Txoritxoak hegalak aldatu ditu

Twitterrek Elon Musken erosketa eskaintza onartu du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Kulebroia amaitu da. Apirilaren 14ean azaldu zuen Twitter konpainia erosteko asmoa Elon Muskek. Txoritxoaren enpresak, ordea, ez zuen begi onez ikusi Tesla auto elektrikoen jabearen eskeintza eta trabak jarri zizkion.

Musken asmoa aspaldi ezaguna zen. Azken asteotan akzioen erosketa masiboa egin du, % 9,1. Administrazio kontseiluan eserlekua eskaini zioten egungo jabeek baina Muskek uko egin zion, konpainia osoaren jabetza nahi zuelako.

Txoritxoaren konpainiak azkenean amore eman eta igande honetan negoziazioak hasi ziren. Atzo izan genuen akordioaren berri. Twitterreko administrazio kontseiluak Musken 44.000 milloi dolarretako eskeintza onartu du. 54,20 dolar akzio bakoitzeko, dirutan. Akordioa, hala ere, akziodunek berretsi beharko dute urte honetan zehar.

Muskek komunikatu baten bidez "adierazpen askatasuna demokraziaren oinarria dela" esan du, Twitter "topagune digitala" dela gaineratuz.

Elon Musk munduko gizonik aberatsena da. 260.000 milioi dolarreko ondarea du, eta Tesla enpresaren jabea da. Auto elektrikoen konpainiak inoizko emaitzarik onenak lortu zituen iaz, 17.700 milioi dolarreko fakturazioarekin, aurreko urtean baino % 65 gehiago. 2022an ere emaitza onak lortu ditu. Lehen hiruhilekoan 3.318 milioi dolarreko emaitzak lortu ditu, iaz baino % 685 gehiago, ibilgailuen salmenten gorakadari eta ekoizpen kostuen merketzeari esker.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK