Teknologia elikagaien zerbitzura

Elikadura sektorean punta-puntako teknologia erabiltzeak ahalbidetzen du produktu berriak sortzea, prozesuak erraztea, eta kalitatea bermatzea. Hori egiten dute, hurrenez hurren, Nucapsek, Inser Roboticak eta Meriéux Nutrisciencek. Euren soluzioak aurkeztu dituzte Food 4 Future azokan

Pablo Rosas Nucapseko ikertzailea, eta Raquel Campión Rodriguez proiektu arduraduna, atzo Food 4 Futuren | Argazkia: EnpresaBIDEA Pablo Rosas Nucapseko ikertzailea, eta Raquel Campión Rodriguez proiektu arduraduna, atzo Food 4 Futuren | Argazkia: EnpresaBIDEA

Haurrentzat istorio ugaritako protagonistak izan ohi dira hauts magikoak, edozer posible egin ohi duten horiek, hain zuzen. Noski, liburuetan hauts horiek ez dira proteinaz eginikoak eta ez dira erabiltzen landareak edo elikagaiak eraldatu eta horiek aprobetxatzeko. Baina halako zerbait egiten du Nucaps enpresa nafarrak 2017tik. CEIN Nafarroako ekintzailetza zentroak Noainen duen haztegian kokatua, 10 bat langile ditu, eta soluzio teknologikoa eskaintzen du proteinen bitartez produktuak pilula bihurtzeko, elikadura sektorearentzat zein kosmetikarentzat.

Hain zuzen, euren produktua Food 4 Future azokan aurkezten ari dira, BECen atzotik bihar arte egingo den azokan, alegia. Nebext eta Aztik elkarlanean antolatua, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako gobernuaren babesa jaso du, eta  17 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan dezakeela aurreikusi dute antolatzaileek. Nucapsen izenean azokan izan dira, besteak beste, Raquel Campión Rodriguez proiektu arduraduna eta Pablo Rosas ikertzailea. CEINen gunean daude kokatuta. "Bezeroa printzipio aktibo batekin edo osagai batekin etorri ohi da guregana. Eta guk kapsulatze teknologia eskaintzen dugu, hauts forma duena, bezero bakoitzaren beharren arabera egokituko duguna", azaldu dute. Zer eskaintzen du kapsulazioak? "Egonkortasuna mantentzea, termo-erresistentzia, usain eta zaporeak 'ezkutatzea'... Printzipio aktiboak, bestela, asko sufritu dezake".

Nucaps: "Bezeroa printzipio aktibo batekin edo osagai batekin etorri ohi da guregana. Eta guk kapsulatze teknologia eskaintzen dugu, hauts forma duena, bezero bakoitzaren beharren arabera egokituko duguna"

Prozesua gauzatzeko erabilitako proteinak animalia zein landare jatorrikoak dira, eta dagoeneko erregulazioari dagokionez onartuta daude erabili ahal izateko. "Kapsulazioak ahalbidetzen du kontsumitzaileak produktuari dagokion dosi aproposa kondizio optimoetan hartu dezan".

Bezero partikularrekin zein proiektuekin lan ari badira ere, une honetan hedapen fasean dago Nucaps, harrezkero duten bezero-zorroa zabaltzeko asmoz. Azoka horretarako baliagarria izan daitekeela iritzi diote Campión eta Rosasek. Gainera, FoodTech Innovation Awardsetan izendapena jaso dute Nazioarteko proiekzio onena duten enpresen kategorian, eta horrek ere bultzada apur bat gehiago ematen lagun diezaieke. Gaur jakingo da saria irabazi duten edo ez.

Robotika packaginerako

CEINeko erakustokitik ez oso urruti dago Basque Food Clusterrena. Euren kasuan, helburu bikoitza dute Food 4 Future azokan: batetik, elkartearen barruan dauden enpresa batzuen soluzioak erakutsi; bestetik, eskaintza aztertu, foodtechari loturiko tendentziak ezagutzeko, eta lankidetzazko proiektuak martxan jartzeko. Hala laburbildu daitezke Virginia Matesanz Basque Food Clusterreko Berrikuntza zuzendariaren hitzak.

"Orain saiatzen ari gara gabeziari edo urritasunari loturiko soluzioak bilatzen. Eskaeraren ahotsa izatera gatoz, bertan dauden erakustoki askok soluzioak eskaini diezazkiguten. Ohartu gara kate gisa oso erresilienteak izan garela, eta malgutasun handia erakutsi dugula, baina zaurgarritasun garaian ere bizi gara. Inflazioa, osagaien faltagatik, energiagatik... Talentu falta ere badugu. Fokua, beraz, hor jarri behar dugula uste dugu", plazaratu du Matesanzek.

Virginia Matesanz: "Eskaeraren ahotsa izatera gatoz, bertan dauden erakustoki askok soluzioak eskaini diezazkiguten"

Eskaeraz harago, Basque Food Clusterren baitan etorritako soluzio bat da Inser Roboticarena. Mungian dago kokatuta eta 1986. urtetik darama martxan. Automozio sektorean eman zituzten lehen pausoak 1980ko eta 1990eko hamarkadan, bertan baitzen eskaerarik handiena, baina "pixkanaka" ikusi zuten palet bihurtzeko teknologia "oso erabilgarria" zela hainbat industriatan, besteak beste, elikadurarena. "Gainera, atzeman genuen elikaduraren sektoreak oso ondo eusten ziela krisialdiei", azaldu du Antxoka Gomez Marketin arduradunak. Egun sektore horretan aritzen dira batik bat, eta 75 langile dira.

Jon Etxebarria eta Antxoka Gomez, Inser Roboticako kideak, Food 4 Futuren | Argazkia: EnpresaBIDEA
Jon Etxebarria eta Antxoka Gomez, Inser Roboticako kideak, Food 4 Futuren | Argazkia: EnpresaBIDEA

Food 4 Futuren, hain zuzen, euren soluzioa aurkezten dabil Gomez, Jon Etxebarria Iparraldeko area arduradunarekin batera. Euren egitekoa da produktu baten "bigarren mailako packaginga automatizatzea", produktua ekoitzita dagoen momentutik biltegi batean amaitzen duen unera arte: produktua zuzen dagoela baieztatzea bisio artifizialaren bitartez, kutxan sartzea, garraiatu, etiketatu, paletetan bildu, film galdenarekin fardoa sortu eta bidaltzeko prest utzi. "Lerro guztiaren automatizazioa eskaintzen dugu, edo zenbait parterena, bezeroen beharren arabera", dio.

Oro har, kontsumo-ondasun ez iraunkorrekin aritzen da Inser Robotica. "Esan ohi dugunez, supermerkatu baten topatu dezakezun guztiarekin. Edari eta elikagaietatik hasita, paperetaraino, garbiketarako kimikoak... Horrek guztiak kutxetan amaitzen du, paletetan, supermerkatura eramateko". Euren teknologiaren aplikazioko adibide bat da arrantza sektorekoa. Bertan, hain zuzen, adimen artifiziala aplikatzen dute, produktuen sailkapena egiteko: "arrain moten sailkapena egin behar izaten da, non espezie bat eta azpiespezie bat dagoen. Are, gure sailkapen sistemak itsasontzietan bertan ere instalatu dira. Esaterako, arrantzarako itsasontzia izozkailua ere bada, eta dena oso modu azkarrean sailkatu behar badu, gurea bezalako sistema erabiltzen du", kontatu du.

Kontrolaz harago, berrikuntza

Mundu mailakoa izanik ere, Basque Food Clusterren kokalekuan erakustokia du Merieux Nutriscience taldeak. Aralab enpresaren egoitza erosita, pixkanaka izen hori galduko du, merkatuak Merieux taldearekin lotu ahala. Hala ere, laborategiak toki berean jarraitzen du, eta taldearen azkeneko proiektua garatzeko laborategi nagusia Gasteizkoa da. Horixe da Food 4 Futuren aurkezten ari direna, bezero gehiago lortzeko asmoz.

merieux f4f
Javier Gamboa Merieux Nutriscience taldeko Area Molekularreko, Ikerketako eta Garapeneko arduraduna Espainian | Argazkia: EnpresaBIDEA

Aipaturiko gamak Genomix izena du, elikagaien segurtasunari eta berrikuntzari loturikoa. "Teknika molekularrak espezieen kontrolerako iruzurraren kontrako borrokan erabiltzen ziren. Zuk erosten zenuen haragia, eta baieztatzen zenuen ea bertan biltzen ziren espezieei zegokien edo ez. Horrek kontrol ikuspegi hori du. Baina ez dizu ahalbidetzen diferentziatzea, zure produktua balioan jartzea. Bai, ordea, potentzia teknologiko handiagoarekin garatzen baduzu: km0ko produktuen akreditazioa, lehiaren kontrako borroka...", adierazi du Javier Gamboa Merieux Nutriscience taldeko Area Molekularreko, Ikerketako eta Garapeneko Espainiako arduradunak.

Genomixeko produktuek, beraz, kontrolaz harago, berrikuntza ere sustatzea ahalbidetzen dute, edo produktuaren hazi genomikoa sortzea, hatz-markaren antzekoa. "Alegia, ez legeak derrigortzen nauena egitera, baizik eta nik egin nahi dudana, produktu berria aterata eta diferentziatuta", gaineratu du Gamboak. Produktu-sortak sei bat hilabete daramatza merkatuan, eta  une honetan aurkezpen fasean daudeelikadura sektoreko enpresa ugarirekin ari dira lanean.

 
 

 

 

Informazio gehiago
On egin, bai, baina modu jasangarrian
Teknologia etorkizuneko elikagaiak bermatzeko
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK