
TramoIA Intralogistics Robots start-upa sortu du Tecnaliak. Adimen Artifizialeko (AA) teknologiak erabilita robotak eskaintzen ditu, bai biltegietan, bai banaketa-zentroetan, prozesuak automatizatzeko. Zentro teknologikoak helburu du logistika “modu seguruan” optimizatzea, “funtsezko prozesuak arinduta, hala nola, eskaeren prestaketa, kamioien zamalanak eta apalategietako maneiua”.
Horretarako, jada sortuta dagoen egungo prototipoa sektoreko enpresekin balioztatzen ari da Donostian egoitza duen TramoIA; Europako merkatuan lanean hastea aurreikusten dute 2026 urterako, eta etorkizunean robota gainerako kontinenteetara zabaldu nahi dute.
Bi faktoreren baitan sortu da robota: batetik, Tecnaliak ikerketa lan handia egin du industria roboten alorrean azken hamabost urteetan; bestetik, logistikan espezializatutako enpresek eskaerak prestatzeko gai den robota “behar dute” biltegietako prozesuak arintzeko eta eraginkortasuna handitzeko.
Start-upak Eusko Jaurlaritzaren Spri Taldearen laguntza jaso du, baita Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzailearen Basque Tek Venture ekimenarena ere.