Ur-gaineko panelak, energia lortzeko

EMICA Solarrek lehen prototipoa aurkeztu du gaur, Arabako Parke Teknologikoan dagoena

Miñanoko prototipoa | Argazkia: EMICA Solar
Miñanoko prototipoa | Argazkia: EMICA Solar
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2022eko apirilaren 26a
Eg. 2025eko apirilaren 10a

Espainiako gobernuak 2022ko martxoaren 30ean argitaratu zuen BOEn ur-gaineko panel fotovoltaikoak jartzeko baimentzen zuen xedapena, eta Euskal Herrian, dagoeneko, topa daiteke lehen instalazioa: EMICA Solar enpresak Arabako Parke Teknologikoan jarritakoa, erakusketakoa, gaur aurkeztu dutena.

 

Panel fotovoltaiko horiek lurzoruan jartzen direnak bezalakoak dira; berezitasun bakarra da aintziretan, urtegietan, kanaletan eta abarretan jartzen direla, izan naturalak, izan artifizialak. Teknologia berria da, hamar urte inguru dituena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aukerak aztertuta, ureztaketa putzuetan, putzu industrialetan, antzinako meatze putzuetan, eta zenbait urtegietan jarri ahalko lirateke.

EMICA Solarrena Ararbako Parke Teknologikoa ureztatzeko erabiltzen den putzuan jarrita dago.150x60 metroko prototipoa da, eta enpresak erabili nahi du probak egiteko ekipoen muntatzeari, operazioei eta mantenuari dagokienez. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiaren, Europako FEDER programaren eta SPRIren dirulaguntzak jaso ditu. Era berean, parke teknologikoak hartutako konpromisoaren parte da, besteak beste, 2030erako bertan kontsumitzen den energiaren % 32 berriztagarria izatea bilatzen duena.

 

Euskal Herrian jartzen den lehenengo prototipa bada ere, badira ildo beretik lanean ari diren beste enpresa batzuk. Horren adibide da Landatu Solar ingeniaritza enpresa, BBK Ekin egitasmoaren azkeneko edizioan parte hartu zuena.