WhatsApp eta mezularitza betiko aldatuko dira

Europako DMA legeak WhatsApp irekitzera behartuko du Meta, eta erabiltzaile bakoitzak libreki aukeratu ahal izango du zein aplikazioarekin komunikatu. Hots, WhatsAppetik idatzi eta Telegrametik erantzuteko aukera izango da aurrerantzean

Orain arte sistema itxia izan den WhatsAppek beste zerbitzu batzuekin lehiatu beharko du, eta zerbitzu horiek funtzio berak eskaini ahal izango dituzte | Argazkia: iStock
Orain arte sistema itxia izan den WhatsAppek beste zerbitzu batzuekin lehiatu beharko du, eta zerbitzu horiek funtzio berak eskaini ahal izango dituzte | Argazkia: iStock
alejandro juez
Kazetaria, teknologian aditua
2025eko azaroaren 22a - 05:30

Mugikor berri bat estreinatzean, jada ez da beharrezkoa izango WhatsApp instalatzea lehen urrats gisa, eta aplikazioa zure smartphonean izatea ere ez da beharrezkoa izango kontaktuekin hitz egiteko. Europar Batasuneko Merkatu Digitalen Legeak (DMA) WhatsAppeko mezuak bidali eta jasotzea ahalbidetuko du gehien gustatzen zaigun mezularitza-zerbitzuan sartu gabe, gaur Gmail, Outlook edo iCloud artean mugarik gabe emailak trukatzen ditugun bezala. Mezularitzak “esparru pribatuetan” itxita egoteari utziko dio, sare ireki gisa funtzionatzeko.

 

Hartara, WhatsAppa betiko aldatuko da. EBren ustez, Meta "sarbide-zaindaria" da (gatekeeper), eta, beraz, WhatsAppa irekitzea eskatu dio. Horri esker, erabiltzaile bat beste aplikazioa erabiltzen duen beste pertsona batekin komunikatu ahal izango da bere ohiko plataformatik irten gabe. Duela gutxira arte ezinezkoa zirudiena errealitate bihurtuko da; WhatsAppa instalatuta eduki gabe, aplikazioa erabiltzen duen norbaiti mezu bat bidaltzeko aukera izango da, Telegrametik, adibidez.

WhatsApp hasi berri da funtzio horiek ezartzen. Lehenengo app bateragarriak BirdyChat eta Haiket izango dira. Izen horiek ezezagunak izan daitezke gaur egun, baina eszenatoki guztiz berri baterako lehen urratsa dira. Bigarren fasean, Telegram, Signal edo Mezuen aplikazio arrunta bezalako plataformek, WhatsAppekin ere interoperatu ahal izatea espero da. Erabiltzaileak erabakiko du zein aplikaziorekin hitz egin nahi duen WhatsAppeko kontaktuekin, eta horretarako, erabiltzaileek, baimen zehatza eman beharko dute.

 

Erabiltzaileak erabakiko du zein aplikaziorekin hitz egin nahi duen WhatsAppeko kontaktuekin, eta horretarako, erabiltzaileek, baimen zehatza eman beharko dute

Logika posta elektronikoaren antzekoa izango da: zuk aukeratzen duzu non kudeatu zure mezuak, hartzailearen hornitzailea edozein dela ere. Gainera, elkarreragingarritasunak aukera emango du testuak, irudiak, bideoak, ahots-oharrak eta fitxategiak plataformen artean bidaltzeko. Antolaketa errazteko, WhatsAppek kanpoko aplikazioetatik datozen elkarrizketak postontzi nagusitik bereizitako karpeta batean jarriko ditu, nahasteak saihestuta eta mezu bakoitza nondik datorren argi utzita.

Aldaketa horrekin batera, segurtasun-neurri zorrotzak hartu behar dira. Metak eskatuko du hirugarrenen aplikazioek WhatsAppen zifratze baliokidea ezartzea muturretik muturrera (E2EE). Metak ziurtatu du ez duela plataformen artean trukatutako mezuen edukira sartzeko aukerarik izango, eta pribatutasunak funtsezko zutabea izaten jarraituko duela DMA zorrotz betetzeko. Ez da bat-bateko irekiera bat, baizik eta birdiseinu sakon bat, mezularitza irekiak erabiltzailearen babesa sakrifika ez dezan.

"Monopolioari" kolpea eta lehiari bultzada

Europar Batasunaren helburua argia da: erraldoi teknologikoei boterea kentzea eta ekosistema lehiakorragoa sustatzea. Euskal Herria bezalako lurraldeetan, non erabiltzaileen ia %100ak WhatsApp instalatzen duen smartphone bat estreinatu bezain laster, aplikazioak komunikazio pertsonalen ia erabateko nagusitasuna du gaur egun. Elkarreragingarritasunaren helburua da menpekotasun hori haustea eta beste aukera batzuk hazteko eta baldintza berdinetan lehiatzeko aukera ematea.

Hau ez da aldaketa isolatu bat. Applek ere iMessage ireki beharko du, bere berehalako mezularitza zerbitzua Europako lurraldean. Telegram, aldiz, ez da sartzen interoperatzera behartuta dauden enpresen zerrendan, ez baita gatekeeper bezala ikusten, baina etorkizun irekiago baten onuradun ere izan daiteke, WhatsAppekin integratzea erabakitzen badu.

Europar Batasunaren helburua argia da: erraldoi teknologikoei boterea kentzea eta ekosistema lehiakorragoa sustatzea

DMAk bultzatzen duen elkarreragingarritasuna, aurrekaririk gabeko eraldaketa da komunikatzeko moduan. Orain arte sistema itxia izan den WhatsAppek beste zerbitzu batzuekin lehiatu beharko du, eta zerbitzu horiek funtzio berak eskaini ahal izango dituzte, erabiltzailea ezer instalatzera behartuta egon gabe. Egoera berri horrek konpainia handiak berritzera, hobetzera eta erabiltzaileei entzutera behartuko ditu, posizioa mantendu nahi badute. Urte askotan, lehen aldiz, Europako herritarrek beren mezuak nola, non eta zein aplikaziorekin bidali nahi dituzten aukeratzeko askatasuna berreskuratuko dute. Horrela, Europak mezularitza irekiago, anitzago eta zuzenago baterako atea irekitzen du.