• BERRIKUNTZA
  • Txartelez betetako zorroen amaiera NFC sistemari esker

Txartelez betetako zorroen amaiera NFC sistemari esker

NFC teknologia gero eta gehiago erabiltzen da identifikazio-sistema guztietan, tartean garraio txarteletan

    Orain Barika iPhone zein Android sistema bitartez kargatu daiteke, zuzenean mugikorretik | Argazkia: EnpresaBIDEA
    Orain Barika iPhone zein Android sistema bitartez kargatu daiteke, zuzenean mugikorretik | Argazkia: EnpresaBIDEA
    alejandro juez
    Kazetaria, teknologian aditua
    2022eko apirilaren 21a - 05:30
    Eg. 2022eko apirilaren 26a - 11:48

    Zaharkituta geratu dira trenean, metroan, autobusean eta bestelako garraioetan erabiltzen genituen paperezko billeteak. Hamar urte baino gehiago daramatzagu plastikoz eta NFC teknologiaz egindako garraio txartelak erabiltzen, BARIK txartela, adibidez.

     

    NFC —eremu hurbileko komunikazioa— izeneko teknologia gero eta gehiago erabiltzen dugu, gure erosketetan, batez ere. Garraio-txartel modernoenetan egoteaz gain, kreditu-txarteletan, smartphonetan, ate-sarrailetan eta erlojuetan ere aurki daiteke. Txip bat da, informazioa bidaltzen duena. Hurbiltze hutsarekin, bi NFC txipak komunikatzeko gai dira.

    Badira urte batzuk Applek eta Googlek kreditu-txartelak eta garraio-txartelak smartphone berean gordetzeko aukera ematen dutela beren sistemetan. Besteak beste, Pekin, Hong Kong edo Londreseko metroetan, garraio-txartela eskura daiteke Appleko edo Googleko zorroen bitartez. iOS 14 bertsioan gainera, autoko giltza zorroan zuzenean gordetzeko aukera ere aurkeztu zen, autoa ireki ahal izateko inolako giltzarik erabili behar gabe.

     

    Euskal Herrian ere, badira urte batzuk Bizkaiko Garraio Partzuergoak (CTB) Android sistemaren erabiltzaileei aukera eman ziela BARIK txartelaren saldoa norberaren smartphonetik kargatzeko eta kontsultatzeko. Ezaugarri hori, duela gutxira arte, soilik Android sistema zuten smartphone erabiltzaileek erabili zezaketen, baina, dagoeneko, kargatu daiteke BARIK txartela iPhonetik, modu guztiz ofizialean. Orain arte iPhone erabiltzaileek BARIK txartela kargatu nahi bazuten, hiru aukera zituzten: aurrez aurre egitea, Bilboko Metroan, tren geltokian edo tabako dendetan; webgunearen bidez egitea; edo BARIK NFC Beta edo probako aplikazioa deskargatzen, guztion eskura ez zegoena. Orain, berriz, azken aukera ez da Beta, eta modu seguruan iPhone-aren AppStore-an aurki daiteke.

    Nola errekargatzen dut nire BARIK txartela

    Androiden bezala, prozesua oso erraza eta intuitiboa da. Lehenik eta behin, BARIK NFC aplikazioa deskargatu behar da norberaren smartphonean. NFC teknologiaren bidez, BARIK txartela mugikorrera hurbildu beharko da, eta kreditu-txartelaren zenbakiarekin edo BIZUM bidez kargatu.

    Gaur egun, Bizkaiko Garraio Partzuergoa BARIK txartela smartphone batean izateko aukera garatzen ari da, kreditu-txartelak bezalaxe. Gaur egungo teknologiarekin, baliteke denbora gutxian BARIK txartela smartphone berean edota erloju adimendunean bertan eramateko aukera izatea.

    Hegoaldeko lau herrialdeetan, NFC teknologia duten garraio-txartelak daude. Iaztik aurrera, bai BARIK txartela (Bizkaia), bai MUGI (Gipuzkoa), Arabako garraio publikoan erabil daitezke, nahiz eta Arabak BAT txartela izan. Nafarroan, TUCa da garraio txartelik ezagunena. BARIK NFC aplikazioaren antzekoa du, baina Androiderako bakarrik dago erabilgarri.

    Garraio publikoan smartphone batekin ordaintzeko beste teknologia batzuk

    Pandemiaren ondorioz, QR kodeak modan jarri dira eta erabilera benetan egokia izatea lortu dute. LurTicket aplikazioa Androiderako nahiz iOSerako dago eskuragarri, eta Gipuzkoako Lurraldebuseko txartelak aplikaziotik eros daitezke zuzenean. Autobusera igo ondoren, QR eskaneatu besterik ez da egin behar, eta bidaia baliozkotu egingo da, betiere deskontu gabe. QR duten txartel sistema hori ezarrita dago Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan, besteak beste, Belgikan eta Herbehereetan, non bai paperean, bai mugikorrean eduki daitezkeen.