• BERRIKUNTZA
  • Euskaraz dakien robot industriala aurkeztuko dute Tecnaliak eta Oraik

Euskaraz dakien robot industriala aurkeztuko dute Tecnaliak eta Oraik

Beste hizkuntzez gai, euskaraz konfiguratu eta programatu ahal izango du robota "edozein langilek", jakintza teknikorik izan ez arren

Tecnaliaren beste robot bat | Argazkia: Tecnalia
Tecnaliaren beste robot bat | Argazkia: Tecnalia
2025eko ekainaren 3a
Eg. 2025eko ekainaren 3a

Robot industrial “aitzindaria” aurkeztuko dute gaur arratsaldean, 16:00etan, Tecnaliak eta Oraik: euskaraz (eta beste hizkuntza batzuetan) elkarreraginean jarduteko gai den robota. Bilbao Exhibition Centreko (BEC) +Industry azokako weAR gunean ezagutaraziko den robot industriala Tecnaliak sortu du, eta Orai NLP-k garatu dituen ASR (Automatic Speech Recognition edo transkripzio automatikoko teknologia) eta TTS (Text To Speech edo hizketaren sintesia) izeneko teknologiak inplementatu zaizkio.

 

Zentro teknologikoak adierazi du teknologiak garatzeko lanean ari direla, zeinak ahalbidetuko duten roboten, kontrol industrialen, makina-erreminten eta beste plataformen arteko interakzioa naturalagoa izatea. Horren adibidea da gaur arratsaldean aurkeztuko duten robota, elkarrizketaren bitartez robotari adieraziko baitiote, euskaraz, zer egin behar duen.

Gaineratu dutenez, edozein langilek konfiguratu ahal izango du robot industriala, hark zereginak egin ditzan, nahiz eta langileak ez izan ezagutza teknikorik, ez eta programazioan esperientziarik ere.

 

Unai Antero Tecnaliako Interakzio Areagotuko Fokuko arduradunak azaldu du euskarak desabantaila duela sektorean, enpresa teknologiko handiek hizkuntza handiak (ingelesa, kasu) erabiltzen dituztelako Adimen Artifizialeko (AA) sistemak entrenatzeko. Horrek AAk euskaraz erantzun desegokiagoak eta okerragoak ematea eragiten du, baita transkripzio automatikoak gaizki egitea ere. “Horrek erakusten du ahalegin berezia egin behar dela euskara Adimen Artifizialean eta etorkizuneko teknologian txertatzeko” esan du Anterok. Robot industrialak Orairen teknologiak erabiltzeagatik harro azaldu da Igor Leturia Oraiko Hizketa Teknologien arduraduna, eta azpimarratu du garrantzitsua dela teknologia +Industry azokan ezagutaraztea, “fabrikazio adimendunari eskainitako Estatuko topagunerik handiena baita”.