Urte hasiera zaila Amazonentzat

Konpainiaren erabaki okerrek eta krisi teknologikoak 18.000 lanpostu jarri dituzte arriskuan

Amazonen egoitza nagusia, Silicon Valleyen | Argazkia: iStock Amazonen egoitza nagusia, Silicon Valleyen | Argazkia: iStock

Erosteko modua nabarmen aldatu da azken urteotan. Kontsumo-ohiturek iraultza bizi izan dute 2000ko hamarkadaren hasieran etxeetan Interneterako konexioa modu masiboan iritsi zenetik. Teknologia hori iristearekin batera, online erosketa-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak ere iritsi ziren, eta enpresa horietako batzuk planetako enpresarik baliotsuena izatera iritsi dira. Enpresa teknologiko handien krisiak eta mundu mailako ezegonkortasun ekonomikoak kolokan jarri dituzte Amazon bezalako enpresak.

2022. urtea, zalantzarik gabe, industria teknologikoak bizi izan duen urterik zailenetakoa izan da. Urtetik urtera etengabeko hazkundea izango zela bazirudien ere, osagaien krisiak eta ezegonkortasun politiko eta energetikoak lausotu dute. Amazon enpresa teknologiko erraldoia izan da krisi hau gehien pairatzen ari den enpresetako bat, eta urtea % 45etik gorako beherakadekin itxi du burtsa, aurreko urtearen aldean. Gertakari horiek azaroan iragarritako langileen kaleratze masiboen iragarpenari gehitu behar zaizkio; zehazki, 18.000 kaleratze, urtarrilaren 18tik aurrera hasiko direnak.

Lanpostuak galtzeko beldurrak eta lan eskubideak okertzeak Amazonen, Euskal Herriko langileak alerta egoeran jartzea eragin du

Lanpostuak galtzeko beldurrak eta lan eskubideak okertzeak Amazonen, Euskal Herriko langileak alerta egoeran jartzea eragin du. Joan den abenduan, Amazoneko euskal langileek greba egin zuten gabonetako kanpainan, beren lanpostuak ziurtatzeko eta lan-baldintza hobeak eskatzeko. Konpainiak 18.000 langile kaleratuko dituela iragarri izanak alarma guztiak piztu ditu, baina badirudi kaleratze gehienak AEBn egingo direla, enpresaren egoitza korporatiboa dagoen herrialdean, eta oraingoz Europako enpleguek ez luketela eraginik izango.

Gaizki planteatutako produktuak

Enpresa teknologikoen krisiari, produktu batzuetan espero ez ziren akats batzuk gehitu behar zaizkio. Amazonen ahots-laguntzailea, Alexa, merkatuan ezagunenetako bat da eta Echo bozgorailuak, etxe askotan sartu dira bere prezio baxuari esker. Hasiera batean, helburu jakin batekin diseinatu zuen Amazonek: bezeroek produktuak erosteko modua bihurtzea. Laguntzaile birtualen gorakadak aditzera ematen zuten pertsonen eta gailuen arteko elkarreragina ahotsaren bidezkoa izango zela, eta horregatik egin zuen Amazonek teknologia horren aldeko apustua. Estrategia zen bozgorailu adimendunak oso prezio merkean saltzea, baita fabrikazio-kostuen azpitik ere, gailu horiek plataformako salmentak bultzatzea espero baitzen.

Amazonen bozgorailu adimendunen bidez produktuak erosten dituzten erabiltzaileak gutxiegi dira, eta [...] Amazonek streaming bidezko bideoaren munduan oso politika oldarkorra egitea erabaki zuen

Hori, ordea, ez da horrela izan. Amazonen bozgorailu adimendunen bidez produktuak erosten dituzten erabiltzaileak gutxiegi dira, eta, beraz, gailu horiek benetako arazo bihurtzen ari dira Ipar Amerikako konpainiarentzat. Bozgorailuen estrategia bezala, Amazonek streaming bidezko bideoaren munduan oso politika oldarkorra egitea erabaki zuen. Prime Video zerbitzua da gaur egun erabiltzaile gehien dituena, baina datu horiek tranpa dute, konpainiak Amazon Primen oinarrizko harpidetzarekin biltzen baitu zerbitzu hori. Askota, erabiltzaileentzat kalitate eskaseko zerbitzua dela dirudi, eta askok ez dakite zerbitzu hori existitzen den ala ez. Erabiltzaile gehien dituen streaming zerbitzua izanik ere, Netflix bezalako plataformek kultur erreferentea eta modako plataforma izaten jarraitzen dute, nahiz eta 2021ean streaming krisia jasan eta azken hilabeteetan prezioak nabarmen igo diren.

Osagaien krisiak, prezioen igoerak eta teknologiko handiei sortzen ari zaizkien tokiko alternatibek kolokan jarri dituzte munduko enpresa boteretsuenak. Ikusteke dago Amazonek iragarri dituen 18.000 kaleratze horiek unean uneko berregituraketa batean geratuko diren edo konpainiak Euskal Herrian dituen langileei ere eragingo dien.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK