Bioteknologiaren eta biofabrikazio aurreratuaren arloan hainbat erakunde eta enpresa dira geurean: VIVEbiotech, Viralgen, Histocell, BTI, TAAV, Artis BioSolutions, Bexen Medical... Horiek dira, hain zuzen ere, Basque Health Clusterrekin batera, gaur Bilbon aurkeztu den Terapia Aurreratuen Biofabrikazioko hubaren bultzatzaileak.
Eusko Jaurlaritzako Industria sailak babestua, proiektuak bilatzen du egun dauden gaitasunak probestu eta horiek "abantaila lehiakor" bihurtzea, industria ahalmena handitu asmoz. Izan ere, dagoeneko erreferente diren proiektuak bultzatzen ari dira arestian aipatutako enpresak, eta soluzio horiek elkarren artean osagarriak dira. Aitzitik, elkarlaneko egitasmoak sustatuta, nazioarteko inbertsioa, proiektuak eta talentua erakartzeko aukerak areagotu daitezkeela uste dute hubaren sustatzaileek. Alegia, ahalmen zientifikotik harago joan eta industria eskala ematea gako da garapena ahalbidetzeko, horrek markatzen baitu aldea. Horretarako, hubak hainbat arlori emango die erantzuna: industrializazioa eta garapen berriak eskalatzea, ekoizpen-prozesuak automatizatu eta hobetzea, talentu espezializatua erakartzea eta prestatzea, hazkundea finantzatzea eta fabrikazio-gaitasunak sendotzea.
Idoia Muñoz Basque Health Clusterreko zuzendari nagusiak plazaratu duenez, “Europak aparteko gaitasun zientifikoa" izanik ere, erronka da "ezagutza hori industria bihurtzea", eta zentzu horretan, uste du "Euskadik benetako aukera" duela, "hemen badirelako egun batetik bestera nekez eraikitzen diren konpainiak, ezagutza, talentua eta fabrikazio-gaitasunak”. Alegia, abiapuntua ez da "asmo teoriko hutsa".
Aipatutako enpresak ez ezik, ekosistema horren parte ere dira zentro teknologikoak, osasun-ikerketako institutuak, unibertsitateak, osasun-sistemako eragileak eta bioteknologia nahiz industria arloko beste enpresa batzuk. Are gehiago, klusterretik gogorarazi dutenez, hazten ari da jarduera horretan ari den hornitzaile espezializatu sarea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta