
Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak bost laborategi sustatu ditu sektore elektrikoa bultzatzeko helburuarekin: Elektrikoetako Zibersegurtasun Laborategia, Cyber-Rangeen Laborategia, Automozioko Zibersegurtasuneko Laborategia, Blockchain Laborategia eta Ekipamendu Elektrikoen Zibersegurtasunaren Ebaluaziorako Laborategia. Horiek guztiek osatu dute ikerketa zentroak "laborategi handitzat" jo duena, eta Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan sakabanaturik daude, 1.000 m2ko eremuan.
Laborategi bakoitzak bere lan ildoa du: Elektrikoetako Zibersegurtasun Laborategiak gaitasuna du sektorearen gorabeherak simulatzeko, eta beraz, probak egiteko balioko du; Cyber-Rangeen pertsonen formakuntzarako eta entrenamendurako tokia izango da; automoziokoak ahalbidetuko du ibilgailuen komunikazioetan zein eraso-puntu izan daitezkeen aztertzea, horiek murrizteko; blockchainekoan probak egin ahalko dira datu industrialen subiranotasunaren kudeaketarako sistemekin, edo energia-, fabrikazio- edo automobilgintza-sektoreetarako trazabilitate-plataformekin; eta azkenik, Ekipamendu Elektrikoen Zibersegurtasunaren Ebaluaziorako Laborategiaren eskutik ekipamenduen zibersegurtasuna ebaluatu ahalko da landa-instalazioa egin aurretik.
Zentroa abian bada ere, bi egiaztagiri jaso beharko ditu ENAC Egiaztatze Erakunde Nazionalaren kontrol industrialeko sistemen eta haien garapen-prozesu segurua guztiz ziurtatu ahal izateko. Ondo bidean, ISO 17025 arauaren araberako egiztagiria izango du datozen hilabeteetan, eta ISO 17065 arauaren araberakoa urte amaierarako.