Zibersegurtasuna edota robotika lantzeko ikasgela sortu dute Ikerlanek eta EHUk

Eva Ferreira EHUko errektorea Ikerlanek Arrasaten dituen instalazioetan izan da gaur goizean

Argazkia: Ikerlan Argazkia: Ikerlan

EHUk eta Ikerlanek hitzarmena sinatu dute gaur, punta-puntako azken teknologiak garatuko dituen ikasgela bat sortzeko. Zibersegurtasunean, robotikan, adimen artifizialean edota konputazio kuantikoan ikerketak egiteko espazioa izango da, eta Unibersitatea – Enpresa – Gizartea UPV/EHU – Ikerlan Ikasgela izena ezarri diote.

Arrasaten, Ikerlanen instalazioetan eman dute akordioaren berri. Bertan izan dira Eva Ferreia EHUko errektorea eta Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusia. EAEk “teknologia disruptiboetan edo berrietan dituen gaitasun zientifiko-teknologikoak indartzea” da hitzarmenaren helburua.

Hala, Ikerlanek EHUrekin lankidetza indartu nahi duela azaldu du, unibertsitateko ikasleak doktoretza tesien, master amaierako lanen eta gradu amaierako lanen bidez prestatzeko. Horrez gain, teknologia zentroak aukera emango die ikasleei ekipamenduarekin laborategietan lanean aritzeko.

Ferreiraren hitzetan, “ikasgela honek unibertsitate publiko gisa gure misioa indartu eta sendotu egiten du, abangoardia zientifikoko arloetan kalitate bikaineko prestakuntza eskaintzeko, hala nola zibersegurtasunean, robotikan, adimen artifizialean edo konputazio kuantikoan”.

Ikerlaneko zuzendari nagusiak bestalde, EHUrekin urte askoz garatzen ari diren lankidetza “indartzeko eta egituratzeko” balio du akordio honek. “Gure barne-langileak zaintzeko eta indartzeko estrategiaren barruan talentua erakartzeko aukera interesgarria da; gainera, gure enpresa-sarearen lehiakortasunerako funtsezkoak diren eta sinergiak funtsezkoak diren lan-esparru bateratuetako ikerketari bultzada bat da”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK