• BERRIKUNTZA
  • Txip kuantikoak garatuko ditu CIC NanoGUNEk Donostian

Txip kuantikoak garatuko ditu CIC NanoGUNEk Donostian

1.500 metro karratuko eraikin berrian kokatuko da Quantum Motion enpresa britainiarra

Dorre Kuantikoa eraikitzen ari dira Donostian | Argazkia: Irekia
Dorre Kuantikoa eraikitzen ari dira Donostian | Argazkia: Irekia
2025eko maiatzaren 7a
Eg. 2025eko maiatzaren 7a

CIC NanoGUNEk bigarren dorrearen proiektua aurkeztu du gaur, hau da, Donostiako Dorre Kuantikoa. José Maria Pitarke CIC NanoGUNEko zuzendari nagusiarekin batera izan da aurkezpenean Imanol Pradales Lehendakaria, eta azaldu dute dorre berrian kokatuko direla Hardware Kuantikoko ikerketa talde berriaren laborategiak eta Quantum Motion enpresaren Donostiako filiala. Dorre Kuantikoak 1.500 metro karratuan handituko du gunea.

 

Eraikin berriarekin ikerketa-zentroak teknologia kuantikoaren aldeko apustua egin nahi du, eta horretarako “puntako azpiegiturak” eraikiko dira, txip kuantikoak diseinatu eta garatzeko. Txip horiek silizioaren teknologian oinarritzen dira, eta Quantum Motion enpresa britainiarra “aitzindaria” da teknologia horretan. Horregatik, hitzarmena sinatu dute CIC NanoGUNEk eta Quanum Motionek, eta britainiarrek Dorre Kuantikoaren bulegoetan irekiko dute Europako Batasunean duten lehen egoitza. 

Pradalesek EAE erreferente izateko nahia adierazi du aurkezpenean, eta horretarako sektore estrategikoetan “ahalegin berezia” egin behar dela gaineratu du. Unibertsitate onak izatea nahikoa ez dela uste du lehendakariak, eta “urrats bat gehiago eman” behar dela esan du.