• BERRIKUNTZA
  • Testamentu digitala: gure aztarna birtuala babesteko tresna

Testamentu digitala: gure aztarna birtuala babesteko tresna

Egun informazio asko uzten dugu sarean. Sare sozialetako kontuak, pasahitzak, emailak, bankuko datuak, telefono zenbakiak...Testamentu digitalak sarean sortzen dugun ondare digitala zaintzea du helburu

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2025eko ekainaren 29a

Gaur egun, digitalizazioaren aurrerapenek gure bizimodua erabat aldatu dute. Interneten bizi gara, gure eguna sare sozialetan igarotzen dugu eta gure datu guztiak hodeian gordeak daude. Ordainketak, harpidetzak eta baita gure eguneroko bizitzako beste aukera batzuk ere sare digitalei lotuta daude. Baina, hiltzen garenean, zer gertatzen da gure bizitza digitalarekin? Nor arduratzen da gure online kontuez, pasahitzez eta fitxategiez? Nork bermatzen du gure ondare digitala guk nahi dugun bezala kudeatuko dela?

 

Erronka digital moderno honen aurrean prozedura berri bat sortu da; testamentu digitala. Bertan, ondare digitala zein den, nork izan duen haren kudeaketa, eta, batez ere, ondare horien jabearen borondatea errespetatuko dela ziurtatzen da. Leire Alberdik, EKA/ACUVeko (Euskal Kontsumitzaileen Elkartea) Donostiako bulegoaren arduradunak honela dio: "Kode zibilak bi multzotan banatzen ditu testamentuak; alde batetik, testamentu irekia edo itxia, testamentu komunena dena. Bestalde, testamentu bereziak daude, egoera berezientzat pentsatuak; hala nola, militarrentzat edota marinelentzat. Testamentu digitala bi testamentu mota horietako bat egiterakoan klausula zehatz bat ipintzean datza".

Eka/ACUV elkarteak kezka horri erantzunez, testamentu digitala osatzen eta arautzen laguntzeko prozesua aztertu du. Lehenik eta behin, beharrezkoa da dokumentu hori notarioaren aurrean egitea. Dokumentua idatzi ondoren, notarioak berretsi eta sinatzen du, legearen puntu guztiak bermatzen dituela ziurtatuz. Elena Laka abokatuak honela dio: "Testamentu digitala jasota dator datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko Lege Organikoko 96. artikuluan", eta prozedura hori jarraitu behar dela dio: lehenik eta behin, eduki digitalak zerrendatu behar dira, hala nola, helbide elektronikoak, sare sozialetako kontuak, blogak, harpidetzak, finantza erakundeetako sarbideak. Ondoren, aipatutako eduki digitalen pasahitzak zerrendatu behar dira eta eduki horiek kudeatzeko ardura zeinen eskuetan geratzen den zehaztu. Azkenik, eduki digitalekin zer egin nahi den adierazi behar da.

 

Oso garrantzitsua da guztiz zehaztea zer behar den eta nola kudeatu ondare digitala. Baina, horrez gain, oinordeko edo albazea egoki bat aukeratzea berebiziko garrantzia duela azpimarratzen du Alberdik; "imajinatu informatikan oso aditua den edo datuen babesean esperientzia duen lagun bat dugula, lagun hori albazea bezala aukeratzea komeniko litzaidake. Alde batetik, pertsona honekin konfiantza edukitzea ezinbestekoa da, baina arlo honetan ondareak kudeatzeko esperientzia edukitzea oso garrantzitsua da. Influencerren adibidea jarrita, komenigarria izango litzateke haien managerra edo konfiantzazko pertsona bat izendatzea ondare digitalaren kudeaketarako". Lakak dio testamenturik egin ezean, hildakoaren familiakoren bati edo bere oinordekoren bati zuzenduko zaizkiela eduki digital horiek, honek eman dezan edukiak erabiltzeko edo ezabatzeko agindua, Lege Organikoko 96. artikuluan adierazten den bezala. Baina, arazoa sor daiteke oinordeko bat baino gehiago dagoenean eta oinordekoen artean adostasunik ez dagoenean, oinordekorik ez dagoenean edo oinordekotzaren onarpena egiteke dagoenean.

Leire Alberdi (EKA/ACUV): "Imajinatu informatikan oso aditua den edo datuen babesean esperientzia duen lagun bat dugula, lagun hori albazea bezala aukeratzea komeniko litzaidake"

Alberdik dio gaur egun gizarte guztiaren egunerokotasuna Interneten dagoela. Izan ere, edozein ekintza burutzeko posta elektronikoa beharrezkoa da, gainera, ordaintzeko askotan PayPal edo Bizum bezalako plataforma digitalak erabiltzen dira. "Bizitzak sareetan ibiltzera behartu gaitu, aztarna bat utziz halabeharrez". Hiltzerakoan, kudeatu beharreko ondare fisikoaz gain, gaur egun ondare digitala ere badago. Horregatik, Eka/ACUVetik testamentu digitala egitera bultzatu nahi dute biztanleria. Hasteko, borondatea gauzatzen errazten du. Gainera, iruzurrak edo identitate lapurretak saihestu daitezke, honela dio Alberdik: "demagun guk Instagrameko eta Tik Tokeko profil ireki bat dugula. Hiltzerakoan, irekita jarraituko dute sare horiek eta gure nortasuna lapurtzeko arriskua egon liteke. Norbaitek Instagrameko profila lapurtu dezake eta edukia zintzilikatu. Horrek, oinordekoei eragiten dieten inpaktu emozionalaz gain, inpaktu ekonomikoa edo penala ere izan dezake, iruzurrak egiteko mekanismo bat izan daitekeelako datu horiek kudeatu gabe uztea".

Hala ere, aipatu behar da, legearen alorrean, oraindik sisteman mugak daudela. Kode Zibilaren arabera, testamentuaren burutzea eta bere formatuak definituak daude, baina testamentu digitalaren zeregina ez da garaiz definitu. Ez dago zaintza lege berezirik eta, horregatik, praktikan, ohiko testamentuko klausula edo jakinarazpenak erabiltzen dira. Lakak honela dio: "eduki digitalari buruzko kontzientzia gero eta zabalduago dago. Gertatzen dena da askotan erraz egiten diren gauzak erraz ahazten direla, eta eduki asko geratu daitezke linbo digitalean. Eduki digitalak norbanakoaren nortasunaren zati ere badirenez, beharrezkoa da horrela zaintzea, norbere nortasunaren zati diren heinean". Hala ere, Datu Pertsonalak Babesteko legediaren bidez, pertsona baten online kontu eta fitxategiak kudeatzeko aukera bermatzen da. Legeak agintzen du pertsona batek erabaki dezakeela, nork izango duen sarrera, nor izango den erantzulea eta zer egin beharko den datu horiekin. Hala ere, "gaur egungo panorama kontuan hartuta, nire ustez, testamentua egiterako unean notarioek testamentu digitalaren klausularen inguruan informatu beharko lukete" gehitu du Alberdik.

Elena Laka: "Eduki digitalari buruzko kontzientzia gero eta zabalduago dago. Gertatzen dena da askotan erraz egiten diren gauzak erraz ahazten direla, eta eduki asko geratu daitezke linbo digitalean"

Mundu digitalaren hazkunde azkar eta etengabeak gure bizitzako arlo guztiak ukitu ditu, baita heriotzaren ondorengo kudeaketa ere. Ondare digitala ez da jada kontzeptu abstraktu bat, baizik eta gure identitatearen, harremanen eta baliabideen parte aktibo bat. Horregatik, garrantzitsua da kontziente izatea bizitzaren amaieran ere gure borondatea bete dadin, datuak eta kontuak gure balioekin bat datozen eskutan gera daitezen. Testamentu digitala tresna eraginkor eta beharrezkoa da ondare digitala babesteko eta etorkizuneko gatazkak saihesteko.