
Zibersegurtasun arloan maila guztietako saiakuntzak egiteko gaitasuna izango du aurrerantzean Tecnaliak. ENAC Espainiako akreditazio erakundeak ematen duen nazioarteko IEC 62443-4-2 araua betetzeko akreditazioa lortu du teknologia zentroak. Espainiako Estatuan lehen entitatea izan da ziurtagiri hori lortzen.
IEC 62443-4-2 arauak osagai industrialen zibersegurtasun-baldintzak ezartzeko esparru zehatz eta eskalagarri bat eskaintzen du, hala nola gailu txertatuak, aplikazio-softwarea eta sareko gailuak, eta horiek mehatxu ugarien aurka babesteko balio du. Baldintza horiek lau segurtasun-mailatan egituratzen dira, ustekabeko mehatxuetatik hasita baliabide esanguratsuak dituzten aurkariek egindako eraso sofistikatuetaraino babesteko. Maila batetik bestera, zorroztu egiten dira bete beharreko neurri teknikoak: sistema gotortzea, roletan oinarritutako sarbide-kontrola, gertaeren erregistro segurua, zifratze sendoa eta osotasuna eta benetakotasuna balioztatzea.
“Akreditazio horrek Europako abangoardian kokatzen gaitu zibersegurtasun industrialaren ebaluazioari dagokionez. Konfiantzazko bermea da fabrikatzaileentzat, integratzaileentzat eta azpiegitura kritikoen operadoreentzat. Zalantzarik gabe, funtsezko aurrerapena da industria-ingurune seguruagoak sustatzeko, bai estatuan, bai nazioartean”, nabarmendu du Marta Castro Digital Labseko zuzendari eta Tecnaliako Zibersegurtasuna Ebaluatzeko Laborategiko arduradunak.