Industriaguneetako langileen segurtasunerako teknologia garatu dute EAEko zenbait erakundek

Tecnalia zentro teknologikoak garatu du, Externalia Solutions, Hierros Abra, Lurpelan eta Abra Seguridad enpresekin lankidetzan

Langileak tunelean | Argazkia: Tecnalia Langileak tunelean | Argazkia: Tecnalia

Tecnalia zentro teknologikoak plataforma digitala garatu du Externalia Solutions, Hierros Abra, Lurpelan eta Abra Seguridad enpresekin elkarlanean. Teknologia berria baliagarria izango da tuneletan eta industria-inguruneetan gertatzen diren ezbeharrak aurrez identifikatzeko.

Horrela, plataformak aukera emango du arazoak edo anomalia posibleak “eraginkortasunez prebenitzeko eta konpontzeko”. Horretarako, soluzio teknologikoak “azken belaunaldiko” algoritmoak erabiliko ditu, alegia, sistema adimenduna izango da.

Funtzionatzeko, industriagune horietan lanean ari diren langileek gailu eramangarria jantziko dute, zeinak langilearen kokalekua iragarriko duen automatikoki. Posizioaz gain, tenperatura eta beste hainbat datu jasoko ditu gailuak. Gainera, alarma botoia edukiko du, arrisku egoeran egonez gero abisua helaraz dezan.

Aparatu horien bitartez jasotako informazioa zuzenean txertatuko da zentro teknologikoak garatu berri duen plataforma digitalean, eta jasotakoaz baliatuta ondorengo datuak eskainiko ditu: denbora errealeko geolokalizazioa eta industria-inguruneetako 3D ereduak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK