• BERRIKUNTZA
  • Walletak, edo praketatik mugikorretara salto egin duten poltsikoak

Walletak, edo praketatik mugikorretara salto egin duten poltsikoak

Telefono mugikorrean gure informazio gehiena dugun honetan, Europan garatzen ari diren bi ekimenak aztertu dira Bilboko BAT Dorrean. Bertan, bere erronkak eta aukerak aztertu dira

Urteko hirugarren Etekin topaketa egin da Bilboko BAT Dorrean | Argazkia : Irekia
Urteko hirugarren Etekin topaketa egin da Bilboko BAT Dorrean | Argazkia : Irekia
IMG 8456
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 15a - 05:30

Diruak gure patriketatik telefonora salto egin zuen aspaldi. Eskudiruaren aurrean txartelak indarra hartu du eta ia edonon ordaindu daiteke modu horretan. Askok diru zorroa etxean uzten dute eta txartela erabili beharrean telefonoarekin pagatzen dute. Gure eskuan egunero daramagun gailu horri botere guztia eman diogu eta argi dago nonbait ahazten badugu, korrika itzuliko garela haren bila.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Hainbesteko garrantzia ematen badiogu, zergatik ez diogu bestelako erabilera bat ematen? Interneten administrazioarekin kudeaketak egiterakoan identifikatzeko tresna desberdinak sortu dira, BakQ baliabidea EAEn edo Navarra ID Nafarroan. Baina zer gertatzen da diruarekin? Modu digitalean bankuek eskuragarri jarri dituzten aplikazio eta metodoen bitartez ordaindu dezakegu. Bizum, Apple edo Androiden Walletak, Pay Pal eta bestelakoak egunero erabiltzen dira. Tresna horiek guztiak enpresa pribatuen esku daude, kasu batzuetan bankuak dira eta beste batzuen atzean mundu mailako enpresa teknologiko handiak daude. Eragiketa hauek pribatuak dira eta egoera hauen aurrean hainbat erronka zabaltzen dira: Europar Batasuna garatzen ari den wallet europarra eta Europako Banku Zentralak aurrera eraman nahi duen euro digitala.

Gai horri jorratu zen atzo Etekin ekonomia topaketen aurtengo azken saioan. Bilboko BAT Dorrean Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarteko (EJIE) Xabier Arrietak eta Oskar Guadillak, eta Deustuko Unibertsitateko Alaitz Zabalak gaiaren inguruko galderei erantzun zieten. Joseba Olagarai kazetariak gidatutako hitzaldian, walleten erabilera aztertu zen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak garatutako NIK patrika digitalaren adibidea azaldu dute. Arrietak eta Guadillak bere garapenean eta erabileran lan egiten dute.

 

Horrelako aplikazioetan segurtasuna eta erraztasuna ezinbestekoak direla errepikatu zen mahai inguru guztian zehar. Wallet digitalaren teknologia prest dagoela adierazi zuen Guadillak, baina erabilera falta dela uste du. “Pertsonengan iristeko proiektuak bizitza izan behar du eta egunero erabili daitezken tresnak eskaini”, esan zuen EJIEkoak. NIK patrika digitalarekin alderatu zuen, eta bere erabilera zabaltzeko Osakidetzako txartela bertan edukitzea ezinbestekoa izan dela azaldu zuen informatikariak. Programa horien segurtasuna zalantzan jartzen bada ere, Guadillak azpimarratu zuen proiektu hauetan "ezinbestekoa" dela: "NIKen elkarbanatzen den datu bakarra NAN zenbakia da".

Oskar Guadilla (EJIE): "Osakidetzako txartela enpresa pribatuek eskainitako wallet batean balego, bertan egindako erabileren ostean, datuak edozein botika saltzeko erabili daitezke. Horregatik, horrelako datuak jasotzea ahalbidetzen duten bideak ekidin behar dira”

Apple edo Androideko walleten bidez antzeko zerbitzuak eskaintzen dira jada, baina tresna horien atzean enpresa pribatuak daude. Datuen erabilera komertziala egiten dute; informazioa jaso eta erabiltzaileekin kontsumitzaleen profilak eratzen dituzte. Wallet publikoen kasuan, aplikazioa erabilita ere, ez da jasotzen erabiltzaileek zein erabilera egiten duten. Guadillak adierazi zuen: "Osakidetzako txartela enpresa pribatuek eskainitako wallet batean balego, bertan egindako erabileren ostean enpresa, datuak edozein botika saltzeko erabili daitezke. Horregatik, horrelako datuak jasotzea ahalbidetzen duten bideak ekidin behar dira”.

Arrietak nabarmendu zuen: “Osasun sailak eman digun datu bakarra adin tartea izan da, eta 65 urteko gorakoen erabilera badagoela ziurtatu digute. Gazteek ez dute hainbeste Osakidetzako txartela Niketik erabiltzen, baina jende heldua bai. Honen gakoa erabilera erraza izatea izan da eta hori beharrezkoa izan behar du edozein aplikaziotarako”.  Teknologiaz hitz egiten dugunean, hori izaten da lehen zalantza: arrakala digitalari nola aurre egin. Horretarako, Zabalak azpimarratu zuen “tresna hauek diseinu inklusibo batekin sortu behar dira”.

Noiz iritsiko da euro digitala? 

Etorkizunari begira, oraindik definitzeko dago nola izango den euro digitala. Zabalak jakinarazi zuen froga pilotuak egiten ari direla eta legeztatzeko tramiteetan daudela Europako Banku Zentralean. Inplementazioa 4-5 urteetan aurreikusi da. Teknikoki arazo gutxi daudela esan zuen Deustuko irakasleak, baina herrialde askoren legediak daude eta horrek denbora eskatzen du. Proiektua oso konplexua denez, euroa erabiltzen duten herrialde guztietan batera ezarriko den zalantzan dago.

Euro digitalak finantza arloan aldaketa sakon bat ezar dezakeela adierazi zuen Zabalak. “Botereen berrantolaketa bat izan daiteke. Gaur egun datu finantzarioak enpresa pribatuenak dira eta honek Europa mailako datuak pertsonenak izatea ekarriko luke”, nabarmendu du.

Nolakoa izango da gure walleta?

Gure telefonoetan zer nolako walleta izango dugun galdetzerakoan, Arrietak argi azaldu zuen Estatu espainiarrak arautuko duela wallet digitala. “Europak Estatuen esku utzi du erabakitzea aplikazioak nola egingo diren. Espainiak wallet bakarra izango dela erabaki du”. NIK bezalako aplikazioen bidea zein izan daiteke zalantzan jarri daiteke, baina Arrietaren aburuz “NIKek bere bidea jarraituko du, teknikoki europear wallet baten arauak betetzen dituelako eta garrantzitsuena lortu dugulako: erabilera”.

Hitzaldiaren amaieran, tresna hauen erabilera sustatu zuten hiru hizlariek. Batez ere, Arrietak eta Guadillak NIK patrika digitala erabiltzeko gonbidapena egin zien bertaratutakoei. Une honetan, egunean 20.000 pertsonek erabiltzen dute. Zabalak, berriz, aplikazio horien erosotasuna nabarmendu zuen eta segurtasuna bermatuko dela ziurtatu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain