• BERRIKUNTZA
  • Teknikerrek neutroiak kontrolatzeko sistema berezia sortu du Europako ESS proiektu berritzailerako

Teknikerrek neutroiak kontrolatzeko sistema berezia sortu du Europako ESS proiektu berritzailerako

Suedian garatzen ari diren instalaziorako sistema fabrikatu du zentro teknologikoak, Aernnova eta ESS Bilbaorekin elkarlanean

Argazkia: Tekniker
Argazkia: Tekniker
2026ko maiatzaren 20a - 11:12
Eg. 2026ko maiatzaren 20a - 11:18

Suedian proiektu oso esanguratsu bat eraikitzen ari dira: European Spallation Source (ESS) izeneko instalazio zientifikoa, zeinak neutroiak erabiliko dituen medikuntzarekin, energiarekin, materialekin edo klima aldaketarekin lotutako gaiak ikertzeko. Mundu mailako neutroi-iturri handiena izango da, eta 2027. urterako martxan egotea aurreikusten da. 

 

Instalazioa sortzeko beharrezkoak diren teknologiak Europa osoan zehar ekoizten ari dira, eta Euskal Herriak ere jarriko du bere aletxoa: Eibarreko Tekniker zentro teknologikoa proiektuan parte hartzen ari da. Zehazki, Miracles izena duen tresnarako (ESSren funtsezko ekipo zientifikoetako bat) sistema mekaniko espezifiko bat sortu du zentroak, zeina baliagarria den neutroiak zehaztasun handiz modulatzeko. Andoni Delgado Teknikerreko Zientziaren Industriako arduradunak zehaztu duenez, “orain arte ez zen existitzen halako baldintza zorrotzak betetzen zituen soluzio komertzial estandarrik”, eta horrexegatik garatu behar izan dute ESSren ingurune espezifikora egokitutako sistema. Aernnova Engineering eta ESS Bilbaorekin batera egin du lan Tekinerrek, “ESS Bilbaoren ezagutza zientifikoa, Aernnovaren esperientzia industriala eta Teknikerren ikerketa-gaitasun aurreratuak bateratuta”.

Konpainiak ondorengoa ere azaldu du: “Miracles tresnak 162,5 metroko luzera du, eta aukera emango du prozesu dinamikoak energia-maila zabal batean aztertzeko. Hala, ikerketa-aukera berriak irekiko ditu hainbat arlotan, hala nola, bizi-zientzietan, polimeroen zientzian, material energetikoetan eta magnetismo-azterketetan”.

 
Argazkia: Tekniker
Argazkia: Tekniker