Bideojokoen zaleek badute arrazoirik udazken hau egutegian gorriz markatzeko. Bi frankizia historiko itzuliko dira belaunaldi berriko kontsoletara: Grand Theft Auto (GTA) —seigarren tituluarekin— eta The Legend of Zelda: Ocarina of Timeren remake batekin. Publiko desberdinetarako bi joko izanik ere, hamarkada askotako historia eta ikusmin handia partekatzen dute.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Rockstarrek azaroaren 19a ezarri du GTA VI merkaturatzeko data PlayStation 5 eta XBOX Series kontsoletarako. Azken hamarkadan gehien espero izan den bideojokoetako bat da, batez ere 13 urte igaro direlako 2013an GTA V merkaturatu zenetik. Nintendok, bere aldetik, iragarri zuen 2026an Nintendo Switch 2ra The Legend of Zelda: Ocarina of Time jokoaren remake bat iritsiko dela. Konpainiak oraindik ez du zehaztu noiz kaleratuko duten, baina badirudi udazken honetan izango dela eta data iraileko Nintendo Direct berri batean ezagutu daitekeela.
GTA VI iritsi aurretik, Rockstarrek proiektuak lortu duen oihartzun nahiz dimentsioaren erakustaldi bat egingo du. Bihar, abuztuaren 27an, trailerra argitaratuko du, hasiera batean Netflixen esklusiboki ikusi ahal izango dena. Sei orduz, plataformako harpidedunetzako izango da soilik eskuragarri. Industrian ohikoa ez den estrategia bat da, tituluaren inguruko ikusmina areagotu eta, aldi berean, Netflixera harpidedun berriak erakarri nahi dituena.
Publiko desberdinetarako bi joko izanik ere, hamarkada askotako historia eta ikusmin handia partekatzen dute
Nintendok estrategia apalagoa landu du orain arte. Konpainiak trailer labur bat baino ez du erakutsi Ocarina of Timen itzulera iragartzeko, jarraitzaileen artean ikaragarrizko erreakzioa sortzeko nahikoa izan dena. Jatorrizko bideo-jokoa 1998an kaleratu zen Nintendo 64rako, sagaren joko garrantzitsuenetakoa eta maitatuenetakoa dena.
Bideojokoak eta 3Dko munduak definitzen lagundu zuten bi titulu
Lehen begiratuan Zeldak eta GTAk ezer gutxi partekatzen duten arren, biak ala biak funtsezkoak izan ziren hiru dimentsioko bideojokoen bilakaera ulertzeko. Lehenengo Grand Theft Auto 1997an agertu zen eta lehen PlayStationean egin zen ezagun. Saga horrek mundu irekiak bere nortasun-ezaugarri nagusi bihurtu zituen. Ocarina of Timek, berriz, Linken abenturak 3Dra eraman zituen Nintendo 64an, eta ondorengo titulu askotan eragina izango zuten mekanikak ezarri zituen.
Bi frankiziak iraupen luzeko adibide ere badira. The Legend of Zelda 1986an jaio zen, eta 40. urteurrena ospatuko du aurten. Grand Theft Autok, berriz, hiru hamarkada beteko ditu 2027an. Denborak aurrera egin arren, biek milioika jokalari erakartzen jarraitzen dute, eta garai bateko jarraitzaileak belaunaldi berriekin elkarlotzea lortzen dute.
Ocarina of Timen kasuan, nostalgia izango da argudio komertzial nagusietako bat. 80ko hamarkadaren amaieran titulua ezagutu zuten haurrak 40 urte betetzetik gertu daude, eta Nintendoren publiko leialenaren parte dira. Remakeak ahalbidetuko du Hyrule mundura egungo grafikoekin itzultzea. Aitzitik, Nintendo 64ko jatorrizko jokoaz edo Nintendo 3DSrako egokitzapenaz gozatu ezin izan zuten jokalari berriak erakartzea ere badu helburu. Askorentzat, hau izango da Zeldaren kapitulu enblematikoenetako batekin izango duten lehen kontaktua.
Grand Theft Auto VI bideojokoak ez du edizio fisikorik izango
GTA VIren bidea oso desberdina izan da, eta atzerapenek nahiz polemikek markatutakoa. Hasiera batean 2025erako iragarri ondoren, Rockstarrek urte horretako maiatzean jakinarazi zuen jokoaren merkaturatzea 2026ko maiatzera arte atzeratzen zela. 2025aren amaieran beste atzerapen jakinarazi zuen, oraingoan 2026ko azaroaren 19ra arte. Jarraian egindako aldaketek zalantzak sortu zituzten jarraitzaileen artean, nahiz eta egungo data behin betikoa dela dirudien.
Eztabaida gehien eragin duten beste erabakietako bat izan da edizio fisiko tradizionalik ez egotea. Denda batean GTA VI erosten duten jokalariek disko baten ordez deskarga-kode bat duen kutxa bat jasoko dute. Horri gehitu behar zaio orain Netflix bezalako harpidetza-plataforma batean egin den trailer berriaren estreinaldi esklusiboak sortutako polemika.
Nostalgia puri-purian dago bideojokoen industrian. Nintendok 90ko hamarkadako jokalarien abentura nagusietako bat berreskuratzen duen bitartean, Rockstar hamarkada bat baino gehiagoz isilik izan den sagaren berragerpena prestatzen ari da. Ocarina of Time noiz iritsiko den eta GTA VIrekin bat egingo duen jakitea falta da, baina bi titulu horiek Gabonetako bi protagonista nagusiak izango dira. Aurreko mendean jaiotako bi sagek erakusten jarraitzen dute jendea hunkitzeko, jokalari berriak erakartzeko eta, batez ere, belaunaldi berriko kontsolak saltzeko gaitasuna.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta