Ziberdelituak "nabarmen" ugaritu ziren iaz Hego Euskal Herrian

Ziur Gipuzkoako Zibersergurtasun Industrialeko Zentroak azaldu duenez, lurraldean ziberdelinkuentzian oinarritutako 6.414 arau hauste penal salatu ziren 2023an

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ziur Gipuzkoako Zibersergurtasun Industrialeko Zentroaren 2024ko prospektiba txostenaren arabera, 2023an ziberdelitu eta erasoak “nabarmen” ugaritu ziren. Gipuzkoan, 2023ko urtarriletik irailera bitartean, guztira ziberdelinkuentzian oinarritutako 6.414 arau hauste penal salatu ziren, iruzur informatikoak eta beste ziberdelitu batzuek tartean, 2022ko aldi berean baino 2.036 gehiago.

Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, 2023ko lehen hiruhilekoan Hego Euskal Herrian denera 7.928 arau hauste izan ziren, 2022ko epe berean baino 1.431 gehiago.

Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak azpimarratu duenez, "teknologia oso disruptiboen etengabeko bilakaeraren ondorioz, inoiz baino gehiago hartu behar dugu kontuan zibersegurtasunaren garrantzia gure enpresen eta, bereziki, gure industriaren lehiakortasun-faktore gisa, bai mehatxuak aurreikusteko, bai konponbide eta negozio-aukera berriak garatzeko".

Izan ere, urtetik urtera ziberdelituen kopurua gorantz egiten ari da. Ziur zentrotik nabarmendu dutenez, adimen artifiziala bezalako teknologia berrien presentzia, industria sektoreko erakunde askoren prozesuetan gero eta garrantzitsuagoa da, eta "kezka handia sortzen ari da", dio Insaustik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK