Surion Wind Systems start-up arabarra eta Tecnalia lankidetzan arituko dira aurrerantzean. Haize-parkeak berritzeko soluzio aurreratuen diseinuan eta fabrikazioan espezializatutako enpresak lankide eta bazkide teknologiko gisa hartu du Tecnalia, eta haize parkeen modernizazioa bultzatuko dute elkarrekin.
Tecnaliak ohar bidez azaldu duenez, lankidetza premia handi bati erantzuteko sortu da: “lehendik dauden haize-parkeak modernizatzea eta haien balio-bizitza luzatzea, bereziki Europan eta Estatu Batuetan, haize-sorgailuen flota handiak zaharkitzen eta potentzia galtzen ari baitira eta instalatutako ahalmenaren efizientzia areagotzearen presioa baitute”.
Horri aurre egiteko, repoweringa —berritze partziala edo totala— da aukera “bideragarri eta abantailatsuena”, teknologia zentroaren arabera.
Potentzia kontrolatzeko sistemak diseinatzen duen esperientzia eskainiko du Tecnaliak, eta lankidetza hiru ardatzetan oinarritu du: garapen propio, software espezializatu eta jabetza industrialetarako sarbidea ematea Surion Wind Systemsi, sistema eolikoetan potentzia kontrolatzeko sistema garatze aldera; kargak aztertzeko, sorgailu elektrikoetan galerak segregatzeko eta jokabide dinamikoaren modelatzerako tresna aurreratuak sortzea; eta prototipo funtzional bat garatu eta sistemaren errendimendua balioztatzeko aukera emango duen eskalako saiakuntza-banku bat martxan jartzea.
José Luis Villate Tecnaliako Energia Berriztagarrien eta Eraginkortasun Termikoa ataleko zuzendariak adierazi duenez, "Surion Wind Systemsekin batera lan eginez, start-upak proposatzen dituen berrikuntzek lehendik dauden haize-parke ugariren berrindartze-prozesua bizkortuko dute; modu horretan, negozio-eredu oso errentagarriak sortzen lagunduko dute eta ingurumen-izapideak erraztuko dira”.
Surion Wind Systemsekn soluzioak berrindartze partzialerako aukera ematen du, aire-sorgailuen funtsezko osagaiak bakarrik aldatu eta lehendik dagoen azpiegituraren %48 aprobetxatuta. Horri esker, berrindartzearen kostuak %44 bitarte murrizten dira, inbertsioa optimizatu eta haize-parkeen ingurumen-inpaktua minimizatzen da.
Rubén Ruiz de Gordejuela Surion Wind Systemseko zuzendari nagusiak zehaztu duenez, “konpainiak zenbait faktore teknologiko bereizgarri ditu, berrindartze-prozesua eta industrializazioa optimizatze aldera; modu horretan, enpresa ere berrindartuko da, baita mantentze-lanak ere, azken offshore teknologiak onshore aplikatuz”.