• BERRIKUNTZA
  • Zibererasoen tasa %10 hazi da, Puntueusen arabera

Zibererasoen tasa %10 hazi da, Puntueusen arabera

Fundazioak jakinarazi du adimen artifiziala erabiltzen hasi dela monitarizazio lanak egin eta zibererasoak “modu prediktiboan” antzemateko

Josu Waliño eta Josu Arakistain, Puntueuseko zuzendaria eta arduradun-teknikoa | Argazkia: Puntueus
Josu Waliño eta Josu Arakistain, Puntueuseko zuzendaria eta arduradun-teknikoa | Argazkia: Puntueus
2026eko otsailaren 6a - 09:51

Puntueus Fundazioaren arabera, 2025ean zibererasoen tasa %10 hazi da 2024aren aldean. Era berean, phising kasuak bikoiztu egin dira, 2024an bederatzi kasu identifikatu baitzituen, eta 2025ean, aldiz, 18.

 

Phishinga erabiltzailearen datuak edo identitatea lapurtzen saiatzen den eraso mota da, webgune zilegiak diruditen guneen bidez informazio pertsonala (kreditu txartelaren zenbakiak, bankuko informazioa edo pasahitzak, adibidez) eskuratuta. Josu Waliño Puntueuseko zuzendariaren hitzetan, adimen artifizialaren erabilerak erasoak “sofistikatuago” bihurtu ditu. “Adimen artifizialak hizkuntza-hesiak hautsi ditu. Orain erasoak gure hizkuntzan iristen zaizkigu, biktimaren konfiantza errazago bereganatuz”, azaldu du.

Fundazioak 2022tik 2025era bitarteko datuen azterketa egin du, eta ondorioztatu du antzemandako eraso saiakeren hazkundea are nabarmenagoa dela epe horretan. 2022an 29 kasu detektatu ziren (%0,2ko abusu-tasa), horietatik sei positibo faltsuak. 2025ean, aldiz, 117 kasu detektatu dira (%0,7ko abusu-atasa), eta 46 positibo faltsuak izan dira.

 

Puntueusen aburuz, datuok bi ideia nagusi azaleratzen dituzte: zibermehatxu saiakeren hazkunde orokorra (Cyberzaintzaren arabera, zibererasoak %48 igo dira EAEn azken bi urteetan) eta positibo faltsuen gorakada antzemate zabalagoaren seinale dela; hots, detekzio gaitasuna eta analisi prebentiboa indartu direla.

AAren erabilera monitorizazio lanetan

Gauzak horrela, Puntueusek jakinarazi du adimen artifiziala erabiltzen hasi dela monitarizazio lanak egiteko eta zibererasoak “modu prediktiboan” antzemateko. Monitorizazio tresnak domeinu berriak aztertu eta maltzurrak izateko arriskua duten kasuak identifikatzen ditu, ondoren, teknikariek eskuz berrikusi dezaten. Fundazioaren arabera, prozesu prebentibo horrek alerta gehiago sortzen ditu, tartean faltsu positiboak, baina helburua argia da :mehatxu posibleak lehenbailehen identifikatzea eta kaltea gertatu aurretik jarduteko aukera handitzea.

Horrez gain, PuntuEUSek block.eus zerbitzua zabaldu du. Nortasun-ordezkapena jasateko arriskua duten erakundeen prebentzioa indartzeko asmoz diseinatu dute. “Gure helburua ez da soilik erasoa gertatutakoan erantzutea, baizik eta eraso horiek gauzatzeko beharrezkoak diren domeinu-izen faltsuak aurretiaz blokeatzea; segurtasun digitala prebentzioan oinarritu behar dugu derrigorrez”, nabarmendu du Waliñok.