• BERRIKUNTZA
  • Spri taldeak enpresen berrikuntza finantzatuko du ia 14 milioi eurorekin

Spri taldeak enpresen berrikuntza finantzatuko du ia 14 milioi eurorekin

10 milioi eurorekin berrikuntza jarduerak sustatuko dira enpresetan

Fast Track Innobideak, Hazinnova eta BDIH Konexio dira programak | Argazkia: iStock
Fast Track Innobideak, Hazinnova eta BDIH Konexio dira programak | Argazkia: iStock
2025eko maiatzaren 9a
Eg. 2025eko maiatzaren 9a

Enpresen berrikuntza finantzatuko du Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 13,65 milioi eurorekin. Diru hori hiru programetan banatuko da, zeinak Spri taldeak kudeatzen dituen.

 

Fast Track Innobideak izena du lehen programak, eta diru kopuru handiena jasoko duena da: 10 milioi euro. Ekimenak berrikuntza jarduerak sustatuko ditu enpresen negozio prozesuak hobetzeko, eta, hala, negozioak lehiakorragoak bihurtzeko. Programan parte hartzen duten enpresek “laguntza integrala” jasoko dute, “ikertzaileen kostuen finantzaketatik hasi eta enpresa adituen aholkularitzaraino”. Proiektu bakoitzeko 250.000 euro arteko dirulaguntza jaso ahalko da, orotariko gastuetan erabiltzeko: langileen edo tresnen kostuak, aholkularitza, edota kualifikazio handiko langileak lortzea, besteak beste. Parte hartzeko epea maiatzaren 20an itxiko da.

Bestalde, 2,7 milioi euroko aurrekontua duen Hazinnova programa aholkularitzan oinarritzen da, eta enpresei euren antolakundeetan berrikuntza ez teknologikoko proiektu txikiak martxan jartzen laguntzen die. Horretarako, Hazinnova agentea izeneko pertsonak prozesu osoan zehar laguntzen ditu enpresak, eta, gainera, berrikuntza arloan aditua den aholkularitza ere jasotzen dute, hau da, 50 orduko laguntza pertsonalizatu eta presentziala. Laguntza hau bereziki bideratuta dago berrikuntza-proiektuen garapenean esperientziarik ez duten negozioei laguntzeko (bost langile eduki behar dituzte, gutxienez).

 

Hirugarren eta azken programak BDIH Konexio du izena, zeinetara oraindik ezin diren eskaerak bidali. Ekimenaren bitartez lortu nahi da manufaktura-enpresek sarbidea izatea esperimentazio azpiegituretara. Dirulaguntzak gastuen %80 artekoak izango dira, proiektu bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izanda. Batik bat bideratuta dago ondorengo teknologiara: robotika malgua, fabrikazio aditiboa, zibersegurtasuna, material aurreratuak, adimen artifiziala…