Zabalik da Gladys Sarira hautagaitzak aurkezteko epea

Ingurune digitalean diharduten emakume gazte euskaldunak saritu nahi dira, digitalizazioaren eraikuntzan genero-berdintasuna bermatuta egon dadin

Gladys sariaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Gladys sariaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS fundazioak antolatuta Gladys Sariaren laugarren edizioa martxan da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren babesarekin eta Danobatgroup industria-taldearen laguntza du 40 urte arteko emakumeen ibilbidea saritu eta proiekzioa sustatzea helburu duen ekimenak.

Teknologia-esparruan emakumeen presentzia areagotu asmoa du sariketak. Horretarako, emakumeek ingurune digitalean egindakoak aitortu eta etorkizuneko gazteentzat erreferenteak sortu nahi ditu. Irabazleak jasoko duen saria 4.000 eurokoa izango da.

Olatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordeko kideak sektorean emakumezko erreferente berriak sortzearen garrantzia  azaldu du: “Gladys del Estal sariak mundu digitalean diharduten eta oso profil desberdina duten hiru emakume puska saritu ditu orain arte eta ondorioz, hiru erreferente berri ezagutarazi ditugu gizartean. Baina ez dira nahikoa". 

Edizio berri honetan, ahalik eta hautagaitza gehien jaso nahi dira. Horregatik, Gladys Sarirako hautagaitza norberak aurkeztu dezake edo hirugarren bat proposatu daiteke.

Ekimenean parte hartzeko aukera izango dute ingurune digitalean aritzen diren 40 urtera bitarteko emakume gazteek. Hautagaiek www.gladyssaria.eus webgunean dagokion inprimakia betez aurkeztu behar dute hautagaitza ekainaren 20a baino lehen.

Informazio gehiago
Amaia Abanda: "Nire ibilbide profesional osoan egon naiz gizonez inguratuta"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK