STEAM Euskadi Sarien hirugarren ediziora proiektuak aurkezteko epea irekita

Ikastetxeek, unibertsitateek, hezkuntza ez-formaleko erakundeek, ikerketa zentroek, enpresek edota Euskadin STEAM hezkuntzako ekimenak garatzen ari den edozein erakundek izango du parte hartzeko aukera

Steam Euskadi Sarien irudia | Argazkia: Irekia Steam Euskadi Sarien irudia | Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak ostegun honetan ireki dute STEAM Euskadi Sarien hirugarren ediziora proiektuak aurkezteko epea, eta 2023ko urtarrilaren 31ra bitarte egongo da zabalik.

STEAM Euskadi Estrategiaren baitan, ekimenaren helburua da STEM bokazio goiztiarrak bultzatzen dituen hezkuntza eredu hori sustatzeko jardunbide onenak aitortzea eta ikusaraztea, hau da, Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako bokazioak piztea, betiere Arteekin eta Humanitateekin lotuta (STEAM akronimo ingelesa da, Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics hitzekin sortua).

Hezkuntza Sailetik jakinarazi dutenez, STEAM Euskadi Sarietan parte har dezakete ikastetxeek, unibertsitateek, hezkuntza ez-formaleko erakundeek, ikerketa zentroek, enpresek edota Euskadin STEAM hezkuntzako ekimenak garatzen ari den edozein erakundek.

Aurtengo berritasun nagusia da lehiaketak kategoria berria
izango duela, unibertsitate eta Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzendua, aurreko urteetako bi kategoriekin batera (ikastetxeak eta erakunde sozioekonomikoak). Kategoria bakoitzean bi sari eta genero ikuspegiari emango zaion aipamen berezia izango dira. Ondorioz, Hezkuntza Sailak sarietara bideratzen duen diru kopura ere ugaritu egin da, 12.000 eurotik 18.000 eurora.

Irabazleek euren STEAM proiektura bideratu beharko dute saria, hau da, saritutako ekimenean edota horren irismenean hobekuntzak finantzatzera edo STEAM ekimen berri bat abiaraztera.

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK