• BERRIKUNTZA
  • Tokiko ekosistema, konfiantza, harremanak: hirien erakargarritasunaren gako talentua ekartzeko

Tokiko ekosistema, konfiantza, harremanak: hirien erakargarritasunaren gako talentua ekartzeko

'Talentua oinarri duten Hiri Adimendunak' kongresuak Donostiako, Torinoko eta Finlandiako Espoo hiriko ordezkariak bildu ditu gaiari buruz hausnartzeko

Ezker-eskuin, Yesenia Otamendi (moderatzailea), Gianmarco Piola, Annika Forsten eta Iñigo Olaizola | Argazkia: EnpresaBIDEA
Ezker-eskuin, Yesenia Otamendi (moderatzailea), Gianmarco Piola, Annika Forsten eta Iñigo Olaizola | Argazkia: EnpresaBIDEA
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko azaroaren 21a - 05:30

Nola izan daiteke hiri bat erakargarri talentu zientifikoarentzat? Galdera zabal horren erantzunak anitzak izan daitezke. Aitzitik, hiru gako aipatu zituzten atzo Gianmarco Piola Torinoko (Italiako) udaleko Hiri Adimendun eta Berrikuntza buruak, Annika Forsten Espooko (Finlandiako) udaleko Berrikuntza buruak eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari nagusiak. "Tokiko ekosistema erakartzea eta elkarlana sustatzea", mahaigaineratu zuen Piolak; "Konfiantza —hezkuntzan eta ikerketan, dibertsitatean eta talentu gaztearengan", nabarmendu zuen Forstenek. "Harremanak eraikitzeari denbora eskaintzea, espazioak sortzeko", azpimarratu zuen Olaizolak.

 

Hiruen arteko solasaldia Talentua oinarri duten Hiri Adimendunak kongresuan izan zen, Donostian aste honetan egin den WeekInn Berrikuntza Astearen testuinguruan, Donostia Sustapenak bultzaturikoa. "Helburu partekatua duen ekosistema izatea Espoorentzat ezinbestekoa da, denok norabide horretan lan egiteko. Geroz eta gakoagoa da hori, are gehiago jende gaztearentzat. Jende gazteak eragina izango duen helburu baten lan egin nahi du", azaldu zuen Finlandiako udalerriko Berrikuntza buruak.

Annika Forsten (Espooko udala): "Helburu partekatua duen ekosistema izatea Espoorentzat ezinbestekoa da, denok norabide horretan lan egiteko

Horrekin batera, elementu horiek komunikatzeko gaitasuna izatea ere azpimarratu zuen, baita bizitza kalitate ona, eta erraztasunak talentu zientifikoa erakartzeko ez ezik, haien bikotekideak eta familiak erakartzeko ere. Apustu horren beharra datu baten islatu zuen Forstenek: "Patenteak sortzen dituzten konpainien %60an gutxienez nazioarteko pertsona bat zegoen".

 

Olaizola ere bat dator Forstenekin. "Aukerak eskaini behar dira talentuak bere gaitasunak garatu ditzan, baina baita erraztasunak eskaini, esaterako. bizitokia eskaintzeari dagokionez. Donostia Sustapenak, adibidez, baditu horretarako egitasmoak", adierazi zuen. Hori bakarrik ez, eta Donostiaren kasuan elementu gakotzat jo du inpaktura orientaturiko berrikuntza izatea, betiere "elkarlan kultura" oinarri izanda.

Berrikuntzaren hirien erradiografia

Aipatutako gakoak ulertzeko, baina, hiri bakoitzak bizi duen egoera eta ekosistema ere aintzat hartzea ezinbestekoa da. Torino Berrikuntzaren Hiriburu izan da Europan 2025ean. Eta euren kasuan, horretarako gakoetako bat izan da Piolaren ustez "kudeaketa eta berrikuntzari loturiko programak, baliabideak eta prozesuak sistematizatzeko abilezia". Horren baitan, Torino Talent Gateaway izeneko programa landu dute, "epe luzeko lankidetza estrategia" gisa planteaturikoa, Torinok zein talentu mota erakarri nahi duen finkatzeko. 

Espoo, berriz, Finlandiako bigarren hiririk handiena izateaz gain, Europako patenteen aplikazioaren %60 egiten diren hiria da, "Berrikuntza sistemikoaren Finlandiako hiria". Bertako konpainia gakoen artean da VTT, Europako lehen AA lantegia bertan dago kokatuta eta NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GJH) lanean aitzindari den hiria ere bada. "Berrikuntza kultura bakana du, hiri txikia delako, elkarrekin egiten delako lan, Aalto Unibertsitateak jokatzen duen rolagatik elkarlanari dagokionez eta ongizate sistema dela eta". Era berean, gizartean gailentzen den hierarkizazio eza nabarmendu du. "Mahai berean eseri daitezke ikasleak, CEOak eta ikertzaileak, eta solasean aritu. Hori gako da berrikuntzarentzat. Sortzen diren start-up gehienak ikasleek sortzen dituzte", esan du Berrikuntza buruak.

Iñigo Olaizola (Donostia Sustapena): "Aukerak eskaini behar dira talentuak bere gaitasunak garatu ditzan, baina baita erraztasunak eskaini, esaterako. bizitokia eskaintzeari dagokionez"

Donostiaren kasuan, 2026ko Berrikuntzaren Hiriburu izateko finalisten artean da. Batez besteko errenta "nahiko ona" duela azpimarratu du Donostia Sustapeneko zuzendari nagusiak, eta hiriak eskaintzen duen bizitza "kalitate ona", "edertasun naturala", "gastronomia" eta "kulturaren kontsumoaz" harago, hiriak 25 urtean izan duen bilakaeran jarri du fokua Olaizolak, Eusko Jaurlaritzak egin duen apustua tarteko, "industrian oinarritutako ekonomiatik ezagutzan oinarrituriko ekonomiara "egindako saltoagatik. Zentzu horretan, biozientzietan, kuantikan, adimen artifizialean edota elektromugikortasunean egindako apustuak aipatu ditu. Agian horregatik hautatu du Eurocities sareak Berrikuntza eta Ekintzailetza lan-taldeko mahaiburutza emateko. Talde berean izango dira mahaiburu orde gisa Espoo eta Nantes.

Lanean jarraitzeko beharra

Errealitatea, ordea, perfektua izatetik urrun dago. Torinoko udaleko Hiri Adimendun eta Berrikuntza buruak zailtasunak ikusten ditu eskalatzeari dagokionez, eta batez ere, "benetako sinergiak sortzeko zailtasunak. Europako eta Italiako funtsak modu autonomoan eta tokikoan lantzea erronka da berrikuntza hori sustatzeari dagokionez". Horrekin batera konpainiak ekosistema batetik bestera migratzeko izan ditzaketen zailtasunak ere identifikatu ditu. 

Bigarren erronka, Piolak dioenez, talentua atxikitzea da. "Bizitza kalitatea eta lanaren erakargarritasuna aipatu ditugu. Bigarren horretan, Italian oro har eta Torinon zehazki, lan asko dugu egiteko".

Gianmarco Piola (Torinoko udala): "Europako eta Italiako funtsak modu autonomoan eta tokikoan lantzea erronka da berrikuntza hori sustatzeari dagokionez"

Espooren kasuan, xenofobiaren gorakadak "erreputazioan laguntzen ez duela" esan zuen Forstenek. "Eta oro har, beharra dago Finlandiatik kanpoko langileak ere kontratatzeari dagokionez. Esaterako, demagun exijentzia dela finlandesa ondo hitz egitea; agian hori ez da guztiz beharrezkoa lanpostu guztietan".

Olaizolak, azkenik, demografia eta etxebizitzaren arazoa identifikatu ditu Donostiako erronka nagusi gisa lehia global baten kokatuta. Baina horrekin batera, "erosoegi sentitzeari buruzko kezka" ere plazaratu du, "gauzak ondo doazelako. Estres apur hori beharrezkoaa da", azpimarratu du.