitzetik dator. Honenbestez Richard M. Stallman software librearen sortzaileak “free as in speech, not as in beer” esaldiarekin azaltzen zuen ezberdintasuna, software librea askatasun kontua zela adierazteko, ez prezio kontua. Haren helburu nagusia ez baita kostuak murriztea soilik, teknologia modu irekian, gardenean eta elkarlanean erabili ahal izatea bermatzea baizik.
Informatikaren hastapenak eta softwarearen garapen kolektiboa
Informatikaren lehen hamarkadetan, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan bereziki, ohikoa zen ikertzaileek eta programatzaileek beren programak libreki partekatzea. Unibertsitate eta ikerketa-zentroetako programatzaileek elkarrekin lan egiten zuten etengabe, modu kolektiboan, sistema informatikoak hobetzeko eta arazo teknikoak konpondu ahal izateko. Ohikoa zen elkarlana.
Garai hartan, softwarea ez zen produktu komertzial independentetzat hartzen. Ordenagailuak ekoitzi eta saltzen zituzten enpresa gehienek softwarea ekipamenduarekin batera ematen baitzuten doan. Programak berez ordenagailuak funtzionarazteko gehigarriak besterik ez ziren.
Egoera aldatzen hasi zen industria teknologikoaren hazkundearekin batera. Enpresak softwarea oso negozio errentagarria bihur zitekeela konturatu eta iturburu-koderako sarbidea murrizten hasi ziren
Hala ere, egoera aldatzen hasi zen industria teknologikoaren hazkundearekin batera. Enpresak softwarea oso negozio errentagarria bihur zitekeela konturatu eta iturburu-koderako sarbidea murrizten hasi ziren. Pixkanaka, programak kopiatzea, aldatzea edo partekatzea debekatzen zituzten kontratu eta lizentziak sortzen hasi ziren.
Inprimagailu trabatu batek softwarearen historia irauli zuen
Richard M. Stallman Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) Adimen Artifizialeko laborategiko programatzailea zen, 1970eko hamarkadaren amaieran. Bere departamentuak, garai hartako beste unibertsitateetako departamentuek bezala, ordenagailu bakarra zuen eta askotan inprimagailua ere programatzaileen artean partekatu beharra zegoen. MITeko Adimen Artifizialeko laborategian, PDP-10 ordenagailu bat eta Xerox enpresak emandako inprimagailua zeuden. Inprimagailua, baina, sarritan trabatu egiten zen eta inprimatzera bidalitako lanen bila joaterakoan hauek inprimatu gabe geratzen zirela ikusita, Richard M. Stallmanek ideia bat izan zuen: inprimagailua trabatzerakoan abisu bat bidaltzeko programatxo bat garatzea. Horretarako, Xerox etxeari inprimagailuaren iturburu-kodea eskatu zion, kodea aztertu eta hobekuntza hura txertatzeko. Aitzitik, bere harridurarako, inprimagailuaren programak copyright lizentzia murriztailea zuenez, Xerox enpresak iturburu-kodea ukatu egin zion.
Iturburu-kodea eskuratzeko ezintasuna onartezina izan zen Stallmanentzat, eta software jabedunaren aurkako gurutzada abiatu zuen. Berak ez zuen soilik akatsak zuzentzea edo funtzionalitateak hobetzea bilatzen: ezagutza partekatua izan behar dela defendatzen zuen. Une horretatik aurrera, erabiltzailearen askatasuna interes komertzialen gainetik jartzera bideratu zuen bere karrera.
Iturburu-kodea eskuratzeko ezintasuna onartezina izan zen Stallmanentzat, eta software jabedunaren aurkako gurutzada abiatu zuen
1983an GNU Proiektuaren sorrera iragarri zuen, helburu zuena edozein pertsonak erabili zezakeen sistema eragile erabat askea garatzea.
Ondoren, Stallmanek software librearen fundazioa (Free Software Foundation) sortu zuen, software jabedunaren murrizketen aurrean software librearen filosofia sustatzeaz eta erabiltzaileen eskubideak defendatzeaz arduratzen den erakundea.
Mugimendu horren ekarpen garrantzitsuenetako bat izan zen lizentzia libreak sortzea, GNU Lizentzia Publiko Orokorra (GPL) bereziki, edonork softwarea aldatu edo banatu ondoren ere libre egotea bermatzen duen lizentzia.
GNU/Linuxen sorrera
1991n, Linus Torvaldsek Linux nukleoa garatu zuen. Sistema eragile baten nukleoa softwarearen eta hardwarean arteko zubi-lana egiten duen funtsezko pieza da. Richard M. Stallmanen GNU Proiektuak oraindik nukleoa garatu gabe zuenez, GNU tresnak eta Linux nukleoa konbinatzerakoan, gaur egun software librearen adibide garrantzitsuenetako bat den GNU/Linux Sistema Eragile osoa sortu zen.
Urteen poderioz, GNU/Linux azkar hedatu eta munduan zehar milaka programatzaileren lankidetzari esker, egun Internet zerbitzarietan, ikerketa-zentroetan, gobernu-sistemetan, telefono mugikorretan, superordenagailuetan, hezkuntza plataformetan edota etxeetako ordenagailu pertsonaletan aurki dezakegu.
Software libreak segurtasun akatsak edo arazoak azkarrago detektatzeko aukera ematen du
GNU/Linuxen hazkundeak, software komertzialaren aurrean, erakutsi du elkarlanak sistema oso eraginkorrak eta lehiakorrak sor ditzakeela.
Software libreak, iturburu-kodea aztertzeko eta horrekin programak nola funtzionatzen duen berrikusteko aukera eskaintzeaz gain, segurtasun akatsak edo arazoak azkarrago detektatzeko aukera ematen du. Horrez gain, programak erakunde, enpresa edo herrialde baten behar espezifikoen arabera alda daitezke eta teknologia, kultura, hezkuntza eta ekonomia testuinguru desberdinetara egokitu.
Zabor elektronikoa gutxitzen konfiantzazko bidelaguna dugu, programa libre askok egoki funtzionatzen baitute ordenagailu zaharretan edo baliabide gutxikoetan. Horrekin ere muga edo zailtasun ekonomikoak dituzten gizarte esparruetan teknologiarako sarbidea erraztu egiten da.
Software librearekin hizkuntza gutxiagotuek ere programak beraien hizkuntzetan izateko aukera dute
Software librearekin hizkuntza gutxiagotuek ere programak beraien hizkuntzetan izateko aukera dute. Software jabedunak errentagarritasun-mailen araberako logikan oinarritzen direnez, saihestu egiten dute beraien programak hiztun multzo txikia duten hizkuntzetara itzultzea, diru kopuru handiak tarteko ez badira behintzat. Software libreak oinarrian duen elkarlanari esker, erabiltzaileek zuzenean programak beraien hizkuntzetara itzultzeko aukera dute.
Teknologia burujabetza (ere) herri librea izateko
Herrialde edo Estatuetako gobernuek beraien administrazio eta egituretan atzerrian garatutako software jabeduna erabiltzen dutenean, herriaren etorkizuna konpainia pribatuen politika, prezio eta erabakien mende uzten dute. Egungo mundu digitalizatuan, softwarea da edozein gizartetako sistema informatiko eta sareak mugitzen dituen muina. Administrazio Publikoetan, osasungintzan, hezkuntzan erabiltzen diren programek kudeatzen dituzten jendartearen datu sentikorrak gu ohartu gabe eta ondoren salgai moduan erabiltzeko helburuarekin atzerriko zerbitzari pribatuetan amaitzen ez dutenaren ziurtasuna behar dugu. Hori, erabiltzen diren programen iturburu-kodea aztertzeko aukerarekin bermatu daiteke soilik.
Arlo ekonomikotik begiratuta ere, gobernuek eta unibertsitateek egun izugarrizko aurrekontuak xahutzen dituzte urtero software jabedunen lizentziak erosi eta eguneratzen, enpresa pribatuekin egindako kontratu garestien eraginez. Software librearekin kostu horiek nabarmen murriztu daitezke diru publikoa ikerketa eta tokiko industria eta gaitasun teknologikoan inbertitzeko aukera emanez.
Software librearekin kostu horiek nabarmen murriztu daitezke diru publikoa ikerketa eta tokiko industria eta gaitasun teknologikoan inbertitzeko aukera emanez
Munduko mailan hainbat gobernuk software librea erabiltzen dute jada teknologia burujabetzan sakontzeko, sistema informatikoen kostu ekonomikoak murrizteko edota segurtasuna handitzeko. Alemania, Brasil, India eta Estatu frantziarrak, adibidez, beraien administrazio publikoetako zenbait arloetan eta hezkuntza-sistemetan programa libreak ezarri dituzte, kasu askotan GNU/Linux erabiliz.
Orain arte sistema informatikoak Amerikako Estatu Batuetako enpresa pribatuen programen mende dituen Europar gobernuan ere dependentzia hori etengo duen software librean oinarritutako sistema eragile eta programak erabiltzearen aldeko ahotsak entzuten hasi dira azkenaldian.
Finean, herri batentzat software librea erabiltzeak azpiegitura informatikoen kostuak murrizteko, independentzia teknologikoa lantzeko, hezkuntza indartzeko, tokiko industriaren garapenerako, segurtasun informatikoa handiagotzeko eta teknologiarako sarbidea zabaltzeko balio baitu. Informazioak eta teknologiak gero eta zeregin garrantzitsuagoa duten mundu honetan, software libreak aukera ematen die herriei gizarte autonomoago, berritzaileago eta inklusiboago bat eraikitzeko.
Software librea askatasunean, gardentasunean eta lankidetzan oinarritutako alternatiba teknologikoa baita. Bere jatorria software jabedunak ezarritako murrizketei erantzuteko sortu zen, eta ekonomia, hezkuntza eta gizarte inpaktua duen mugimendu global bat bihurtu da.
GNU eta Linux proiektuen bidez, software libreak erakutsi du garatzaileen arteko lankidetzak tresna eraginkorrak, seguruak eta milioika pertsonarentzako eskuragarriak sor ditzakeela.
Artikulu honek Izarkom Eskolan jorratu den gaietako bat du oinarri, eta eskola hori eman duen Iker Garaialde Etxaburu Izarkomeko zuzendaritza koordinatzaileak idatzi du. EnpresaBIDEAren eta Izarkomen arteko lankidetzaren emaitza da.