Uholdeak eta lehorteak aurretiaz antzemateko plataforma garatu du Neikerrek

Europako beste zenbait eragilerekin lankidetzan sortu dute plataforma, eta zentro teknologikoaren arabera, Euskal Herriko lehorteak monitorizatzeko erabilgarritasuna frogatu da jada

Argazkia: Neiker Argazkia: Neiker

Lehorte, sute eta uholdeek euskal nekazari askoren urteroko lana baldintzatzen dute. Gainera, azken urteotan klima aldaketa dela eta, ziurgabetasun meteorologikoa nabarmen areagotu da. Errealitate honetaz jabetuta, Neiker zentro teknologikoak Europako beste zenbait eragilerekin lankidetzan ClimAlert plataforma digitala garatu du. Plataforma honek, arrisku klimatikoak aurretiaz antzemateko aukera bermatuko du.

Hainbat iturritako datu meteorologikoak ditu plataformak, eta muturreko baldintza klimatikoen “alerta aurreratuak” eskainiko ditu, hala nola, uholdeak, lehorteak, lurzoruaren higadura arriskuak edota suteak. Modu honetara, klima aldaketa Europan gehien kaltetzen ari den eskualdeei soluzioa eskaini nahi die ClimAlertek.

Neikerrek datu meteorologikoak nahiz sateliteetako informazioa biltzen lagundu du proiektuan. Gorka Landera zentro teknologikoko Landare Babes eta Ekoizpen departamentuko ikertzaileak azaldu duenez, plataformak aldagai klimatikoak aztertzeko aukera ematen du, “horien artean eremu jakin bateko tenperaturak edo prezipitazioak, bai iraganean, bai etorkizun hurbilean”. Gainera, “alertak igortzeko aukera gaitu daiteke muturreko baldintza meteorologikoak gertatzen badira”.

Plataforma jada erabilgarri dago, eta Neikerren arabera, Euskal Herriko lehorteak monitorizatzeko erabilgarritasuna frogatu da jada.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK