Cebek patronalak eta Bizkaia Euskaltel Digital Center erakundeak elkarlanerako akordioa itxi dute, teknologia esparruko formakuntza indartzeko asmoz. Bi erakundeen helburua da lurraldeko enpresei gaitasun digitalak dituzten langileak eskaintzea, eta, era berean, langile horien merkaturatzea erraztea.
Infojobs etxearen ikerketa baten arabera, Espainian, hamar lanpostuetatik seietan adimen artifizialak eragina izango du datozen urteetan, eta testuinguru horretan, bai Cebekek, bai Bizkaia Euskaltel Digital Centerrek, etengabeko formakuntza, reskilling eta upskillingen aldeko apustua egin nahi dute.
Akordio honi esker, bi erakundeek dibulgazio, sentsibilizazio eta formakuntza jarduerak eskainiko dituzte. Helburua da arrakala digitala murriztea, eta lan merkatuan diren pertsonak adimen artifizialean, zibersegurtasunean, konektibitatean, automatizazioan edota datu analitikan trebatzea.
Bizkaia Euskaltel Digital Centerrek pasa den hilabetean ireki zituen ateak, eta “gaitasun teknologiak zabaldu eta talentua garatzea” du helburu. Martxan jarri zenetik, hainbat jardunaldi eta enpresa jarduera egin dituzte bertan, baita formakuntza ikastaroak eskaini ere.
"Bizkaiko enpresa txiki eta ertainak ezin dira eraldaketa digitalean atzean geratu. Aliantza honekin, enpresa bakoitzaren tamaina edo sektorea edozein izanda ere, adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak egokitzeko, hazteko eta aprobetxatzeko beharrezkoak diren ezagutza eta tresnak eskura izatea nahi dugu", azaldu du Guillermo Buces Cebeko presidenteak.
Ildo beretik jo du Luz Usamentiaga Euskaltel Fundazioko presidenteak, eta nabarmendu du Bizkaia Euskaltel Digital Center jaio dela “teknologia pertsonengana hurbiltzeko”.